blogak

Edonola

Jaidura ala aztura?

Zer da garrantzitsuago, genetika ala ingurunea? Urte luzez pendulu baten bezala alde batera eta bestera doan eztabaida. Ingelesek “nature or nurture?” bezala laburtzen dute, baina niri Jean Etxepareren hitzek gaia nola plazaratzen duten nahiago dut (Kepa Altonagari irakurri nizkion “Etxepare Aldudeko medikua” liburuan 21. orrian).

Azturek dituzte jaidurak zabaltzen eta gogortzen


Dotorea, oso dotorea. Ertz eta zirrikitu asko dituen eztabaida bat plazaratzeko modu bikaina.
Nire buruan genetika eta ingurunearen arteko harreman hau artista eta eskultura egiteko duen materiala bezala irudikatzen dut. Esku artean duen materialetik (genetikatik) abiatuta artistak (inguruneak) eragiten du lortzen dena (ezaugarriak, osasuna, gaixotasunak, etab.) lortu arte. Materialak ez badu moldatzeko aukerarik ematen (gene askorekin gertatzen dena) ba artistak gutxi egiteko du bertan (inguruneak ez du eraginik). Materiala malguagoa bada, ordea, artistak eragin gehiago izan du. Baita ere gerta daiteke artistak lehergailu batekin moldatzea eta, orduan, materiala txikituko da, adibidez, ingurunea oso kutsatua badago, genetikak ahal duena egingo du horren aurrean, baina inguruneak baldintzatuko du dena, bizirautea barne.

Eskulturak egiteko artistak materialen menpekoa den bezala, ingurunea geneen menpekoa

Hortaz, nire ustez, ez da bata ala bestea kasu bat. Zientzian arrazoizkoak garela ustea gustoko badugu ere, halako kasuetan mutur bat edo bestea aukeratzeko joera dugu. Batzuk argudio asko jarriko dituzte geneak ihes egin ezin diren patu bat direla defendatzeko;  besteek geneek ez dutela horrenbeste garrantziarik eta ingurunea gakoa dela. Baina enetzat ez dago arau orokor bat, ez dago jaidura ala aztura aukeratu behar, kasuz kasu (ezaugarriak, gaixotasunak,…) elkarrekintzak ezberdinak direlako. Azturek jaiduren gain lan egiten dute, artistek egokitu zaien materialen gain lan egiten duten moduan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07