blogak

Edonola

Eta dibulgaziorik egingo ez banu?

Gaur 15 urte betetzen dira Edonola martxan jarri nuenetik. Urtero kontatzen dudan bezala, hasieran zeozer pertsonala zen, nire interesei eta harrikadei irtenbide bat izateko. Txoko txiki bat, asmo handirik gabekoa, zaletasun txiki bat. 8 urte baino gehiago dira genetikaren eta zientziaren dibulgaziora bideratu nuela. Hortaz, Edonolaren bizitza erdia baino gehiago horretan eman dut, beti ere txoko txiki bat izanda, asmo handirik gabekoa, zaletasun txiki bat. Ukronia ariketak asko gustatzen zaizkidanez, Edonola dibulgazioarekin jolasteko erabili izan ez banu edo, zuzenean, Edonola hasi ez banu, nolakoak izango ziren gauzak?

Atzera begiratzen badugu, Edonolan idatzitako testuek erraztu zuten Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen Txiotesian hitzaldi bat ematea. Ematen nuen lehena eta UEUra hurbiltzea. Bazkide banintzen ere, Koldo Mitxelenan egindako ekitaldi horrek UEUko unibertsora bete betean sartzea ahalbidetu zidan. Ordutik erakunde nazional horretan egin dudan ibilbidea ikusita, ez dakit UEUrentzat, baina niretzat galera handia izango litzateke dibulgazioan hasi ez banintz. Asko ikasi dut bertan eta, batez ere, asko bizi izan dut.

Atzera begiratzen jarraitzen badugu, nire bloga edukitzeak erraztu zidan 2014 eta 2015 urteen artean antolatu genuen Kultura Zientifikoaren Jaialdian parte hartzea. Horrek dibulgazioan eskarmentua hartzea lagun zidan; dibulgatzeko moduekin jolasteko aukera eman zidan; eta egiten nuen dibulgazioa ezagutzera ematea. Gainera, jaialdiaren 3. edizioko anfitrioia Edonola izan zen. Bertatik gauza interesgarriak atera ziren, adibidez, emakume zientzialariak eta bere lana traolen bidez jarraitzeko proposamena; edo #dazientziat Twitterreko bota. Lehena modu batera edo bestera aurrea egingo zuen; bestea, auskalo. Guzti horrek Edonolari erreferentzialtasuna eman zion eta niri Elhuyarreko edo Kultura Zientifikoko Katedrako lagunekin gauzak egin ahal izatea. Ez dakit beraientzat, baina niretzat galera handia izango litzateke dibulgazioan hasi ez banintz. Gauza oso interesgarriak eta aberasgarriak egin baititugu elkarrekin.

Dibulgazioak ere beste zerbait eman dit: komunikatzeko gaitasun hobea. Dibulgazio eraginkorra egiteko ideiak ondo antolatu behar dira eta gauzak ondo azaldu. Horrek asko erraztu dit nire lanean hobeto idaztea eta komunikazioarekin lotutako alderdiak askoz hobeto menperatzea. Dibulgazioan arituko ez banintz, agian denbora guzti hori karrera zientifikoan hobeto baloratzen diren gauza horiek egingo nituzke eta, agian, lan-baldintza egonkorragoak izango nituzke. Edo ez, berdin-berdin prekarizatua egongo nintzateke eta, gainera, hutsago. Baina argi dagoena da ez nuela zientzia onik egingo, zeren jendearekin ez bada egiten, ezinezkoa da zientzia ona egitea. Ez dakit beste norbaitek genetika euskaraz komunikatuko lukeen, baina argi dago egingo nuen zientzia arimarik ez lukeela izango. Eta egiten dudana kontatzen askoz traketsagoa izango nintzatekeela.

Eta COVID19aren pandemia. Ez naiz luzatuko honetan. Urteetan egindako lanaren eskarmentuak, eta lortutako sinesgarritasunak eta erreferentzialtasunak bat egin zuten gizarteak behar zuenean. Guztiok jakin badakigu blog honek bete duen funtzioa, egin dudan lana eta nolakoa litzatekeen hutsunea. Zeren egon garenak egon gara, askoz gehiagorentzat lekua egonda ere.

Hala ere, galerarik handiena izango litzateke egindako bidelagunak ez nituela egingo. Edo harremana, behintzat, ez litzateke duguna. Dibulgazioa egiten dugunok ez gara asko eta, azkenean, konplizitateak sortzen dira. Egiten dudan ikerkuntza zientzia-kazetari bati kontatzen diodanean, bion intereserako egiten dugun zerbait baino gehiago bezala ikusten dut: bi lagunen arteko solasaldi bat gizarte osoarekin partekatzen duguna, erantzukizun sozialagatik. Eta gustura gaudelako. Eraikitako harreman pertsonal horiek dira dibulgazioak eman didan onena.

Indarrak hartzeko kafepintxoa.

Dibulgaziorik egingo ez banu dena tristeagoa eta aspergarriagoa izango litzateke, zerbait falta dudanaren hutsunea izango nuke. Ez nintzateke naizena. Behintzat, denbora-lerro honek hori eman dit eta, sinez, eskertua eta harro nagoela. Posible den bitartean, Edonola genetikaren eta zientzia jorratzen dituen txoko txiki bat izaten jarraituko du, asmo handirik gabekoa, zaletasun txiki bat. Asko ematen didana. Eskerrik asko pantailaren beste aldean zaudeten guztioi! Kafepintxo bat egindako lana ospatzeko eta gora bihotzak!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07