blogak

Eibar.org

Hertzainak dela eta, 50 urteen bueltan dagoen baten gogoeta, aldarrikapen eta eskakizun zenbaitzu

Joan diren asteetan, gure euskal txokotxoko gertakari garrantzitsuenetakoa izan da, zalantzarik gabe, Hertzainak-eko Josu Zabala eta Garik talde mitikoaren abestiekin Kafe Antzokian eta Euskaldunan emandako kontzertuak. Han egon ginenok TxioHerria bete genuen argazkiz, bideoz eta emozioz. Eztabaidatxoak ere sortu ziren komentarioetan: ez dela ordukoa moduko musikarik egiten honek eta ez dela horrenbesterako hark; garai haietan kriston martxa zegoela batzuk eta sasoi ilunak zirela beste batzuk; nostalgiko hutsak garela urliak, nostalgia baino gehiago izan zela sandiak eta nostalgia apur batek zer duen txarra berendiak... Eta horiek guztiak xuabeak izan dira batez ere gure belaunaldikoen arteko kontuak izan direlako. Jende gazteagoa, gure seme-alabak eta, Instagram-en daude eta ez txiolandian justu gure gaiak ez zaizkielako axola eta gu gehiago agoantatu behar ez izateko, baina elkarrizketan parte hartuko balute, esango ligukete ez flipatzeko, musika hori en plan zarata besterik ez dela, ez brasa emateko eta bakean uzteko eta hil gaitezela jada...

Eztabaida intergenerazional hauek normalak dira. Gu gazteak ginela eztabaida bera izaten genuen gure gurasoekin. Eta haiek, gaztetan, gauza bera haienekin. Orain gu gara zahartzen ari garenak eta gazteagoekin horrelako diskusioak ditugu.

Baina ez du merezi tematzeak eta erresumintzeak. Izan ere, gaia lasaitasunez eta objektiboki aztertuz gero, ikusiko dugu ez dela zuzena pentsatzea “gure garaiak” edota “gure musika” beste garaietakoak baino hobeagoak direnik. Guztiek garai guztietan hori pentsatu badute, ezinezkoa da guztiek arrazoia izatea. Erlijioak bezala da, justu denek uste dutelako beraiena dela jainko benetako eta bakarra ezin dute denek arrazoia izan, eta ez dago motiborik pentsatzeko erlijio batek beste edozeinek baino aukera gehiago duenik egiazkoa izateko. Dagokigunari itzuliz, guztiek arrazoia izateko modu bakarra da garaiak eta musikak beti hobera egiten joatea denboran zehar eta horregatik garai bakoitzeko gazteek arrazoia izatea aurrekoekin alderatuta, baina orduan arrazoia galtzen dute zahartzean eta ondorengoekin konparatuta... Kontraesana dago horretan ere, beraz ezinezkoa da.

Eta, aldi berean, gauza erabat naturala da norberarentzat bere gazte garaia eta gaztetako musika bereziak izatea. Gaztea zarenean gaztea zara, joe. Garaitezina zara eta dena duzu posible. Lagunekin eta lagunentzat bizi zara, irekia zaude esperientzia basati eta musika berriei. Zientziak ere dio gazte garaiak direla hobekien gogoratzen ditugunak, gazte garaiek beti luzeagoak diruditela eta gure burmuinak, defentsa-mekanismo gisa edo, gauza onak gogoratzen dituela txarrak baino gehiago. Gure gazte garaiek gauza txar asko izan zituzten, eta gure gurasoenek zer esanik ez. Baina kristoren martxa zegoela gogoratuko dugu guk, eta Frankoren aurka batuta ginela beraiek... Berdin musikarekin: onarekin batera garai guztietan egon da gauza txar asko ere, baina onarekin soilik akordatzen gara. Eta geroago etorritako musiketara oso irekiak egon gaitezke (ez naiz horietakoa, aitortzen dut), baina gazte garai mitifikatuetan ezagututako eta bizitako musika beti eramango dugu bihotzean.

Beraz, utz ditzagun eztabaida antzuak. Ez gaitezen saiatu besteak konbentzitzen gure musika edo denbora hoberenak zirenik. Baina beste aldetik ere, utz diezaiotela zaharragoek edo gazteagoek guri beraienak hobeak zirela esateari, norberarentzat bere garaikoa berezia da eta kito.

Eta irudipena dut gure aurreko belaunaldikoek asumitu dutela hori eta horri esker lasaiago bizi direla. Beti bere batailatxoekin gora eta behera dabilen “abuelo Cebolleta”-ren irudia okerra da agian, uste dut gure adinekoak garela gazteei gure garaien kontuekin etengabe aspertzen gabiltzanak. Nagusiagoak ez dira saiatzen gu konbentzitzen beraien garaiko musiken bikaintasunaz, baina aldi berean argi dute beraiek hori atsegin dutela. Eta euren aisian, neurri batean behintzat, musika horretaz disfrutatzeko aukera ematen zaie eta izaten dute: Mediterraneoko neguko egonaldietan hoteletako guatekeetan, gure telebista publikoko larunbat gauetako mariatxi emanaldietan, herriko jaietan rantxerekin, Antonio Machín, Julio Iglesias, María Dolores Pradera eta abarren musikekin antolatzen zaizkien lehengoen moduko berbenetan...

