blogak

Edonola

Determinismo genetikoaren aurka

Ekainaren 17an dibulgazio-denboraldiari amaiera eman ohi diot, iraileko ekinokziora arte atseden hartzen baitut. Aurtengoa arraro samarra atera zait eta, beti bezala, nahiko nukeena baino gutxiago idatzi dut blogean, zorionez, beste plaza eta saltsa batzuetan egon bainaiz. Dibulgazio-denboraldi honetan gauza totxoei buruz modu totxoan idaztearekin esperimentatzea erabaki nuen, Xabier Landabidearen erronka jarraituta. Hortaz, ideia ona dela otu zait denboraldia zerbait totxoarekin bukatzea. Totxoa eta beharrezkoa, zeren determinismo genetikoari buruz solasaldi eta eztabaida oso serioa behar dugu.

Determinismo genetikoa da pentsatzea gure geneetan dagoen informazioak dena ezartzen duela. Hau da, duzun gene-informazioa saihestezina den patu bat da eta horrek betirako markatzen zaitu. Berdin dio zer egiten duzun, hori da dagoena. Ez da lehen aldia (ezta bigarrena edo hirugarrena ziur asko) honi buruz aritze naizela, modu metaforiko batean geneen eta ingurunearen arteko harremanaz aritu izan naiz, adibidez. Baina gaurko honetan tonu serioago batean aritzea beharrezkoa iruditzen zait.

Tamalez, genetikaren historian zehar izan dugu genetikaren erabilera maltzurra. Genetikaren hastapenetan, behin ezaugarriak heredatzen zirela ezarrita, ezaugarri ez desiragarriak gene-ondaretik ezabatu behar zirela hedatu zen. Eugenesiaren garaiak dira horiek. Askotan Naziekin lotzen dugu hori baina Suedian edo Amerikako Estatu Batuetan gogoz eta grinez besarkatu zituzten ideia eugenesikoak. Eta egun hor jarraitzen dute, eugenesia moduan edo darwinismo sozial moduan, oinarria berdina da. Agerikoago edo ezkutuago, baina ideia horiek egun bizirik jarraitzen dute. Berdin dio eugenesia oinarritzen den kontzeptuak guztiz baztertuta egotea, egon badaude eugenesia defendatzeko sasiegiak eta gezurrak zabaltzen dituzten “ikertzaileak”. Eta faxistak horiek gogoz besarkatzeko.

Orain dela gutxi, Buffalon (AEB) supremazista batek 10 pertsona hil zituen tiroketa batean, beltzen aurkako eraso batean. Bere burua justifikatzeko manifestu bat idatzi zuen bere ideia antibeltz eta antijuduak azaltzen eta zurien ordezkapenaren konspirazioa aipatuta. Gainera, bere ideiak babesteko genetikari buruzko artikulu zientifikoak erabili zituen, beno, manipulatuta eta desitxuratuta, zurien gene-supremazia probatzeko. Aurretik AEBtan, Europan edo Zeelanda Berrian halako sarraskiak eragin dituzten supremazistek bezala. Bai, genetika arrazismoa eta zurien supremazismoa justifikatzeko. Gaia are korapilatsuagoa bilakatzen da jakitean badaudela “ikertzaileak” ideia horiek babesten dituztenak. Modu anbiguo batean jarduten dute baina modu alderdikoian mahaigaineratzen dituzte bere arrazismoa zientzia kutsuarekin mozorrotzeko. Noski, supremazistek diote ikertzaile horiek egia diotela (jerarkiak daudela giza-populazioen artean eta zuriak guztien gainetik) eta beraien aurkako sorgin-ehiza dagoela. 

Hala ere, argi izan: ez dute inolako oinarri zientifikorik. Nature Genetics Reviews aldizkariko 2022ko Ekaineko editorialean esaten duten bezala:

“Zientzia, eta giza-genetika bereziki, ez da ikuspuntu faxisten eta arrazisten aliatua” 

Bai, lagunok. Honetan ere faxistak barruraino sartu zaizkigu eta bere gezurrei aurre egin behar diegu. Ezagutzen nauzuenok badakizue alkandora hawaiiarra janztea aldarrikapen antifaxista dela eta, koherentziaz, zabor faxista horrek lekurik ez izateko lan egin beharko dugu. Eta abiapuntua, halabeharrez, determinismo genetikoa deseraikitzea da.

