blogak

Edonola

Genetikan jendarte alfabetatua

Blog honetan ohitura dudan bezala, udako solstizioarekin batera, denboraldiko (5.a jada!) azken sarrera egiten dut. Harrikada bat izan ohi dena. Aurtengoa denboraldi hasieran egin zidaten galdera bati helduz egingo dut. Teknopoliseko Atariko Froga egin zidatenean “zer ikustea gustatuko litzaizuke” galderari erantzun bat eman nion. Denboraldi honetan zehar erantzun hori aldatu dut: “Genetikan jendarte alfabetatua ikustea gustatuko litzaidake” da orain. Aldaketaren zergatiak hainbat ertz ditu.

Lehena, gero eta argiago dudalako jendarte ororen kultura deitzen diogun jakintza eta usadioen multzoan zientziek egon behar dutela. Zientziak oro har. Minimo batzuk jakin behar ditugu eta prozedura eta ideia zientifiko batzuk gure ohitura bezala hartu beharko genituzke, zientzian aritzen ez bagara ere. Horrek jendarte eta norbanako moduan bizitzari eta biziari aurre egiteko lanabes potente bat ematen digulako. Gure egunerokotasunean datorkigunari aurre egiteko zientziek ematen dizkiguten aukerak eta ikuspegiak baliagarriak direlaz ziur nago. Zeren zientziei esker errealitatea beste era batetara ikusten da, beste modu batera ihes egiten dizkiguten ñabardura eta gauza txiki handiak hautematen dira.

Bigarrena, gero eta gutxiago ulertzen dugu. Alfabetatuak gaude, bai, baina ez dugu ulertzen irakurtzen eta ikusten ari garena. Gura baduzu analfabeto funtzionalak gara: irakurtzen duguna esateko gai gara baina ez dugu barneratzen. Inoiz baino informazio gehiago dugu eskuragarria (literalki gure eskuetan daramagu, sakelakoa hartu eta, hara, unibertso bat informazio) eta, batetik, ez dakigu informazioa bahetzen; bestetik, ez dugu informazio hori erabiltzen. Jada wikipediara ez dugu jotzen eztabaida bat ebazteko, norberaren usteak, pertsona nahikorekin konektatzen badu, nahikoak dira katedra ezartzeko. Ta guzti hori aurreko puntuaren ondorio kezkagarria egiten zait: ikertzaileok dibulgazioa zerbait ludiko edo gehigarri moduan egin beharrean, labana hortzetan dugula egin beharko dugun berebiziko zerbait bilakatuko da, gezurrei aurre egiteko.

Hirugarrena, genetikan zentratua, guru bat izan nahi ez dudalako. Argi esan dezagun: genetikak gure bizitzetan inpaktu ikaragarria du, osasun eta erreprodukzioan batez ere. Baina gero eta gehiago eskubide zibil eta politikoetan. Hortaz, edonork minimo batzuk jakin beharko lituzke, genetikan alfabetatua izan beharko luke, benetan nahi duen erabakia hartzeko, bere eskubideak defendatzeko eta, hortaz, pertsona autonomo bat izateko. Noizbait gertatu zait ezagunen batek “honetaz dakizunez azaldu ahal didazu? Zer egingo zenuke?” galdetzea. Horrek dugun analfabetismo zientifiko eta genetikoaren isla da. Pertsonek jakin jakin nahi dute gertatzen ari zaiena ulertzeko. Baina bere burua ez dute gai ikusten erabakia hartzeko aipatu dudan aurreko guztiagatik. Azken zenbakian Elhuyar Aldizkarian Pilar Nicolás Jimenezi elkarrizketa bat egiten diote, eta pasarte batean zera esaten du:

Aditu batek azaldu behar dizu zergatik komeni den azterketa [genetikoa] egitea, eta, gero, emaitzen esanahia argitu behar dizu

Ezin naiteke desadosago egon. Gure asmoa izan beharko luke, osasuna bezalako gai potolo batean, pertsonak autonomoki hausnarketa hori egitea eta ez modu paternalista batean gidatzea, hartzaile xume batzuek bezala. Horregatik jendartea zientzian, eta niri dagokidan heinean, genetikan alfabetatu behar dugu, paternalismotik eta “adituak dionari halabiz” horretatik ihes egin behar dugulako. “Aditu”ok ez gara ez itsasargiak, ez iparroratzak eta, are gutxiago, osasun-erabakiak hartzeko eta ulertzeko fidagarriak. Horrela balitz guruak izango ginateke, ez adituak. Eta aditu moduan gure betebeharra jendarte guztiarekin jakintza hori partekatzea da eta ez pertsonak guregana etortzea jakinduriaren iturri bat bagina bezala.

Laugarren eta azken ertza: jendartean genetikan alfabetatzeak (eta ahalduntzeak) pertsona moduan hobea egiten nauelako. Dakidana besteei kontatzea, errespetutik eta errespetuarekin, asko aberastu nau, bai “aditu” bezala, baina, batez ere, pertsona bezala. Aurrera begira egiteko besarkadak izan dira. Jendearekin dudan elkarrekintzek, izan twitter bidez edo aurrez-aurre, egiten dudanari ikuspuntu asko ere bihozberagoa eman didate. Zeren “aditu”en munduan joera oso arriskutsua dago: “dakiguna oso zaila da ulertzeko eta bakarrik guk uler dezakegu” eta horrek harropuzkeria dakar. Agian azken urteotan hori aldatzen doa baina beti elitismo bat egon da zientzien inguruan. Izan ere, dibulgatzea (literalki herri xumeari hitz egitea) bigarren mailako kontu bat da karrera zientifikoan, hobby moduan batzuk egiten dutena. Eta ia bost urtez dibulgatzen egon ostean, ez da bakarrik karrera zientifiko itxuroso bat dudala (hortaz, ez dibulgatzeko aitzakiarik ez), baita ere pertsona moduan asko hazi naizela. Eta plazer hutsa delako jendarte jantziago bat lortzen laguntzea. Ematen duzuna baino askoz gehiago jasotzen duzu. Honi, gainera, nirea den hizkuntzan hitz egin ahal izatea gehitzen badiogu, plazera are handiagoa da.

Hemen diodana ez da mundu guztiak HFE genearen egitura, bere barietateen maiztasuna zein den eta nola funtzionatzen duen jakitea dela helburua. Ez. Denok jakin beharko genukeena da HFE genearen mutazio baten ondorioz hemokromatosia gaixotasuna sortzen dela, populazio txurietan gehien hedatuta dagoen gaixotasun genetikoa. Euskaldunotan ere oso ohikoa dena, identifikatzen eta tratatzen oso erreza dena baina tratatzen ez bada ondorio latzak dituenak. Genetikan alfabetatuta bageunde, zertaz ari naizenen denok jakingo genuke </div>

<div class=

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07