blogak

Edonola

Norbaitek esan behar zuen

Irail honetan 15 urte betetzen dira EHUko genetikako laborategian hasi nintzela. Orduan ez nekien, baina nire ikertzaile-karreraren abiapuntua izan zen hori. 15 urte beranduago ezin dezaket esan karrera horren esperientzia positiboa izan denik, kontrakoa baizik: frustragarria, nekagarria eta, batzuetan latza, oso latza. Bai, gauza onak egon dira: bidean egindako lagunak eta dibulgazioa. Baina horiek ez dira ikertzaile-karreraren parte, askotan trabatzat jo daitezke, eta ez ditut inoiz karrera zentzugabe horren parte bezala hartu, bizitzako eta bizitzeko arnasguneak bezala baizik.

Orain dela 15 urte emandako lehen urratsak, nola ez, ordenagailuekin lotuta izan ziren. Aitzindaria. Eta horrek sortzen dituen arazoak: galderak erantzuteko ez zegoen inor eta, orduan, sarean ez zegoen hainbeste informaziorik; friki/bitxorraro bat bezala hartzen zaituzte (kontraesana azpimarra nahiko nuke: nahiko frikia den ogibide batean horrela ibiltzea…) edo, zuzenean, zure lana bigarren mailakotzat jotzen dute. Baina grinak eta ilusioak oztopoek baino gehiago pisatzen dute. Urte hartan bazegoen diru-laguntza bat eskatzerik karrerako azken urtean laborategi batean ibiltzeagatik. Nire nota ez zen eskatzeko minimora heltzen. Nire ikertzaile-karreran beti aurkitu dudan arazoa: inoiz ez naiz nahikoa.

Gero tesia egitea egokitzen zen. 2005ko bukaera. Hasieran ez nuen egiteko intentziorik zeren, tira, nituen notekin nola onartuko zidaten doktore-programa batean? Eta bekak eskatzeko, gauza bera, ez nintzen minimoetara helduko. Baina animatu nintzen, oraindik grinak eta ilusioak pisu gehiago zutelako, eta, beno, behin lizentziatura bukatuta, beste alternatiba hoberik ez nuenez, aurrera. Tesiak euskaraz idazteko bekak nota minimorik behar ez zuenez, horretara aurkeztu nintzen. Garai hartan ez zen diru asko baina, tira, behintzat tesia egin bitartean babestxo bat izateko. Itxaron-zerrendan gelditu nintzen. Azkenean, ukoak medio, eskuratu nuen. 2006.ko urtarrila zen eta lasaiago tesia gauza nezakeen. Beste inork egiten ez zuen gai batean, beste inork erabiltzen ez zituen lanabesak erabilita eta hizkuntza minorizatu batean. Erronkak gustuko ditut. Edo masoka bat naiz. Urte horietan denetatik egon zen: momentu oso onak, momentu normalak, momentu oso txarrak. Tesia inor prestatuta ez dagoen emozioen errusiar mendi bat da. Inoiz bukatuko ez den errusiar mendi bat edo edozein momentutan errailetatik aterako dena. Bakartia. Bizi izan duenarekin partekatu ezin duzulako, esajeratzen ari zarela / bere garaian kaskarragoa zegoela argudiatzen baitu; ulertu ahal zaituenarekin partekatu nahi ez duzulako, berak duenarekin nahikoa baitu edo lotsatu egiten zarelako; eta partekatu ahal duzunarekin gauzak kontatzeari uzten diozu, ez baitu ulertzen pasatzen ari zarena. Ikertzaile-karreraren aperitifa. Azken hilabeteetan, kotxea etxetik pixka bat urrun aparkatzen nuen etxera arin ez heltzeko, indar pixka bat hartzeko. Frenoari eman, motorra itzali, eta eskuak bolantean nituela buruarekin ezetz egiten nuen. Bukatzekotan, ez baitzen inoiz bukatzen, tesiak ez zuen ondo bukatuko. Kotxetik atera, gauzak jaso eta buruarekin ezetz esaten jarraitzen nuen hainbat metro. Horregatik etxetik urrun aparkatzen nuen. Horrela, etxera heltzerakoan, txarto pasatzen ari nintzela ikusiko zuten, baina ez benetan pasatzen nuen beste. Istorio hau bakarrik asko estimatzen eta errespetatzen dudan pertsona bati kontatu nion. Gertatu eta zazpi urtera. Orain lehen aldiz publikoan kontatzen dut, garai hartatik ia hamar urte pasa direnean. Lotsagatik. Edo ahaztu nahi nuelako. Azkenean dena ondo atera zen, grinak eta ilusioak pisu gehiago dutelako, tesi polit bat egin nuen, defentsa dotorea izan zen eta oso harro nago egin nuen lan guztiaz. Beti onik ateratzea lortzen dut. Baina gastu emozionala handia izan zen.

