blogak

Edonola

Guzti honek merezi du

Gaur Edonolak 14 urte betetzen ditu. Urtero bezala konta nezake blog hau harrikada pertsonalak botatzeko hasi zela eta denboraren poderioz zientziarekin eta, batik bat, genetikarekin lotutako harrikadak botatzeko bilakatu nuela. Zera, bada, berriro kontatu dut. Kontua da, merezi al du zientziei eta genetikari buruzko blog bat elikatzeak?

Azken urte hau arraroa izan da. Inoiz baino gehiago idatzi dut blogean, azken aldian erritmoa motela bada ere, pandemia aurreko egoerara itzulita. Blog bat edukitzeak hori baimentzen dit: nahi dudanean, nahi dudan moduan eta inolako konpromezurik gabe nahi dudanari buruz idaztea. Oso eskertua nago eta oso ondo pasatzen dut besteen etxeetan idaztera gonbidatzen nautenean. Baina norberaren etxea bezalakorik ez dago. Ez da bakarrik harrikada hardcoreak idazteko lasaiago egiten dudala, baita ere estiloarekin jolasteko aukera ematen didala. Askotan esan dut: nik ez dut dibulgaziorik egiten, nik zientziaren agitpropa egiten dut. Eta, gehienetan, ez dut tonu aseptiko/neutralean egiten, literariotik pixka bat badute ere. Azken finean nire bizitzan bakarrik hiru lehiaketa irabazi ditut: institutuko ipuin-lehiaketa birritan eta tesiak euskarari egindako ekarpenagatik.

Horrek beste puntu batera eramaten gaitu: merezi al du zientziez/genetikaz idazteak? Ikuspuntu formaletik ez: ez blog honetan idatzitakoak, ez txiolandian idatzitakoak ezta egin ditudan dibulgazio-lan gehienek ez dute balio formalik. Gutxi batzuk balio ekonomikoa bai, baina egin dudan eta egiten dudan ia guztiak ez du ezertarako balio ikerkuntza-karrerarako. Izan ere, beti lan-ordutatik kanpo egin dudan zerbait da, estra bat edo hobby bat nahi baduzue. Baina, tira, nik ez dut karrera bat nahi, nik zientzia ona egin nahi dut; eta zientzia kontatzea zientzia ona egitea da. 

Hala ere, ikuspuntu sinbolokori erreparatuta, dibulgazioa behar-beharrezko zerbait da eta, gainera, pertsonalki betetzen nauena. Ez dakizue zeinen ondo pasatzen dudan hau egiten, batzuetan zaila bada ere. Bere balio sinbolikoagatik: komunitate jantziagoa lortzen da, zientzian ahalduntzea, kultura hedatzea delako; mundu eta aukera ezberdinak irudikatzeko gaitasuna ematen digu indibiduo eta kolektibo moduan; eta ezagumendua denona delako, ez elite edo gutxi batzuena. Egiten dudan lana sinbolikoki oso garrantzitsua dela iruditzen zait, batzuetan oso zaila eta nekagarria bada ere.

Horri buruz ere zerbait esan nahiko nuke. Iaz arte zientziei buruz idaztea frikada galanta zen baina segurua: erdigunean ez zegoenez, ez zegoen oldarkortasun nabaririk. Baina orain arriskutsua da: negazionisten, orojakileen eta agintarien ondorioz zientziak arbuiatzea eta mesprezatzea erraztu da eta, hortaz, jazarpena pairatzen dugu zientziak zabaltzen ditugunok. Twitterren jaso ditudan mezu oldarkor eta gezurtero batzuk ez nituzke jasoko ez pandemia aurretik, ezta sektore batzuk hori egitea erraztu ez balute. Baina, momentuan dena pikutara bidaltzeko gogoak sartzen bazaizki ere, hain zuzen ere, horregatik hau egiten jarrituko dut: zarataren artean mezu zuzen, zehatz eta apalak bidaltzen jarraitzeko. Ez diegu espazio guztia harroputz ezjakin kaskarrei utziko. Komunitateak merezi baitu informazio argia, egiazkoa eta gardena jasotzea.

Hortaz, bai, guzti honek merezi du. Azken urteetan dibulgazioaren alde egin dudan apostuak, zeinaren adierazpen pertsonalena blog hau den, merezi du. Komunitateari ekarpen positiboa ematen diodala sentitzen dudalako. Eta zuen maitasuna, babesa eta estimua sentitzen dudalako, edozein etekin formalak baino askoz gehiago balio duen zerbait dena. Zeren, indibidualismoa eta nik-zer-ateratzen-dut-horretatik garaiotan, komunitatearen onurako, elkarzaintzarako eta ahalduntzerako dakizun apur hori partekatzea ausarta, adeitsua eta iraultzailea izatea da. Eta inoiz baino gehiago, ausartak, adeitsuak eta iraultzaileak izateko garaia da.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07