blogak

Edonola

Zientzia kontsumitu, kultura kontsumitu

Dakizuen bezala, eman dudan matrakarekin jakin beharko zenukete, aste bat pasa nuen nire urtebetetzea ospatzen. Azaroaren 1ean hasi eta 7an bukatu. #koldotxuk37tour traola erabili nuen istorioak eta pasadizoak partekatzeko; eta, behin bukatuta, tour horren kronikatxo bat egitea bururatu zitzaidan. Ideia urriaren hasieran etorri zitzaidan burura, behin bi ekitalditan parte-hartzeko gonbitea jasota. Berez, “gehien gustatzen zaidana” izenburua jarriko nion, baina azken momentuan aldaketa bat egin nuen.

Irailean kontrako eztarritik joan zitekeen artikulu bat idatzi nuen ikerkuntzan izan dudan esperientzia negatiboaren inguruan. Baina bertan esaten nuen ere egin ditudan bidelagun bikainak eta dibulgazioa arnasguneak zirela. Niretzat nire urtebetetzea egun berezia da, sinbolikoa arrazoi askorengatik. Azken hamazortzi urteetan modu berean ospatu egin dugu etxean: Azaroaren 1ean hilerrietara goaz gurasoen gurasoak gogoratzera, bidean kafe eta tortila-pintxo bat hartzen dugu, eta behin bukatuta leku eleganteren batera goaz bazkaltzera eta nire urtebetetzea ospatzera. Eurek egingo luketen moduan. Ados egon naiteke demasa dela urtebetetzea hiru egun lehenago ospatzea, baina, tira, norberak bere tradizioak sortzen ditu. Eta gure etxean hori asmatu genuen. Eta demasak gara, ez dut ukatuko.

Azaroaren 4ean, bai, urtebetetzea ospatzen dut, normalean afarira mugatzen dena, normalean etxetik kanpo harrapatzen bainau.

Hala ere, aurten berritasun batzuk egon dira. Lehena azaroaren 4ean bertan lagun handi eta bikain batekin txakoli batzuk hartu nituela.

Bestea, azaroaren 5ean eta 7an zientziaz hitz egiteko aukera eman zidatela, Elhuyarrek eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak hurrenez hurren. Aurten nire urtebetetzea gehien gustatzen zaidana egiten ospatu dut: giro ezin hobean jaten, edaten eta zientziaz hitz egiten.

Lehen hitzaldia Wolfram Deuna ekitaldi bihurrian eman nuen. Bost minutuko bakarrizketa. Kakaren inguruan. Eskatologikoa nahi baduzue, baina nire lana kakarekin oso harreman estua duenez, tira, tripen genetikan lan egiten dut, aproposa iruditzen zitzaidan. Nire lanaren ertz bat beste modu batean plazaratzeko. Bristol eskalaaitzakia hartuta komuneko kontuetaz aritu nintzen. Gustura gelditu nintzen, komunera noanean bezala. Taularatu ziren beste zazpi artistekin (Idoia, Josu, Lorea, Nagore, Josu,  Oskar eta Jone) primeran pasa nuen eta Mirari aurkezle bikaina izan genuen. Urtebetetze-erresaka pasatzeko planik onena, dura izpirik gabe. Eskerrik asko Bergarako jendeari eta, batez ere, Anari eta Alaitzi gonbidatzeagatik. Eta Iratiri etortzeagatik eta bidean konpainiagatik.

Bigarren hitzaldia Jakinduriek mundua erreko dau (= Bertsozientzia) ekitaldi bitxian eman nuen. Hamar minutuko dibulgazio-hitzaldia. Zientzia Kaieran bakailaoaren gene-egiturari buruz idatzi nuen artikuluan oinarrituta. Bilbon izanda, bakailaoaz izan behar zuen derrigorrez. Beste bi zientzia-hitzaldi (Jon eta Inma) eta bi bertsolari (Uxue eta Igor) Kikek zuzenduta. Ederra izan zen tourraren bukaera. Ostieguna izateko ez zen plan txarra izan, kotxeko gurpila zulatu zitzaidala konturatu ostean. Eskerrik asko euriari aurre eginez etorri ziren ikusleei eta, nola ez, Uxuneri marroi eder hauetan sartzeagatik.

