blogak

Edonola

Udak genetikan eman duena

Iraileko ekinokzioarekin batera nire hibernazioa bukatzen da eta Edonolara itzultzen naiz genetika mundu guztiari ulergarri eta erakargarri egitera. Edo behintzat saiatzera. Lasaitasun eta opor garaia bada ere, udak hainbat berri interesgarri utzi ditu genetikarekin lotuak. Zientziak ez du inoiz atsedenik hartzen.

Batzuk uda horrela pasatzen dugu. Urte osoan zehar bezala, kafepintxo batekin

Udan genetikan izan dugun berririk garrantzitsuena edizio genomikoan izan dugun aurrerapausua izan da. Hain garrantzitsua, oporretan banengoen ere, Info7ko Karelean izan nintzela berriaz hitz egiten. Halako berriekin gertatzen den bezala, aurkikuntza puztu egin da baina, ez, momentuz ez ditugu gaixotasun genetikoak sendatuko. Egia da edizio genomikoan aurrera pausu bat dela, arrakasta-tasa emendatu da eta espezifikotasunean irabazi da. Baina, kontuz, hobekuntza hauek aldatu duten geneari dagozkio, bere ezaugarriengatik editatzea “errezagoa” baitzen. Ikusteke dago beste geneekin hain ondo funtzionatuko duen. Edo agian dena ez da hain argia, emaitzei buruzko dudak agertu baitira. Gainera ezin daiteke ahaztu gaixotasun genetiko askoren gene-erantzulea(k) ezezaguna(k) d(ir)ela. Korapiloa handia da gai honetan eta bide luzea dugu aurretik. Baina, udako beste berri batek ekarri digun bezala, edizio genomikoa hemen dago eta merkaturatzeko baimenak jasotzen dituzte.

Nabarmenduko nukeen beste berri bat minbiziarekin lotuta dago. Egia esan bi berri dira, bata bestearen atzetik argitaratuak, minbizien genetikan sakontzen dutenak. Batak metastasia ikertzen du, besteak tumoreek izan dezaketen garapena. Biak genetikak ematen dituen lanabesei esker. Horrela metastasien oinarri genetikoak aztertu dituzte, hots, tumoreek gorputzetik bidaiatzeko gaitasunaren geneak zeintzuk diren aurkitu; eta besteek tumoreetan aktibo dauden geneen arabera tratamenduek izango duten arrakasta aurreikusi eta, hortaz, minbiziaren tratamendua egokitu. Dena publikoki eskuragarri. Pausu oso interesgarriak.

Baina berri guztiak ez dira garrantzitsuak edo berebizikoak izan. Badira frikiagoak diren berriak baina kutsu oso interesgarria dutenak.

Bata erleen bereizketan jaten dituzten landareen osagai genetiko batek eragiten duela da. Hau ikaragarria da, bi erreinu ezberdinetako espezieen arteko kontrol genetikoa. Nire buruak eztanda egiten du honekin. Zeren, ufa, hau epigenetika maila berri batera eramatea da eta kontzeptualki barneratzea neketsua da.

Bestea 215000 pertsonen material genetikoa aztertu dutela gizakiok nola eboluzionatzen ari garen aztertzeko. Eta gehiago bizitzeko aldaera genetikoen aldeko hautespen naturala dagoela ikusi dute. Beno, mikroeboluzioa da hau, bi belaunaldi besterik ez direlako. Baina pentsa 215000 pertsonen genomak aztertu dituzte! Harrapazank!

Niretzat udan izan ditugun berrien artean aipagarrienak hauek izan dira. Udazkenak dakarrena ikusiko dugu eta hona ekarri. Ongi etorriak Edonolaren 5. zientzia-denboraldira!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07