blogak

Edonola

Minbizi kutsakorrak

Minbizia denok ezagutzen dugun gaixotasun bat da. Denok dakigu, akats genetikoen ondorioz, zelulak neurri gabe hazten direla tumoreak sortuta; eta tumore horiek lekuz mugitzeko gai direnean metastasia, minbizia, dugula. Orain gutxi arte ez nekiena, eta guztiz zoratuta utzi ninduena, zera da: badirela kutsatzen diren minbiziak, birus bat baliran bezala.

Lasai, gizakiotan ez dago halakorik. Edo behintzat ez dute halakorik aurkitu momentuz. Adibiderik deigarriena Tasmaniako deabruak pairatzen duen aurpegiko tumoreen gaixotasuna da. Minbizi hau Tasmaniako deabruaren biziraupenerako arazo larri bat bilakatu da, gaixotasun hilkorra baita. Lehen kasua 1996. urtean, Tasmaniako ipar-ekialdean detektatu zen eta, ordutik, mendebaldera eta hegoaldera hedatzen joan da edozein infekziok izango lukeen patroia jarraituta.

By Brendan Epstein, Menna Jones, Rodrigo Hamede, Sarah Hendricks, Hamish McCallum, Elizabeth P. Murchison, Barbara Sch̦nfeld, Cody Wiench, Paul Hohenlohe & Andrew Storfer РEpstein et. al. (2016) doi:10.1038/ncomms12684 http://www.nature.com/ncomms/2016/160830/ncomms12684/full/ncomms12684.html, CC BY 4.0, Link

Baina nola jakin zuten minbizi kutsakor bat zela eta ez minbizia sortzen duen birus bat, agian aukerarik agerikoena dena? Ba tumoreen kariotipoak (kromosomak ikusteko erabiltzen den teknika) aztertu zituzten eta zera ikusi zuten: animalia ezberdinetatik hartutako tumoreek kariotipo berdin-berdina zutela eta kariotipo hau Tasmaniako deabruak duen kariotipotik ezberdina da. Espezie honek 13 kromosoma ditu baina tumore guztiek 14 kromosoma, horietako batzuk espeziaren jatorrizko kromosomekin inolako antzik ez dutenak. Birus batek sortuko balu tumoreen kariotipoak jatorrizkoaren antzekoagoa izango litzateke eta tumoreen artean ezberdintasunak ikusiko lirateke. Baina ez, tumore horiek klonak dira. Indibiduoen artean gertatzen den metastasia.

Orduan, nola kutsatu daiteke minbizi? Ba hori Tasmaniako deabruak duen ohitura baten ondorioz izan daiteke: ezagutzen ez diren bi deabru batera jartzerakoan kosk egiten diote elkarri. Aurpegiak igurtzi egiten dituzte eta horrela tumoreko zelulak indibiduo berri baten aurpegian bukatzen dute.

Are harrigarriagoa dena zera da, 2014an horrelako minbizi kutsakor ezberdin bat aurkitu zutela Tasmaniako deabrutan. Kasu honetan Tasmaniako hego-ekialdian kokatzen den talde batean aurkitu zuten eta arestian aipatutakoarekin harremanik ez du.

Hala ere Tasmaniako deabru gaixoa ez da halako minbizi kutsakorrak pairatzen dituen espezie bakarra. Txakurrek ere berea dute, tumore benereo kutsakorra, baina kasu honetan ez da hilgarria. Eta, kasu honetan, txortan egiterakoan genitalak igurtzi egitean tumore-zelulak kutsatzen dira.

Kasu hauetan tumoreek badute bide argi bat indibiduoen artean kutsatzeko eta metastasia gertatzeko. Harrigarria da tumore hauek igurtzi egiten diren lekuetara egokitzeko mutazioak lortu izana baina, ze arraio, posiblea da. Baina hona ekarriko dudan azken kasuak zur eta lur utzi ninduen: bibalbioetan gertatzen diren minbizi kutsakorrak. Kasu honetan ezagunak dira minbizi kutsakorrak muskuilu, berberetxo eta txirletan eta… ukitu gabe transmititzen dira! Nola lortzen dute tumorearen zelulak indibiduo batetik bestera joatea? Uretan igeri egitez eta gainera biziraun? Dena oso zoroa da. Baina interesgarria, oso interesgarria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07