Behin tesia bukatuta, bi urtez Bartzelonara joan nintzen lehen doktore ostekoa egitera. Bi urte zoriontsu izan ziren. Oso zoriontsuak. 2010ko urria – 2012ko iraila. Lan asko egin nuen, zientziaz gehien ikasi dudan garaia izan zen. Pertsona ikaragarriekin lan egin nuen, zientzia eta zientzia ez dena azaldu eta kafe eta birra asko egin ere (bai, esaldiak ez du zentzurik katalanakadak sartu ditut eta; azaldu = kontatu; birrak egin = birrak hartu). Grinari eta ilusioari leku eta momentu egokiak batu zitzaien. Horregatik Euskal Herrira itzultzeko aukera zabaldu zitzaidanean, itzultzea erabaki nuen. Banekien nire denbora bertan mugatua zela eta hobea zela orduan bukatzea, gauza onak bere gainbehera hasi aurretik bukatu behar baitira. Hiru agur festa egin zizkidaten, asko estimatzen nindutelako (katalanez estimar maite da, estimatu berbak indar gehiago hartzen du horrela), agian nitaz libratzen zirelako pozik zeudelako. Ordukoa da asko eragin zidan esaldi bat, hitzaldi batean bota nuen kontu bategatik (“zientzia kozinatzea bezalakoa da: bakoitzak bere ukitua ematen dio, etxean eginda, maitasunez eginda eta familia eta lagunekin partekatuta, gozoagoa da”), lankide batek zera esan zidan “Norbaitek esan behar zuen. Eta asko pozten naiz zeu izatea esan duenak”. Nire harridurarako, esaten nuena balioa zuen. Banekien inoiz ez zirela baldintza horiek berriro emango, inoiz ez nintzela hain zoriontsua izango eta horregatik ere egin nuen: lan hau egiten zoriontsua izan nintzen leku mental batera itzuli ahal izateko. Babesgune hori askotan erabili izan dut horrezkero. Eta Bartzelonara itzultzen naizen bakoitzean hunkitu egiten naiz. Beti izango da la meva casa.

