blogak

Eibar.org

Asiskok "1620, Nafarroa Beheregaina" komikia kaleratu du Nabarralderen eskutik

Asiskok "1620, Nafarroa Beheregaina" komikia kaleratu du Nabarralderen eskutik

Irudia: Asisko

Herri azpiratua izatearen egoerak soilik azal dezake Euskal Herriaren historia eta kondairen inguruan euskaldunok dugun ezezagutza sakona. Kontatzen zaigun historia ofiziala zapaltzen gaituzten estatuenaren barruan kokatzen dena da beti, eta bereziki ezkutatzen zaizkigu gure burujabetzari, jasandako konkistei eta zapalkuntzaren aurkako borrokei buruzko atalak. Horregatik, ezingo diogu inoiz nahikoa eskertu Asisko Urmenetari Euskal Herriaren historia, mitoak, zanpaketa eta heroiak ezagutarazteko egiten dituen komikiak: Erraondo, I am Pellot, biba festa, Gartxot (gerora filmera ere eraman zuena), Eusklabo alaiak, Aztihitza - Xahoren biografikoa...

Bere lan eskerga horren barruan kokatzen da 1620, Nafarroa Beheregaina komiki berri hau ere. Gaztela eta Aragoik XVI. mendearen hasieran Nafarroa Garaia konkistatu ondoren, Nafarroa Beherean iraun zuen Nafarroako erresumak, harik eta 1620an Frantziak indarrez bereganatu zuen arte. Edo, hobe, nahi izan zuen arte, zeren eta Asiskoren komikiaren bidez izango dugu 1617an Pèir Lostau Nafarroako Parlamentuko Presidenteak igorritako protestaren berri zehatza, eta jakingo dugu nola barne-hartze ediktua urtez urte baliogabetu zuten Nafarroako instituzio nazionalek 1789 arte, nola Frantziako Iraultzaren ondoren Asanblada Nazionalera deitu zutenean Nafarroak ez zuen diputaturik bidali bere subiranotasunaren aurkakoa zelako, eta nola 1790ean Frantziak Nafarroako Erresuma bahitu eta desagerrarazi zuen.

Beraz, laster 400 urte beteko dituen inoiz onartu gabeko ediktu nulu horren inguruko kontu hauek eta gehiago dakartza komiki honek, Asiskoren marrazki berezi eta paregabeez eta hitz-joko jostariez baliatuta. Guztiz ezagutu beharreko gure historiaren parte bat, eta benetan ezinbesteko lana komiki hau (Asiskoren beste guztiak bezalaxe).

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07