“Eskerrak baita ere. Batez ere halako egunetan etxean gelditzea askoz ere erosoagoa delako, honaino etortzea baino. Gainera, hori, bertsoak entzutea beti erosoa da eta ondo dago, baina tipo batzuei zientziaz hitz egiten entzutea… ba eskerrik asko, ez? Kontatu dudana, Zientzia Kaiera blogean idatzi nuen istorio bat da. Hilero idazten dut, egunero badituzue gauzak bertan irakurtzeko. Eta eskertuko nizueke, mesede moduan, edo nahi  baldin baduzue etxerako lan moduan, eskatu nahiko nizueke, kultura kontsumitzeko, zientzia kontsumitzeko, zeren bai kultura zientzia da eta zientzia kultura da. Zeren gezurra ari du eta munduak ez du jakinduriek erreko, beste gauza batek erreko du. Eta zuek behar-beharrezkoak zarete, ezinbestekoak zarete, hori ez gertatzeko. Mesedez, zientzia eta kultura kontsumitu. Eskerrik asko.”

Ekitaldi horren agurrean artikulu honi izenburua jartzen dizkion hitz horiek bota nituen (transkribatu ditut, baina estekatutako bideoaren bukaeran entzun ditzakezue). Orain hobeto azalduko dut kontu hori.

Aspaldian buruan dudan kontu baten ondorio da. Ez dut inor harrituko esaten badut zientzian lan egiten dugunok dibulgatu behar dugula. Ez dakit zenbatetan esan dudan eta horri buruz askotan idatzi dut. Zientzia plazaratzeko ahalegin handi bat egin behar dugu, jendarteak ikus eta uler dezan egiten duguna. Nire kasuan, jendeartea genetikan alfabetatzeko. Ez nagusitasun nazkagarri batetik, baizik eta apaltasunetik eta zintzotasunez, aurrerakuntzetan mundu guztiak parte har dezan eta goza ditzan. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak bere 27. Ataleko lehen puntuak dioen moduan.

Horretarako, bai, dakiguna kontatu behar dugu. Baina baita ere beharrezkoa da hori jasoko duzuen pertsonak hurbiltzea, entzutea eta parte-hartzea. Plazara joan behar dugu, erakarri behar zaituztegu, bai, baina etorri, etorri behar duzue. Momentu honetan genetikaz interesa duen euskaldun batek ezin dezake esan hornituta ez dagoenik. Izan ere, azkenaldian nire dibulgazio-lana “bakarrik” da gene-albisteak testuinguruan jartzea. Ze kontatu beharreko gauza gehienak jada eskuragarri daude. Beti falta da zerbait baina, ez izan dudarik, hori ere eskuragarri izango duzue.

Zientzia eta kultura kontsumitzen duten pertsonek armarik boteretsuena dute eskuetan: ezagumendua jakinduria bihurtzea. Zientzia eta kultura kontsumitzen duen gizarte batek erabaki hobeak hartuko ditu. Hanka sartuko du ere, baina beste mota bateko hanka-sartzeak izango dira. Klima-aldaketa industria amerikanoaren aurka txinatarrek asmatutako kontu bat dela esatea ez litzateke dohain aterako gizarte jantzi batean. Pertsona-taldeak ezaugarri jakin bategatik erasotzea ez litzateke onartua izango gizarte kultu batean. 

Hortaz, mesedez, zientzia eta kultura kontsumitu. Asko dugu jokoan: planeta bat eta bertan bizi garen bizidun guztiak. Ez baditugu zientzia eta kultura irensten, jai daukagu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07