blogak

Edonola

Genetikari konputazional baten begira adimen artifizialari

Adimen Artifiziala (AA) bolo-bolo dabil azken aldian, batez ere entrenatutako hainbat ereduk testuak eta irudiak sortzeko duten gaitasun ikaragarria dela eta. Gai honi buruz gauza asko idatzi dira (interesgarriak nahiz ke hutsa) eta nire ausardia ez da hain handia horiei buruz aritzeko. Baina gauza batzuk irakurtzean genetikari konputazional bezala déjà vu sentsazioa dut. Azken finean, nire lana azken 17 urteetan gene-datuak algoritmoen bidez prozesatzea izan da, erabilgarriak diren emaitzak eta ereduak sortzeko. Urte guzti hauetan ohitu naiz big data, algoritmo genetiko, sare neuronal eta adimen artifizial bezalako kontzeptuetara, genetikaren ikerketa irauliko zituztelakoan. Baina gauzak ez dira hain errazak, lagun.  

Datuen gobernantza

Genetikaren historia gene-datuen erabilera okerrez beteta dagoenez eta osasunaren ikerkuntzan adibide tamalgarri gehiegi daudenez, ikerkuntzaren oinarri bioetikoak garatu behar izan ziren, Helsinkiko adierazpenean jasotzen direnak. Datuei dagokionez, adierazpen horren garapenaren ondorioz, pribatutasunarekin lotuta eta beste oinarri etikoetan oinarrituta, gure legediak argi uzten du: datuak pertsonarenak dira eta datu horiek edozein momentutan ikerkuntza-lan batetik kentzeko eska dezake, inolako azalpenik eman gabe. Gainera, parte hartzaileek bere baimena emateko, jakin behar dute zeintzu datu eta zertarako erabiliko diren; eta ikertzaileak soilik horretarako erabiliko ditu. Beste erabilera bat egin nahiko balu, baimena eskatu beharko luke. Hori guztia bermatzeko etika batzordeak daude eta lan bat argitaratu nahi bada, zientzia-aldizkariek berme horiek egon direla azaltzeko eskatzen dute. Noski, Interneten dagoena “inorena” dela pentsa daiteke, edo, okerrago, zerbitzu bat erabiltzeko onartu ditugun baldintzetan esatea sortzen dugun den dena zerbitzu horren jabetzan gelditzen dela nahi dutena egiteko. Tira, nire zalantzak ditut identifikagarriak diren datuen kasuan hori legala denik. Badakit guda galdutzat eman daitekela erabilera-baldintzak “onartu” ditugulako; baina datuen gobernantza bideratzeko abagunea dagoela iruditzen zait. Ezin dugu galdutzat eman ideia sinple baina indartsu hau: “nik sortzen dudana nola erabiliko den nik erabakiko dut”. Eta erakundeek hori bermatu beharko lukete neurrigabeko erabilera-baldintza horiek pikutara bidalita.

Gardentasuna

Genetika konputazionalean zerbait ondo egin badugu izan da software askea besarkatzea. Gene-analisi gehienak egiteko algoritmoak eta softwarea irekia eta askea da. Kodea hor dago aztertu eta hobetu nahi duenarentzat, erreproduzigarritasuna bermatzen da eta ikerketan murgilduta dagoen komunitatea da egitasmo horiek bideratzen dituena. Bioconductor, biopython, fitxategi formatu irekiak, pipeline estandarrak, dokumentazioa, datu-baseak,… kutxa beltzik ez dela egongo bermatzen da. Egia da gene-datuak sortzerako orduan kutxa beltzak daudela, gene-datuak sortzen dituzten enpresek programa itxiak dituztelako eta analisiak egiteko beraien plataformak inposatzen saiatu dira, baina zorionez hori ez dute lortu. Analisiak gardenak izateko aukera dago eta gehiengoak erabiltzen duen aukera da.

Gainera, gene-datuak sortzerako orduan egon daitekeen kutxa beltza gainditu egin da formatu estandarrak erabiltzera behartu direlako. Zergatik? Gene-datuak biltegietan modu askean eta formatu estandarretan utzi behar direlako. Bestela ezin dira lan horiek zientzia-aldizkarietan argitaratu. Lasai, honek ez du datuen gobernantzarekin talkarik egiten: parte-hartzaileei hau azaltzen zaie, berme guztiak dituzten biltegiak erabiltzen dira eta ez dira identifikagarriak diren datuak jartzen. Hala, gene-datuak eta horiek aztertzeko prozedurak (erabiltzen diren AA prozedurak barne) guztiz gardenak dira, aitortzekin arazoak egon badaitezke ere eta egoera ez ekitatiboak sortu. Hori zuzendu behar den zerbait da. Baina, oro har, bestelako datuen kasuan erabili daitekeen eredua izan daiteke. 

Hypea

Genetikak bere sorreratik sortu du hypea bere inguruan, kanpotik eta barrutik elikatuta. Eta oraindik sortzen jarraitzen du, adibidez, azken urteetan gene-edizioarekin eta azken asteetan giza pangenomarekin. Baina urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. AArekin sentsazio berdina izaten ari naiz. Dena baino gehiago izatea nahi dugu, edo batzuk hori nahi dute, bederen. Kultura zientifikoa ere denez aurrerakuntzak modu kritikoan aztertzea eta dagokien testuinguruan jartzea, hypeari aurre egin behar zaio. Berdin dio zein arlotan. Kutxa magikoari begira gelditu gara kutxatik zer aterako den zain, ateratzen den hori egokia den aztertu gabe eta horrekin zer egingo den hausnartu gabe. Trukoa hain da polita txundituta gaituela eta kutxatik ze gauza berri aterako den zain gaudela. Baina eredu baten baitan, hau edo bestea sortzea, batzuetan egokia bada ere, hanka sar dezake ere, faltsu positiboak beti dira kezkagarriak. Testuingurua eta bestelako informazio batzuk behar ditugu sortutako hori kontrastatzeko eta egokitasuna bermatzeko. Zeren osasun erabaki bat soilik gene-informazioan eta hori prozesatzeko ereduetan oinarritzeak kalte handiak sor ditzake. Paragrafoan AAz ari nintzela uste al zenuen? Bai, horretaz ere </div>

<div class=

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07