blogak

Edonola

Itxialdirako genetika (10): 150 gene-testu

Irakurtzen ari zaren testu hau genetikari buruz idazten dudan 150. dibulgazio-testua da. Kontatu ditudan istorioen collage bat egin nezakeen, hori ere egingo dut ere, baina beste gauza bat azaltzeko: hau egiten jarraitzeko nire konpromezua berresteko.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizut zuri, irakurle, idazten dudan testuren bat irakurtzeagatik. Inoiz ez nuen susmatu jendeak bere denbora hartuko zuenik genetika eta euskaraz irakurtzeko. Hor zaudeten guztioi, eskerrik asko. Espero dut idatzitakoa zeuek asetu izana.

Baita ere eskerrik asko asko pila pila patata tortila beren orrietan idazten utzi nautenei. Idatzi ditudan testu gehienak etxe honetan argitaratu ditut baina bidean lagun onak egin ditut eta bere etxetara gonbidatu naute: Zientzia Kaierak, Elhuyar Aldizkariak edo Etzi.pmk (bertan Irati Romero handiarekin batera) beren ateak ireki dizkidate. Asko estimatzen dizuet nigan jarritako konfiantza.

150 testu hauetan zehar genetikaren ertz guztiak jorratu ditut, bizidunen hein osoa eta hamaika ikuspuntutatik. Denboraldiaren hasieran, oso gogorra izan zen idazki batean, idatzi nuen modu aseptikoan konta daitekeen ia guztia idatzi nuela eta beste ikuspuntu batetik egin beharko nukeela. Baina beti daude istorioak kontatzeko eta, zorionez, modu ez aseptikoan kontatzeko.

Bere momentuan esan nuen egiten dudan honekin nire helburutako bat dela jendartea genetikan alfabetatzea. Gure bizitzetan paper garrantzitsua betetzen duen jakintza-arloa da eta, hortaz, denok eskubidea dugu behar bezala genetika ulertzeko. Azken egunotan ikusten ari garen bezala, orain bizi dugun errealitate distopiko honi aurre egiteko hainbat gako eman daitezke genetikatik. Beti saiatzen naiz genetikari esker dakizkigun gauzen zergatia azaltzen, dituen inplikazioez hausnartzeko gakoak ematen. Zeren “hau horrela da aditu batek diolako” baino antizientifikorik ez dago. Adituok gure arloan zerbait dakigu eta, askotan, ezta hori ere.

Horregatik gustatzen zait hainbeste dibulgatzea, ikerketa den karrera zentzugabe horretan punturik ematen ez badu ere. Beste gauza askoren artean, nire ezjakintasunaz ohartzen nauelako, nire jakinmina bultzatzen duelako eta ideiak antolatzen laguntzen didalako. Genetika nire grina da eta grina hori zuekin partekatzerakoan denok ikasten dugu. Jakintza zabaltzeak duena da: dakienak ez du dakiena galtzen (eta komunikatzen gauza berriak ikasten ditu) eta ez zekienak jakintza hori irabazten du. Denok irabazten dugu, asko gainera. Iruditzen zait, garai hauetan jakintza zabaltzea askoz gehiago preziatzen ari garela. 

Uste dut inoiz ez dudala kontatu zergatik genetika iruditzen zaidan hain liluragarria. Beno, zerbait aitortu behar dut: ez nuen biologia aukeratu genetikagatik eta karrera hasieran genetika ez zen nire gogokoena, hoberen eramaten nuen ikasgaia bazen ere. Istorio onak bezala, gure harremana patxadaz eta su motelean kozinatzen joan zen. Hortaz ez zen egon eureka momentu bat, non esan nuen “hau egin nahi dut”; “zera, ze gauza xelebrea hau” momentu ezberdinak egon ziren genetikaria bilakatu nintzen arte. Zer dauka hain xelebrea genetikak, harrapatzen nauena? Zerbait dakigula uste dugula baina ez dakigula ezer. Gure lana da lau konposatu kimikoz osatutako hizkuntza bat ulertzea. Eta ez gara gai: ulertzen hasten garela uste dugunean, ñabardurak jartzen hasi behar gara eta ulertzen hasten gara uste duguna baino konplexuagoa dela hizkuntza hori. Gene-testu bat ulertzeko oraindik askoz gehiago ikasi behar dugula. Eta hori liluragarria da. Nola ez dut ba honi buruz idazten jarraituko!

Azken kontutxo bat. Azken asteetan COVID-19ari buruz hitz egiteko hainbat komunikabide nirekin jarri dira harremanetan. Eskertuta banago ere, guztiei ezetz esan diet. Egia da, nire CVa ikusita (birusak edota A gripeari gizakion sentikortasuna ikertu ditut; sasiepidemiologia pixka bat egin dut, etab.) gora etorri nintekela eta dakidanetik hitz egiten hasi. Baina hau osasun-publikoko auzi bat da eta ikuspuntu horretatik landu behar da informazioa; eta nire formakuntzak ez dit ahalbidetzen taxuzko dibulgazioa egiten ikuspuntu horretatik. Itxialdian zehar, hemen genetikatik gako batzuk ematen nabil, baina zeharkako kontuak dira, muin den informazioa osatzeko. Guztiok jakin behar dugu zeintzuk diren gure mugak, orojakintsuak ez bihurtzeko. Nire izaera ez dator bat horrekin.

Bukatzeko: bai, genetika zabaltzen jarraituko dut, bai noski!

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07