blogak

Edonola

Genetika 90eko hamarkadan geldirik (eta II)

Aurreko batean genetikak azken 20-25 urteetan gauza berdina egin duela azaldu nuen, zein gene eta zergatik ikertzen zenaren harira. Beste arrazoiren artean, gene batzuk ikertzeko duten erraztasuna, noiz ikertzen hasi ziren eta famatua dena famatuago egiten dela aipatu nituen. Eta horrek ondorio batzuk dakartza.

Gehien ikertzen diren gene horiek garrantzitsuak badira ere, neurriz kanpoko atentzioa jasotzen dute. Normalean, gene horiek horrenbeste ikertzen ez diren geneek baino 3-5 aldiz gehiagotan funtzioa galtzea arriskutsua da edo gaixotasunekin loturaren bat dute; baina 13 aldiz publikazio zientifiko gehiago argitaratzen dira beraiei buruz. Hortaz, ikerkuntza biomedikoa gene garrantzitsuetan zentratzen bada ere, gehiegi zentratzen da jada nahiko ondo ezagutzen diren geneetan. Horrek ere beste eragin bat du: diru-laguntzak gene horietara bideratzen dira. Geneen “fama” neurtzeko erabilitako parametroek ere gene horietan egindako inbertsioa aurresan dezakete. Erritmo honetan, eta egungo estrategia honekin, beste 50 urte beharko lirateke gene guztiak ikerketa minimo batera heltzeko…

Baina txintxoak izan gaitezen eta, pentsa dezagun, beti gene berdinak ikertzea arazo praktiko bat dela: gainontzekoak ikertzea teknikoki askoz zailagoa dela, arriskutsua izan daitekeela gero ez badute inolako garrantzirik (batez ere ikertzaile gazteen kasuan), edota horrelako geneak ikertzeko dira-laguntzak urriak direla. Beno, bada, lan hau egin duten ikertzaileek estrategia berria proposatu dute ahaztutako geneen garrantzia neurtzeko. Publikoak diren datuetatik abiatuta, ahaztutako geneen %83ak esperimentuak burutzeko datuak izan badituzte eta %25ak hiru iturburu-mota ezberdinetako datuak dituzte jada. Gainera gene hauek taldeetan sailkatu dituzte beren ezaugarrien arabera beren funtzioen ikerketa errazteko. Datu guzti hauek eskuragarri jarri dituzte ikertzaileek ahaztutako gene hauei merezi duten arreta jartzeko.

Zeren, eta gakoa hemen dago, zertarako egiten dugu zientzia ez bada ez dakiguna jakiteko? Nahi beste aitzakia jar ditzakegu baina, gaur egun, genetikan, ia gene guztiak ikertzeko gaitasun teknikoak ditugu. Beste kontu bat da ea borondatea dugun edota inertzia gaizto batean sartuta gauden. Baina datu hotzek hori diote: giza-geneen %5ak publikazioen %50 dute. Ernatzen ez bagara biologikoki esanguratsuak diren geneak ahaztuta jarraituko dute. Esate baterako, kolitis ultzerosoarekin lotutako C1orf106 genea (kode horrek izenik ere ez duela adierazi nahi du), orain gutxi arte ez da jakin bere funtzioa: zelula epitelialen atxikimenduan eragiten du eta, hori, gaixotasunarekin bat dator. Agian itu-terapeutikoa izan liteke, baina, auskalo, orain gutxi arte kasurik egiten ez zitzaion.

Hortaz, lan honetan egin dituzten analisiak eta atera dituzten ondorioak genetikan autokritika egiteko balio beharko luke. Eta neurriak hartzeko 90. hamarkadatik irteteko. 90. hamarkadan jaiotako ikertzaile bikain batek esan bezala

Betikoa aztertzen badugu, betikoa aurkituko dugu

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07