blogak

Eibar.org

"Basolatik berri onik ez": Orbaizetako arma ola, Nafarroako Erresuma, mitologia...

"Basolatik berri onik ez": Orbaizetako arma ola, Nafarroako Erresuma, mitologia...

Irudia: Joseba Larratxe "Josevisky"

XVII. mendean, Orbaizetako olak Espainiako Koroarentzat armak egiten ditu Iratiko basoaren bihotzean. Nafarroa errepublika gisan berreskuratu nahi duten noble eta herritarrek Urdaxpal dute bilgune, eta olaren ekoizpena beharrezko dute beraien matxinadarako. Eta gatazka horrek erdiz erdi harrapatzen ditu orkaitzak, oihanaren barrunbeetan bizi eta erdi gizon erdi abere diren izaki beldurgarriak...

Hau da 2017ko otsailetik 2020ko ekainera bitartean Xabiroi aldizkarian atalka atera den Basolatik berri onik ez komikiaren istorioa, orain album formatuan argia ikusi eta Xabiroik urtero ateratzen dituen bildumetan 13.a osatzen duena.

Asisko Urmeneta dugu gidoilaria, eta beragan ohikoak diren Nafarroako Erresuma eta euskal mitologia dira gai nagusiak, oraingoan Orbaizetako arma olaren inguruan zentratutako istorioan. Ezinbesteko lana egiten du Asiskok Euskal Herriaren historia ezagutarazten eta mitologia berreskuratu edota berrasmatzen. Dani Fano editoreak eskatu omen zion komiki hau Jose Angel Irigarai, Benito Lertxundi eta bestek famatutako arma ola ezagunean girotu zezala, eta ederki uztartu ditu Asiskok elementu horiek guztiak, genero beldurrezko-historiko-fantastiko-epikoko lanean, fikziotik gure herriaren kontakizuna eta ondarea osatzeko ezinbesteko beste pieza bat sortuz.

Marrazki eta koloreak egiteko ardura Joseba Larratxe Joseviskyri egokitu zaio eta, ohi bezala, primeran bete du lana. Irudi zoragarriak eta pertsonaia harrigarriak irudikatu ditu (ez soilik baina bereziki "orkaitzak" deitutako pertsonaia fantastikoak), eta margo bitxi ezinezkoen bidez koloreztatu.

Egituraz, Xabiroi aldizkarian atalka argitaratzen joan denez, kapituluetako banaketa nabaria dauka, baina aldi berean kontakizun bakarraren osotasuna badauka. Atal bakoitzean arma olako eta garaiko lanbideren bat da nagusi eta haren berri ematen zaigu. Orobat, atal guztiz hiltzen da pertsonaiaren bat. 64 orriz osatuta dago Basolatik berri onik ez komikia. Ezin galduzko luxuzko harribitxia.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07