blogak

Edonola

Kolon eta ondesteko minbiziaren diagnostikoa hobetzeko gene-informazioa erabiltzeak aurretik dituen erronkak

Berrikuspen bat argitaratzea ez zait bere horretan berri bat iruditzen. Noizbehinka, gai baten inguruan dauden lanak biltzea, aztertzea eta ondorio batzuk lortzea egokia da zure jakintza-arloko gai bat kokatzeko. Berez, ez da ezer berria egiten, tira, agian zein ikuspuntu ematen diozun. Zeren, inoiz ez gara neutroak, eta zer nabarmentzen dugun edo zer ez, egoeraren irudi bat edo beste emango du. Egia da ere, iruditzen zaidala dibulgazio-produktuak eratortzeko aproposa izan daitekela, kontzeptu orokor batzuk eta non gauden azaltzeko balio baitu. Ariketa hori egin berri dugu etapa itxiera bezala, kasu honetan kolon eta ondesteko minbizian praktika klinikoa hobetzeko gene-informazioa erabiltzeak dituen erronkak aztertuz, eta argitaratu berri digute.

Kolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da (munduan diagnostikatzen diren minbizien %10a da) eta minbizien artean hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi mota. Ahalik eta lehenago diagnostikatu, biziraupen-aukerak handitzen dira. Hortaz, bere prebentzioa eta diagnosi goiztiarra egiteko baliabideak ikertzea garrantzitsua da. Hori lortzeko dauden gene-geruzak ikertu dira, kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen duten geneak eta funtzio biologikoak ezagutzeko eta, ahal dela, prebentzioan eta diagnosi goiztiarrean laguntzeko. Hala, medikuntza pertsonalizatua esaten zaion hori (diagnosi/tratamendu egokia, pertsona egokiari, momentu egokian) garatu eta modu eraginkorrean gauza daiteke.

Kolon eta ondesteko minbiziak duen ezaugarria da oso anitza dela kasu gehienak zoriz gertatzen diren mutazioen ondorio direlako. Gutxiago dira, aldiz, heredagarriak diren kolon eta ondesteko minbiziak. Hortaz, inguruneak eta bizi-estiloak eragin handia dute minbizi hau garatzeko arriskuan eta aurretik izandako gaitzek eragina dute ere minbizi hau garatzeko aukeretan. Aurreko batean aipatu nuen ezaugarri hauek zailtzen dutela genetikak egin dezakeen ekarpena kolon eta ondesteko minbiziaren ikerkuntzan, baina egin, egin ditu.

Gene-geruzak banan-banan aztertuta hainbat gene eta mekanismo proposatu dira kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen dutenak. Gene-informazioa garraiatzen den geruzatik ondorioztatu dira hainbat gene-aldaerek parte hartzen dutela minbizi honen arriskuan, definizioz, zoriz gertatu diren minbiziak badira ere. Adibidez, guk euskal populazioan egin genuen analisia gene-geruza honen parte izango litzateke. Geruza honetatik interesgarriena da gene-informazio hori erabiltzea pertsona batek daukan arriskua aurresateko. Hainbat eredu garatu badira ere, oso gutxitan ebaluatu dira (bide batez, guk egin genuena gure populazioan) eta ebaluatu direnean emaitzek ├▒abardura nahikotxo dituzte. Gainera, ezkerreko eta eskumako koloneko minbiziek gene-oinarri ezberdina dutenez, hori ere kontuan hartu beharko litzateke. Tratamenduari eta pronostikoari dagokiola, hainbat gene-aldaerek informazio erabilgarria eman dezaketela iradoki da, baina modu zabalean aztertzea falta da balekoak jotzeko.

Geneen funtzionamendua kontrolatzen duen gene-geruzan hainbat generi lotutako kontrol-mekanismoak proposatu dira diagnostikoa eta pronostikoa errazteko. Gainera, horietako batzuk merkaturatu dira eta gida klinikoetan erabiltzen dira, hortaz, gene-geruza honetako osagaiak nahiko erabilgarriak dirudite pertsonalizazioaren bidean.

