blogak

Edonola

Zientzian jolasten eta endredatzen (I): Lehengo urratsak

17 urte pasa ditut zientzian jolasten eta endredatzen, hemendik aste gutxi batzuetara bukatuko dudan zikloa. Paper guztiak jada sinatu ditut, hortaz, ez dago atzera egiterik eta ordainpeko ikertzaile izateari utziko diot. Ziklo hain luze bat ixteak bertigoa, tristura eta harrotasunaren arteko sentsazio nahasketa eragiten dit. Eta, normala den bezala, itxierek aukera ematen dute atzera begiratzeko, egindakoa laburtzeko eta baloratzeko. Eta nola bost ostegun barru azken lan eguna izango dudanez, asteko egun aproposena da urte guzti hauek biltzeko. Egia esan, ez dut alderdi eta ertz negatiboei aritu nahi, horri buruz jada idatzi nuen eta gustura idatzi ere. Ez, zintzotasun ariketa bat egin nahi dut nire buruarekin eta zerbitzatu diodan komunitatearekin, egin ditudan ekarpenak bere lekuan kokatzeko. 

Ariketa hau egiteko, zikloko atal nagusiak bildu ditut (ez dizkizuet guztiak aurreratuko, horrela tentsio narratiboa sortuko dugu) eta bakoitzaren testuingurua eta ekarpenen balioa plazaratu nahi ditut. Zera, nire karrera zientifikoaren kontakizun narratibo bat egitea. Beno, egia esan, txapa guzti hauek irakurri nahi ez badituzue, Ana Galarragak ederto jaso zituen nire karrera zientifikoaren gakoak: ez dudala karrera zientifikorik egin nahi.

Ni honetan hasi nintzenean jolasten eta endredatzen hasi nintzen. Eta hori da beti egin dudana, ez dut ukatuko. Gehiago edo gutxiago utzi didate, zailago edo errazagoa izan da nire burutazioak gauzatzea, baina nik gauzak ondo pasatzeko egiten ditut. Hasieran ez nekien non sartzen nintzen ezta nire balioek eta izaerak talka asko eragingo zituenik. Hasiberria zarenean, noski, dena gaztetasunarekin edo eskarmentu faltarekin lotzen da, gainera nire berezko frikitasunak eta jendeak nitaz zuen irudi ez oso onak ez zuen asko lagundu. Baina nire talentuen artean bada ofizio honetarako beharrezkoa den zerbait: lana modu oso sinesgarrian eta zehatzean gauzatzen dudala. Eta, lagunok, agian naizenak  ez du inoiz onarpenik handirik izan, baina egiteko gai naizena, hori bai.

Zergatik diot jolasten eta endredatzen hasi nintzela? Biologia konputazionala ez zuelako inork egiten eta jolasten ikasi nuen. Gainera, nire ikerketa-gaia DNA zaborraren parte diren gene-osagai batzuk izan ziren. Gaur egun badakigu garrantzia dutela baina orain dela 17 urte, ez zuten horrenbeste oihartzunik. Eta, gainera, etxaberetan ikertu nituen. Dena ordenagailu bidez. Gaur egun normaltzat harten dira halakoak, baina garai hartan asko justifikatu behar nuen egiten nuena. Aitzindaria izatearen arazoa. Orain aitzindari izan nintzela aitortu nahi ez badidate ere. Baina nire tesia denon eskutan geratu zen, Tesikerren kontsulta dezakezue eta, gainera, Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariarekin aitortua izan zen euskarari egindako ekarpenagatik. Ezagutzen nautenek badakite inoiz ez ditudala galoiak ateratzen, baina izan, baditut. Eta oso potoloak.

Esan bezala, tesia euskal komunitate osoarentzat ondare bezala geratu da eta horrek euskararen corpusean izan duen eraginarekin. Ekarpen zientifikoari erreparatzen badiogu, tesitik lau artikulu zientifiko atera ziren, bat bidean geratu zen, eta beste sei artikulutan parte hartu nuen modu batean edo bestean. Eta bidean geratu zirenak. Tesiko lanetan zentratuko naiz zeren nire ekarpena horiek dira. Ohar bezala esango dut lan guzti horiek tesia defendatu ostean (ostegun batean defendatu nuen…) argitaratu zirela eta tesiaren defentsara argitaratu gabe joatea oso suizida izan zela. Onik atera nintzen, galdera-erantzunetan nire mailarik onena eman nuelako. Bi ordu luzeko galdeketetan ikertzaile bikaina nintzela frogatu nuen. Zer landu nuen tesitik argitaratutako lanetan? Behien eta zaldien gene-materialean dauden birusen arrastoak eta gainontzeko gene-osagaiekin duten harremana. Hainbat gaixotasunetan ikusi da genometan txertatutako birus horiek aktibatzen direla eta eboluzioan zehar funtzio biologiko berriak eskuratzeko baliagarriak direla. Espezie bakarrean aztertzen badira (gure gizakizentrismoari jarraituta), ez dugu testuinguru eta ezagumendu nahikorik izango jatorri birala duten gene-osagai horien funtzionamendua eta dinamika ulertzeko (espezie guztietan berdin funtzionatzen dute? Espezie bakoitzaren ezaugarriek mugatzen dute bere agerpena? Zein eragin dute genoman? Txertatzen direnean ze garapen dute?). Behiaren eta zaldiaren genomak eskuragarri zeudenez, horiek aztertu genituen sakonean, eta horiei buruz dira argitaratutako lanak. Bidean gelditu zen beste ugaztunekin egin genituen konparaketak. Baina tesia eskuragarri dagoenez, emaitzak hor daude. Pentsa dezakegu ekarpen teorikoa izan zela egindakoa baina bitxikeria bat kontatuko dizuet: gure arloan zientzia-artikuluek bizi-ziklo laburra badute ere, aipatutako lanek (batez ere behian egindakoak) arnas luzekoak izan ziren eta zitak jasotzen jarraitu zituzten argitaratzetik denbora pasa bazen ere. Beste modu batera esanda: hain ondo egin genituen, mugarri izan zirela eta arlo horretan lan egiten dutenak denbora luzez oinarritu zirela emaitza eta ondorio horietan. A, ta noski, ez ahaztu behiak eta zaldiak ekonomikoki oso baliotsuak diren animaliak direla. Horrek ere gako bat ematen digu.

Hortaz, hasteko ez dago gaizki: aitzindaria alderdi eta ertz askotan, lan sendo eta fundamentuzkoa eta nire izaera eta balioak traizionatu gabe. Hori guztiak Bartzelonarako bidea egiten lagundu zidan. Baina hori, lagunok, beste atal bat izango da.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07