Gure gene-informazioak ezaugarri asko zehazten ditu. Baina ezaugarriaren arabera, inguruneak ere eragin handia du. Hala, badaude ezaugarri batzuk bai ala bai geneek ezartzen dutena izango garena (adibidez, sudur bat izatea); eta badaude beste batzuk egiten dugunaren arabera modu batera edo bestera suerta daitezkeenak (adibidez, zeliakoa bazara, glutena jaterakoan beherakoa izatea). Hau da, geneek aukera-sorta bat eskaintzen dute: batzuetan murritzagoa, bestetan handiagoa, eta ingurunearen arabera ezaugarria zehaztuko da. Solik gure gene-informazioa gara? Ezaugarriaren arabera bai edo ez hainbeste. Har dezagun hemokromatosia, bere dietan burdin-kantitatea kontrolpean mantentzen badute, ez dute gaixotasuna garatuko. Inguruneak, kasu honetan dietaren bidez, ezaugarria baldintzatzen du (, hau da, gaixotasunarekin lotutako ezaugarriak). Egia da kasu batzuetan ez dela horren erraza, adibidez, metabolismoarekin lotutako mutazioetan. Hor zailagoa da gene-informazioa ezartzen duen ezaugarria saihestea. Bi kasu hauetan gene-informazioa erauztea eta ondorioak ateratzea erraza da gene bakarrak parte hartzen duelako. Baina ezaugarri gehienetan gene batek baino gehiago parte hartzen dute. Eta gainera inguruneak eragin nabarmena dauka. Horregatik da zaila ezaugarri askoren gene-informaziotik zeozer argia ondorioztatzea eta aurresatea. Eta, ondorioz, Gattacan ikusten duguna hain zaila lortzen. Bide batez, distopia genetikoak oso erabilgarriak dira gai hauei buruz hausnartzeko.

Zein da faxistek erabiltzen duten tranpa? Batetik gene-informazioaren konplexutasuna arbuiatzea, bestetik “ahaztea” gene-informazioa ez dela berdin aztertu giza-populazio guztietan (ezta giza-populazio guztiek onurak jaso) eta, azkenik, ingurunearen eragina kontuan ez hartzea. Determinismo genetikora jo dute eta dauden isuriak ez dituzte kontuan izan bere obsesioak elikatzeko. Adibidez, oso tematuta daude koefiziente intelektualarekin eta ikasteko gaitasunarekin. Diotenez, zuriak genetikoki listoagoak gara eta, nola beste populaziotako kide gehiago bizi diren gure artean, koefiziente intelektualaren gainbehera gertatzen ari da. Berdin dio ezaugarri horretan inguruneak (kulturaren eta baliabide sozioekonomikoen bidez) eragina izatea. Izan ere, zergatik test jakin batekin neurtu dezake gure gaitasun kognitiboa? Hori ere zalantzagarria da. Test bat egin eta emaitzak gene-informazioarekin eta giza-populazioaren lotu. Horretan oinarrituta giza-taldeen artean jerarkiak eraiki dituzte eta, noski, zuriak gainetik jarri dituzte. Erredukzionismo guzti hau guztiz iraingarria da.

Bide batez, zuriak genetikoki oso aspergarriak gara (beno, Afrikatik kanpoko populazioak genetikoki oso aspergarriak gara): gure gene-aldakortasuna oso txikia da, oso homogeneoak gara. Afrikan, aldiz, gizakion artean gene-dibertsitaterik handiena dago, baina ez da apenas ikertu. Nola mailaka ditzakezu giza-populazioak bat asko ikertu baduzu eta besteak ez? 

Hala ere, demagun oso lan fina egiten dugula eta gene-informazioa erabilita pertsona baten gaitasun kognitiboa aurresan dezakegula. Lehen esan bezala, aukera sorta bat izango dugu aurrean, ez zerbait finkoa. Oso listoa izan zaitezke, zure geneak hala diotelako, baina zabor faxista irensten baduzu, zure garuna errefusarako geldituko da. Agian gaitasun mugatuak izan ditzakezu, baina txikitatik errefortzua baduzu, adorea ematen bazaizu, muga horiek kulturaren bidez gaindi ditzakezu.

Azken finean muina hor dagoela iruditzen zait, determinismo genetikoa erabiltzen dela gene-informazioaren benetako gaitasuna mugatzeko. Sailkapen mugiezin batean jarri nahi gaituzte eta ez garatzea izan ditzakegun aukera posibleak. Nolabait, gene-informazioa erabili daiteke jakiteko komunitatetik behar duguna eta komunitateari eskaini ahal dioguna, bizitza duin eta bizigarriak dituzten pertsona autonomoak izateko. Behin determinismo genetikoa deseraikitzen dugula, gene-aukeren bideak jorra ditzakegu.

Honetan ere faxismoari aurre egin beharko diogu eta argi utzi genetikak besarkatzen dituela gure dibertsitatea, konplexutasuna eta aukerak.

Honekin bukatzen dut Edonolan dibulgazio-denboraldia. Hortaz, ondo pasau, gitxi gastau ta bueltak amari. 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07