Zeintzu gene aktibo dauden aztertzen dituen gene-geruzan emaitzak oso aldakorrak dira ikerketaren arabera. Hau da, oso gene gutxi aurkitzen dira komunak direnak lanen artean eta gene-geruza honetan garatu diren ereduak ebaluatzean, beren gaitasuna nahiko mugatuak ziren. Edonola ere, gene-geruza hau erabiltzen da tumoreak sailkatzeko, oso hedatua dagoen sailkapena, hain zuzen ere.

Proteinak barneratzen dituen gene-geruza (hots, ze funtzio biologiko dauden martxan) aurrekoaren antzekoa da: egindako ikerketetan emaitzak aldakorrak dira eta proteina gutxi dituzte komunean. Hortaz, bere erabilera mugatua izan daiteke.

Metabolitoak barneratzen dituen gene-geruzak (hots, funtzio biologikoen ondorioz sortzen diren produktuak), ordea, emaitza nahiko sendoak ditu. Garatu diren ereduak emaitza nahiko onak lortzen dituzte eta bestelako aldagai kliniko erabilita (sexua eta adina, esaterako) ereduak sendotzen dira. Baina argitzeko dago lan ezberdinetan detektatuko metabolitoak berdinak ote diren.

Azkenik, kolon eta ondesteko minbizian duten garrantziagatik, bakterioak barneratzen dituen gene-geruza dago. Aurreko batean hori buruz aritu ginen, hortaz, labur-labur ezaugarririk garrantzitsuenak: aldakortasun handia dago lan ezberdinen artean eta presente dauden bakterioak ezberdinak dira ezkerreko eta eskumako koloneko minbizian eta tumorearen fasearen arabera.

Gene-geruzak banan-banan aztertu beharrean, konbina daitezke informazio gehigarria edota osagarria eskuratzeko. Hala, ikerketa horietan eredu ezberdinak sortu dituzte geruza horietako osagaiak konbinatuta pronostikoa hobetzeko, tratamendua doitzeko eta tumoreen ezaugarriak zehazteko. Gene-geruza bakoitzak ematen duen informazioa aztertuta, lan batzuek ikusi dute bakoitzaren pisua ezberdina dela eta informazioaren zati bat berezkoa dutela eta beste bat beste gene-geruzek eraginda.

Aurrerakuntzak egin badira ere, argi dago ez garela oraindik gai modu eraginkorrean gene-informazioa erabiltzeko modu zehatzean diagnosia, pronostikoa eta tratamendua pertsonalizatzeko. Arazoen eta mugen artean daude: ez direla praktika klinikora eraman gene-geruzetan egindako aurkikuntzak, informazioa aspaldi eskuragarri badago ere; oraindik ez dugula argi gene-geruzen arteko harremana nolakoa den eta, ondorioz, gene-informazioa nola kudeatu; gene-geruzak aztertzeko teknologiaren kostua ez da arrazoizkoa mundu guztiarentzat; eta lanen arteko aldagarritasuna biologikoa ez ezik, metodologikoa izan daiteke. Gainera, ezin dugu ahaztu kolon eta ondesteko minbizia garatzeko arriskuan duten eragina inguruneak eta egoera sozioekonomikoak. Hortaz, aldagai klinikoak eta demografikoak barneratu beharko dira gene-geruzak aztertzerakoan. Egia da ere, teknologia berrien garapena eta merkatzeak, zientzia irekia egiteak eta osasun-arretaren hobetzeak aukera berriak irekiko dituela. 

Laburbilduz, gene-geruzak erabili daitezke informazio baliagarria lortzeko kolon eta ondesteko minbiziaren diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua pertsonalizatzeko. Horretarako, populazio bakoitzen aztertu behar da ze gene-informazio da eraginkorrena ataza honetan eta ideia berriak beharko ditugu informaziorik eraginkorrena lortzeko. Hala, medikuntza pertsonalizatua erabilgarria eta eskuragarria izateko kolon eta ondesteko minbizia duten pertsona guztientzat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07