2012ko urrian nire ikertzaile-karreraren fase berri bat hasi nuen, Euskal Herrian gelditzeko itxaropen handiekin. Itxaropenak hilabete gutxi batzuk iraun zitzaizkidan. Urte t’erdira langabezian nengoen. 2014ko martxoa zen hori. Urte horretako irailean lana lortu eta bi urte t’erdi egon nintzen, baina azken hilabeteak oso arraroak izan ziren, momentu batzuetan oso gogorrak, eta, azkenean, kontratua bukatu zitzaidan sosik ez zegoelako. Hortaz, 2017ko martxoan orain nagoen lekura joan nintzen. Azken hiru urteetan lau kontratu ezberdin izan ditut. Hilabetearen bukaerara heltzen banaiz, denbora gehien iraun dudan lana. Zazpi urte behin-behinekotasunean. Zazpi urte aurkeztutako proiektuek ezetza jasotzen. Zazpi urte nire postua pixka bat egonkortzeko deialdi guztietan ezetza jasotzen. Eta ez du aldatzeko itxurarik. Ezetzak jasotzera ohitu naiz, inoiz ez bainaiz nahikoa. Iruzurtiaren sindromearekin dantzatzen etengabeki. Nire ikertzaile-karrera desastre bat da. Porrotetik gertu. Bai behintzat hori neurtzeko erabili ohi diren parametroak erabiltzen badira. Eta ideia horrekin egunero bizi behar naiz: ez naiz egokia ikerkuntza-sistemarako, arrakasta izan nahi badut aldatu beharra daukat. Guzti horri aurre egiteko grina eta ilusioa nahiko izateari aspaldi utzi zioten. Hau inertziaz egiten dut, mertzenario hutsa.

Ez naiz lehiakorra. Ez izaeraz ez curriculum-ak neurtzen diren moduan. Ez dut inoiz irabaztearen behar hori sentitu. Onena izatearen obsesio hori arrotza egiten zait. Egiten dudan hori ondo egitea eta hori egiten egokia izatea nahikoa dela iruditzen zait. Ona izatea, egokia izatea, ez dut beste inor baino gehiago izan behar. Eta benetan esanguratsuak diren gauzak egin nahi ditut, niretzat garrantzitsuak diren gauzak egitea, ez postu bat lortzeko behar dena egitea. Behin prozesua pasata, unibertsitate-plaza bateko epaimahaikide batek komentatu zidan dibulgazioa egitea ondo zegoela baina horrek zero koma zero zero zero bat puntu ematen zituela, hobe nuela hori alde batera uztea eta beste kutxatilak betetzen joatea, karreran aurrera egin nahi banuen behintzat. Dakizuen moduan dibulgatzen jarraitu nuen, nire karrerarako kaltegarria izan badaiteke ere, niretzat zientzia zabaltzea ez dakit zein ergelkeriaren ziurtagiria edukitzea baino garrantzitsuagoa delako. Baita ere, karrera honetan, babesle onak edukitzea garrantzitsua da; erabakiak hartzen dituzten pertsonen artean begikoa izatea. Beti susmatu dut ez zaidala serio hartzen edo deserosoa naizela, nire lehentasunak beste batzuk direlako. Erderazko esaerak esaten duen bezala aitabitxirik gabe ez zara bataiatzen. Eta ni ateo jaio nintzen. 

Dena batuta, nire izaera, nire printzipioak, ikertzaile-karrera maldatsuagoa izan dut. Erdia lortzeko bikoitza lan egin dut. Egindako lan asko kaxoietan edo zakarrontzian  bukatu dute; eta egindako beste askok ez dute ikertzaile-lehiaketa honetan punturik ematen. Ez dut ikerkuntza-sistema honetarako balio. Bakarrik bizirik iraun dezaket baina inoiz ez eroso egon. Presoak kartzela bere etxetzat inoiz jo ezin dezakeen bezala.

Aitortzen dut azken urteetan ikertzaile-lana uztearen idea askotan pasa zaidala burutik. Izan ere, batzuetan kontratuak bukatzea atseden bat zen: “Beno, Koldo, ba hau bukatu da. Orain beste plan bat bilatzera”. Tristura bai, baina lasaiago. Baina, lagun batek behin esan zidan bezala “ez dakigu besterik egiten”. Hiperespezializazioaren tranpa: behin sartuta ezin zaitezke atera, ez bada zerotik hasita. Beste edozer egiten jakingo banu, ziur nago ikerketa-karrera/lehiaketa utzita nuela. Baina jarraitu dut. Besterik egiten ez dakidalako, burugogorra naizelako, erresilientzia handia dudalako eta zientziarekiko dudan grina eta ilusioa handia delako. Batzuetan guzti hori nahikoa ez bada ere. Egun horiek latzak dira. Guztiz.

