blogak

Edonola

Gehiago pairatu ala esan?

Tripako gaitzak ikertzen ditudanetik zerbaitek atentzio deitu badit zera da, horietariko gaitz dezente emakumeek gizonek baino gehiago pairatzen dituztela. Edo estatistikek hori diote. Hori dela eta iradokitzen da gaitz hauen oinarria hormonala izan daitekeela. Emakumeek arazo gehiago dituztela komuneko kontuekin. Egia da gaixotasunetan eta hauek ikertzerakoan emakume eta gizonen artean ezberdintasunak daudela. Baina tripako kontuekin hain nabarmena izateak beti harritu nau. Edo ulertzen zaila egiten zait.

Bazkari batean, ez dakit nola, kontu honi buruz Irati Iciarrekin hitz egiten bukatu nuen. Eta kontu hau ulertzeko pista oso garrantzitsu bat eman zidan. Iratik aipatu zidan emakumeak minaz kontzienteagoak direla, minak eta ondoezak deskribatzen hobeak direla, agian (izan) duten zaintza rolagatik. Horrek pentsarazi zidan. Alde batetik, gizonak ez badira gai zerbait txarto dagoela konturatzeko, nola esango dute? Bestetik, gizarte matxista batean nola ikusita egongo da gizon batek tripako minak dituela esatea?

Agian horrek ergelkeria bat irudituko zaizue. Mina baduzu esango duzu eta kito. Izan ere lankideekin honetaz hitz egitean bi korronte daude: kasurik egiten ez dutenak eta gizonak berehala kexatzen direla mina dutenean, zentsu horretan kexatiagoak edo malguagoak direla. Baina ez nau guztiz asebetetzen.

Kontua zera da, gaitz bat duten pertsona guztien (gene-)datuak ez baditugu edo pertsona-talde bat arazo horiek hobeto ulertzeko gogo gehiago badu eta prestutasun handiagoa badu bere (gene-)datuak uztera, gaitz horiek ikertzerakoan ondorio okerretara helduko gara.

Zertara dator istorio guzti hau? Ba iruditzen zaidala osasuna ikuspuntu fisiologiko/biologiko hutsetik ikertzen badugu, ñabardura(garrantzitsu) batzuk galtzen ditugula. Eta ñabardura horiek giza- eta gizarte-zientziek ematen dizkigute: zeintzu min jasaten ditugu medikura joan baino lehenago? Min horien lekuaren araberakoa da? Nola eragiten du medikura joateko lan-egun bat “galdu” beharra? Eta medikuari azalpen guztiak ematen dizkiogu edo medikuaren tratuaren arabera zehaztasunak ematen ditugu? Eta medikura joateko erabakian gure senide edo lagunek zer pentsatuko ote duten eraginik al dauka? Gure rolak? Gure izaerak zein eragina dauka?

Ezagumendua konpartimentuetan sartu dugunez, puzzle osoa ikusi beharrean, pieza gutxi batzuk ikusten ditugu. Batzuetan nola kokatu behar diren ez dakigula. Eta, ondorioz, ez ditugu ebatzi beharko genituzkeen arazoak ebazten. Baina hau soilik nire irudipen pertsonala besterik ez da. Hori bai, mesedez, ez kendu garrantzia tripako minei.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07