Ez dakit zein adinetan asumitu zuten hori gure gurasoek. Jubilatzean? 60 egitean? Lehenago? Edozein kasutan, gure generaziokoak ez gaude adin horretatik oso urruti, eta hobe genuke berdin egiten hasiko bagina. Gogorra da, bai, azken finean gu ere zahartzarora iristen ari garela onartzea baita. Baina orduan bakarrik utziko diogu gure musika onena zela konbentzitzen saiatzearen alferreko saiakerari, eta benetan merezi duen borrokari heldu ahal izango diogu: ikusaraztea ez gaituztela iritziz aldatuko eta guk gure garaiko musika atsegin izaten jarraituko dugula, eta egungo jubilatuek bezala guk ere etorkizunean gure musikaz gozatzeko aukerak izateko eskubidea dugula.

Hel diezaiogun horri, bada, lehenbailehen. Hasteko, gure exijentziari forma eman beharko diogu. Honelako zerbait izango litzateke: gutako azkena lurpean (edo erraustuta, edo medikuntza fakultateko laborategi batean) ez dagoen artean, noizbehinka 80ko hamarkadako euskal musika entzuteko ekitaldi eta aukerak nahi ditugu. Orduko taldeen kontzertuak ETB-n larunbat gauetan, elektrotxarangak, tributo taldeak, RRV jotzen duten berbena-taldeak... Benidormen ere bai, ahal bada.

Gero eskaera ozen eta gogor eta etengabe errepikatu beharko dugu. Bestela, herri hau eta gure agintariak ezagututa, jubilatzen garenean gure aisia-eskubidea bermatzeko eskainiko digutena Miguel Bosé, Hombres G, Alaska, Olé Olé eta enparauak izango dira. Eta bale, horiek ere nahiko dituzte/ditugu batzuek, baina ez bakarrik. Euskal rock erradikala deitutakoaren garaian hazitakook ere zahartzaroan hori disfrutatzeko aukerak nahi ditugu. Egungo erretirodunek beraien denboretako kantez gozatzeko duten bezainbesteko eskubidea dugu, ez gutxiago ez gehiago.

Edo, ze ostia!, agian gehiago ere bai, ez? (Oraindik pasa den asteko kontzertuaren beroaldiarekin nago, eta objektiboki eta zentzuz eta inpartzialki idazten saiatu banaiz ere, garai edo musika batzuk ez direla besteak baino hobeak edo txarragoak eta mar, mar, mar..., idatzi ahala gora etortzen ari naiz). Aitortu beharko zaizkio euskal rock erradikalari, aurreko belaunaldietakoen eta ondoren etorritakoen aldean, bertakotasun bat, autentikotasun edo freskotasun bat, burugabetasun edo inkonszientzia bat, ez komertzialtasuna ere nahi bada, bilatu gabe ere bere garaian izandako garrantzia eta arrakasta eta horren meritua..., ezta?

Eta beraiekin hasi garenez, bereziki Hertzainak taldea goraipatu behar dut. Pertsonalki, nire gazte denbora guztian oso presente egon den taldea izan da eta guztiz ezinbestekoa izan zen norberaren izaera guztiz baldintzatzen duten urte horietan. 13 urte nituen Hertzainak atera zenean, asko entzun zen lehen disko hura. Punk-rock musika euskaraz entzuten genuen lehenbiziko aldia izan zen. Nik neuk klasekideen bitartez entzun nuen bereziki, gelako txango eta ikasketa-bidaian-eta, baina nintzen mutiko formalarentzat ez zen etxean izan edo entzuteko musika. Bigarrena ere, Hau dena aldatu nahi nuke, jaietan-eta tabernetan sartzera ausartzen ginenetan asko entzun genuen. Eta Salda badagotik aurrera kontzertu askotan izan ginen koadrilakoak, bereziki ni eta beste lagun bat jarraitzaile handiak izan ginen. Zuzeneko kontzertuaren grabaketan egon nintzen eta agurrekoetako batean ere bai.

Hala ere, esperientzia pertsonaletatik harago, ezin ukatuzkoa da Hertzainak taldea ikaragarria izan zela bai musikalki, bai letren aldetik, bai linguistikoki (euskara hain txukun eta ederrean talde oso-oso gutxik egin dute euskal rock-ean), eta beraien eragina izugarria izan zela euskal musikan eta gizartean. Nire beste talde gogokoenetakoa den The Clash-ekin izan zituzten antzekotasun eta paralelismo ugariei (izar gorriaren erabilera azaletan, rock-punk gogorraren hasieratik doinu esperimental eta melodikoagoetara pasatzea, haien I fought the law-ren bertsioa abesten zuten hasieratik eta azken diskoan sartu zuten...), beste bat gehitu behar zaie: talde ingelesa mundu mailan izan ziren eta diren bezala, Hertzainak izan dira eta dira Euskal Herrian “the only band that matters”.

Mila esker Josu, Gari eta Hertzainak talde guztiari, eman zeniguten guztiagatik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07