blogak

Edonola

Generik ikertuenak: AKT1

Harma. Gizakiotan gehien ikertu diren 10 geneen artean zerrenda ixten, hots historiako 10. generik ikertuena, AKT1 dugu. AKT serina/treonina kinasa 1 izenez ezagutzen den gene hau, gizakiotan, 2839 zientzia-artikulutan aipatua izan da. 2001-2005 urteen artean metatu zituen zitarik gehienak, ranking honetako 10. postura bultzatu zuena, eta 2006. urtean ia ahaztu egin zen gene hau.

10 bolo.

AKT1 genea 14. kromosoman kokatuta dago eta minbizi mota batzuetkin, Cowden eta Proteus sindromeekin eta eskizofreniarekin lotua izan da. Gene hau gure ehun gehienetan nahikotxo ekoizten da, prostata, biriki eta gantzetan bereziki. 439 generekin elkarrekintzaren bat du eta 139 prozesu biologikoetan parte hartzen du.

Horrela aurkeztuta pixka bat gatzgabea dirudi. Zein prozesu biologiko kontrolatzen dituen egiten du interesgarri: zelulen biziraupena (neuronen biziraupenean gakoa da), tumoreen eraketan (bere mutazioek, hots, kopia akatsdunek tumoreak sortzen ditu) eta glukosaren aurreko erantzuna (insulinari erantzuten dio).

Horrela aitzakia on bat dugu onkogeneei buruz hitz egiteko, AKT1 horietako bat baita. Onkogeneak tumoreetan mutatuta edota oso aktibo egon ohi diren geneak dira. Horren ondorioz, egoera normalean bere buruaz beste egingo luketen zelulek, ez dute bere buruaz beste egiten eta bizirik, hazten eta zatitzen jarraitzen dute. Hori arazo bat bilaktzen da, azken finean zelula hori kontroletik kanpo dago eta tumore bat sortzen du. Zelulek bere buruaz beste egin ahal izatea behar-beharrezkoa da. Eta AKT1-n mutazioek hori zailtzen dute. Horregatik bere interesa bere garaian. Jo ta ke ibili ziren ikertzaileak AKT1 genea ezagutzen, bere funtzioa, norekin zituen harremanak eta bere mekanika. Zergatik galdu zuen interesa? Beno, agian hain ondo deskribatu zen jada ez zegoela ezer gehiago egiterik ala, agian ere, gene interesgarriagoak aurkitu zirelako…

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07