blogak

Edonola

Itxialdirako genetika (37): Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori

Gaurko pilulara birus talde bat eta bakterio bat ekarri ditut epidemiarik sortzen ez badute ere. Beno, epidemia deklaraturik sortzen ez badute ere. Herpesbirusak eta Helicobacter pylori ez daude patogeno beldurgarrien artean baina gure espeziean oso hedatuta daude.

Herpesbirusak harizpi bikoitzeko DNA birusak dira eta  gizakiok pairatzen ditugun ohiko gaixotasun batzuk sortzen dituzte: 

  • HSV-1 (150 kilobaseko genoma du eta 80 gene inguru) eta HSV-2 (130 kilobase, 80 gene inguru) birusek aho, ezpain eta genitaletako herpesak sortzen dituzte.
  • Barizela Zoster birusak (124 kilobase, 73 gene), bere izenak dioen bezala, barizela eta herpes zosterra sortzen ditu.
  • Epstein-Barr birusak (170 kilobase, 80 gene inguru) mononukleosia eta hainbat minbizi sortzen ditu.
  • Zitomegalobirusak (234 kilobase, 170 gene inguru) mononukleosiaren antzeko gaixotasun bat sortzen du.

Helduon %90ak behintzat hauetako birus batek infektatu du eta infektatutako gehienotan modu latentean gelditzen dira. Bai, herpesbirusak guztiz hedatuta daude gure espeziean, ia denok kutsatuta gaude. Aipatutako gaixotasunez gain, ikerketak martxan daude herpesbirusek hainbat gaixotasun autoimmunetan, minbizitan eta nahasmendutan duten parte-hartzea argitzeko.

H. pylori bakterioa gizakion urdailean egon ohi den bakterioa da. Normalean ez du sintomarik sortzen, baina pertsona batzuetan gastritisa, ultzerak edo minbizia sor ditzake. 1,6 megabasetako genoma du eta ia 1500 gene. Andui ezberdinen 1600 genoma osoak eskuragarri daude, hau da, sekuentziatu dira. Giza populazioaren erdiak H. pylori duela uste da, herrialde artean aldakortasun handiak badaude ere. Gainera, adinaren eta faktore sozioekonomikoen arabera ezberdintasunak daude ere. Esan bezala, normalean arazorik sortzen ez badu ere, andui batzuk patogenikoak izan daitezke, eramaten dituzten gene gehigarrien ondorioz. Izan ere, horietako gene gehigarri batzuk minbizia garatzeko probabilitatearekin lotu dira.

Xelebrea da, ezta? Oso hedatuta dauden bi infekzio ekarri ditugu hona gaur baina ez diegu asko erreparatzen. Zuzenean sortzen dituzten sintomez gain, beste gaixotasun batzuetan eraginen bat izan badezakete ere, oharkabean pasatzen dira. Horrelako zenbat egongo dira… 

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07