Nire burua zientziagintzaren langiletzat dut, ez karrera bat irabazi behar duen lehiakidetzat. “Talentua erakarri”, “zientziaren elitea” eta enparauak irakurtzen ditudanean mingarria egiten zait: egunero zientzia gauzatzen dugunok talentua ez bageneuka bezala. Baina, noski, niretzat zientzia ez da lehiaketa bat, niretzat zientziagintza ezagumendua sortzea, gordetzea eta partekatzea da. Patxadaz eta ganoraz. Tira, kozinatzea bezala: norberaren ukitua emanda, etxean eginda, maitasunez eginda eta familia eta lagunekin partekatuta, gozoagoa da. Horrek ikerkuntza-karrera zailtzen didala? Horrela izan dadila. Baina gauez lasai lo egin nahi dut. Zuzen ari naizela sentitu nahi dut. Lortu dudana inor zapaldu gabe lortu dudala jakitea. Egoera ahulagoan dauden pertsonei jazarpenik egin gabe. Hitz batean: gauzak ondo egin ditudala. Eta jakin badakit gauzak ondo egin ditudala bidean maila handiko lagun oso onak egin ditudalako. Eta errespetatzen ditudan elkarte eta erakundeetan estimatzen nautelako. Punturik ematen ez badute ere. Puntuak ematen dituzten gauzak egiten egon behar banuke ere. Nik komunitate batekin eta batentzat zientzia egiten dut, ez dut egiten nire curriculuma loditzeko eta horrela “aditu” kuadrilla baten oniritzia jasotzeko.

Ez naiz ezertaz damutzen. Beno, Bartzelonatik itzuli izana bai, baina gero pertsona bikainak ezagutu ditudanez, hamaika lekutan dibulgatzeko aukera izan dudanez eta UEUko familian etxekotzat nautenez, ba, tira gaitzerdi, ondo egin nuen itzultzearekin. Egin dudan guztiarekin gustura nago. Beno, sufrimendu gutxiagorekin beste bide batetik gauza horiek lortzeko eta egiteko aukera banu, beste bide hori hartuko nuke, e? Zeren ikertzaile-karrerak ez dit poz berezirik eman. Niri bizi-poza ematen didana dakidana herriko plazan kontatzea da, erokerietan parte-hartzea, jende moloiarekin kafepintxoak hartzea eta pertsona bikainekin bazkaltzea eta konspiratzea. Beste zientziagintza bat posible dela pentsatzea, irudikatzea eta eztabaidatzea. Dagoen ikerkuntza-sistema zientziagintza bahitu duelako eta jendea txikitzen duen kakapiloa delako. Eta norbaitek esan behar badu, ba esaten dut eta kitto. Hainbeste sufrimendu pasa ez duen jendea egon badago, hau egiten gozatu duen jendea egon badago, ez dut ukatuko. Sinez eurengatik pozten naiz, bide hau denok bizi beharko genukeen bezala bizitzeagatik. Baina askorentzat latza izan da, latza izaten jarraitzen du eta, horregatik, zientzia egiteko beste eredu bat eraiki behar dugu.

Aurreko denboraldian, blogean, gauzak batzuk eta beste tarteko (batzuk hau irakurrita susma daitezke), ez nuen nahi beste idatzi. Eta sarrera hau, denboraldi honetako lehena izateko, agian kontrako eztarritik joan zaizue. Nire bizipena da. Eta ikasturte honetan, blogean, ikuspuntu eta ukitu pertsonal hori eman nahi dizkiot nire idazkiei, iruditzen baitzait modu aseptikoan konta daitekeen ia guztia jada kontatu dudala. Lehiaketa atzean utzi eta zientziaren hamaika ertzez lasaitasunez aritzeko. Gustoko dudana kozinatzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07