blogak

Edonola

Kolon eta ondesteko minbizia hiru ikuspegi biologikotatik

Beno, aspalditik dudan (lau hilabete t’erdi baino gehiago!) zor bat kitatzera noa. Zientzia-artikulu baten lehen egilea naizenetan egindako lana azaltzen dut, baina gauza bategatik edo besteagatik lan hau azaltzea atzeratzen joan naiz. Izan ere, beranduago argitaratu zen  hesteetako hanturazko gaixotasunari buruzko zientzia-artikulua lehenago azaldu nuen. Hau marka. Eskerrak kolon eta ondesteko minbiziari buruz egindako lan hau oso polita dela iruditzen zaidala!

Koka dezagun ikerketa gaia. Kolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da eta hildako asko sortzen dituena. Ahalik eta lehenago diagnostikatu, biziraupen-aukerak handitzen dira. Hortaz, bere prebentzioa eta diagnosi goiztiarra ikertzea garrantzitsua da. Aurretik, ikertu genuen ea gorotzetan aurkitzen diren bakterioak eta metabolitoak (gure gorputzetan sortzen ditugun sustantziak) erabilgarriak ote ziren diagnosia egiteko. Baietz ikusi genuen, badaudela hainbat bakterio-talde eta metabolito baliagarriak izan daitezkeenak kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko. Eta gure buruei galdetu genien ea pertsonaren gene-informazioa gehituta zer gertatzen zen. Aztertuko genituen pertsona-kopurua mugatua zela jakinda ere. Baina, tira, animatu ginen; batzuetan ausartak izan behar dugu.

Hala, hiru ikuspegi biologiko uztartu genituen kolon eta ondesteko minbizia ikertzeko: gorotzetan aurkitzen diren bakterioak eta metabolitoak, eta pertsonaren gene-aldaerak. Hiru datu-mota horiek aldi berean aztertzeko aukerari esker, beraien arteko harremanak eta bestelako zehetasunak ikertzeko aukera izan genuen.

Alde batetik, ikusi genuen pertsonaren gene-aldaera batzuk aurreko lanean ikusi genituen bakterio eta metabolito batzuen kopuruarekin harremana zutela eta, aldi berean, kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukerarekin. Hau da, bakterio eta metabolito horien presentziaren atzean dauden mekanismo biologikoak eta kolon eta ondesteko minbiziaren atzean dauden mekanismo biologikoak partekatuak zirela. Gainera, aurreko lanean ikusi genuen, eta aurretik jakina zen ere, kolesterolaren metabolismoak harremana zuela kolon eta ondesteko minbiziarekin. Bada, bi analisi mota ezberdin egin genituen eta harreman hori detektatu genuen ere: kolesterolaren metabolismoan parte diren geneetako gene-aldaeren arteko elkarrekintzek kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukerak handitzen dituzte; eta kolesterolaren metabolismoaren gene-oinarriek eragiten dute kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarrian.

Beste batetik, aipatutako harremanak badaude ere, bere osotasunean hartuta, datu-mota ezberdinetik lortzen den informazioa osagarria da. Nolabait, datu-mota bakoitzak kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukeren zati bat jasotzen du. Hala, hiru datu-motak erabiltzerakoan gaixotasuna garatzeko arrisku-eredu sendoagoak sortzeko gai izan ginen. Hau da, gaixotasuna garatuko dela aurresateko hiru ikuspegi biologiko horiek erabiltzea informatiboagoa da, horietako ikuspegi bat kanpoan utzita baino.

Laburbilduz, genuen lagin kopurua mugatua bazen ere, lan hau egitera ausartzea merezi izan zuen, kolon eta ondesteko minbizian ezaguna denarekin kontsistentea delako eta mekanismo biologiko zentzudun berriak proposatzeko aukera eman zigulako. Ea etorkizunean bide honetatik lan gehiago azaldu ahal dizkizuedan. Eta hainbeste itxaron gabe </div>

<div class=

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07