blogak

Edonola

10+1 aholku eta trikimailu GrALari, MALari edota tesiari aurre egiteko

Gure ikasketa akademikoetan zehar egiten duguna da ikastea, besteek egindakoa birziklatzea eta marko horren barruko galderak erantzutea. Ez da gradu baten amaierara arte jakintza sortu behar dugula, besteek sortutakoa bilduta edo zuzenean guk sortzea ezagumendu hori, masterreko lanetan eta tesietan ere gertatzen dena. Sormen lan horretarako ez gaude guztiz prestatuak eta askotan galduta sentitzen gara edo itogarria egin ahal zaigu.

Urte hauetan lagunei hainbat  gomendio eman diet halako egoeretan. Batzuei erabilgarriak egin zaizkie eta, tira, zuekin partekatzea bururatu zait. Ezagutzen ez ditudan pertsonek ere eduki ditzaten. Norbaiti lagungarri bazaio, asko poztuko naiz. Hauek nire esperientziatik eta ikuspuntutik dira, ez dizute zertan guztiz funtzionatu behar; baina inspirazio-iturri badira, gaitzerdi.

1) Hirurak lan akademikoak dira gaitasun jakin batzuk menderatzen direla frogatzeko. GrALen kasuan, eskuragarri dago gradu bakoitzari dagozkion zehaztasunak, gidak eta ereduak (eta, ondorioz, zer ebaluatuko den). Masterretan, oro har, beste horrenbeste. Tesietan, egia da pixka bat subjetiboagoa dela nola hori, baina, teorian, ikertzaile independentea zarela frogatu behar duzu. Horiek minimoak dira, horretaz gain norberak ikasten duena, ederto (ziurrenik askoz erabilgarriagoak dira estra horiek); baina memorietan nahiz aurkezpenetan eskatzen den hori argi agertu behar da. Askotan perspektiba hori galtzen dugu (bai egiten duenak, bai zuzentzen duenak, bai epaitzen dutenek) eta lanean gehiegi sartzen gara, dokumentazio gehiago bilatzen eta sartzen, esperimentuak egiten edota sekulako totxoak idazten. Ez du zertan lan borobil bat izan behar, egokia baizik. Ze, klaro, sekulako lana egin ostean helburuak argi jartzea ahazten zaigu eta notak behera egiten du.

2) Jakintza-arloaren arabera atalak doitzen doaz baina, oinarrian, guztiok buruz esan ditzakegu: laburpena, sarrera, material eta metodoak, emaitzak, eztabaida (+ondorioak) eta bibliografia. Atal bakoitzean jarri behar dena badakigu ere, beno, teoria badakigu ere, idazten jartzen gara eta gauzak ez daude hain argi. Teorian, lanaren hipotesia eta helburuak hasiera-hasieratik argi egon beharko lukete, baina errealitatea beste kontu bat da. Nire gomendioa beti da material eta metodoetatik hastea, zer egin duzun azaltzea, berez, errazena delako (eta egiten ari zarela zirriborro bat idatzita uzten baduzu, hobeto). Emaitzetan jarriko dituzun taulekin eta irudiekin jarraitu, eta gero emaitzak horiek idatzi (eta idazten zoazela tauletan edo irudietan aldaketak egin beharko dituzu). Sarrerarekin jarraitu, egin duzun horren beharra argi azaltzeko (gaiaren orokortasunetik abiatuta, jakitea zer falta den azaltzeko, zeren horretarako egiten duzu lan hori, ezta? Ez dakigun zerbait jakiteko); eta hipotesia eta helburuak plazaratzeko. Azkenerako eztabaida utziko nuke, ez zailena eta neketsuena delako, baizik eta sarreraren eta emaitzen piezak beharko dituzulako zure aurkikundeak jakina denarekin koherentea eta trinkoa den edo ez azaltzeko. Eztabaidarekin batera ondorioak datoz, halabeharrez eztabaidatik ondorioztatzen direnak eta, oso garrantzitsua, helburu bakoitzak behintzat ondorio bat izan behar du. Bibliografia, gaur egun, gainontzekoa idatzi ahala sortzen den zerbait da, bibliografia kudeatzeko programei esker (Zotero, Mendeley, etab.); erabilitako iturriak bertan gorde daitezke eta Word-ekin edo LibreOffice-ekin lotzeko plugin-ei esker, asko erraztu eta arindu den lana da. Ta laburpena beti bukaerarako utzi: manuskritoa nolakoa, laburpena halakoa.

3) Noski, gauza bat da atal bakoitzean zer doan, zein ordenatan lanari ekin, eta beste bat gauzatzea. Sormen lan bat denez, bakoitzak bere estilo du eta sormen prozesua ezberdina. Asko estimatzen dudan lagun batek ideiak orri batean idatzi, irudikatu eta lotu behar ditu; nik ondo pentsatu behar dut (eta nire buruarekin eztabaidatu) nola egituratu nahi dudan testua, zeintzuk diren landu nahi ditudan ideiak. Zuk beste sormen prozesu bat izan dezakezu. Gakoa hori da, sortu behar dugula eta horretara ez gaudela ohituta, praktikatzen ikasten den zerbait da. Ez dago errezeta magikorik, zure sena jarraitzea besterik ez. Zuretzat eraginkorra den sormen prozesua jarraitu. 

4) Beno, plan bat dugu, ze ideia landu nahi dugun argi dugu, baina planifikatutako hori idatzi behar da. Gerta daitezkeen bi gauzarik okerrenak dira orri-zuriaren sindromea (zera, blokeatzea eta zer idatzi ez dakizula) edo behin parrafo bat idatzita batere ez gustatzea idatzitako hori (eta denbora galdu duzula sentitzea). Ez arduratu, benetan, ez agobiatu horrekin. Halakoak gertatzen dira. Blokeatuta gelditzen bazara, jarraitu beste parrafo edo atal batekin (edo beste lan bat edo artikulu bat irakurri inspiratzeko); idatzi duzuna ez bazaizu gustatzen, galdetu zure buruari parrafo horretan bidali nahi duzun mezua nola geldituko litzateke argi. Badira idazten zailagoak diren ideiak eta, ondorioz, lan eta buruhauste gehiago emango dizkizutenak. Arnasa sakon hartu eta aurre egin. 

5) Manuskritoa bukatu duzu. Atal guztiak nahi zenituen ideiekin bete dituzu. Ados, zure lana ez da bukatu. Orain dena berrikusi behar duzu. Dirudiena baino askoz garrantzitsuagoa da hau. Estilo, eduki eta hizkuntza aldetik manuskritoa koherentea eta trinkoa izan behar du. Hori ziurtatzeko den-dena irakurri behar da, akats horiek zuzendu; egun bat edo bi utzi, eta berriro den-dena irakurri, akats berriak aurkituko dituzu. Ziurta ezazu egon behar diren minimoak argi azaltzen direla; kontzeptu berdinerako hitz berdina erabiltzen duzula manuskritoan zehar (eta berdin idatzita); atal guztietan esaten duzuna koherentea dela (sarreran diozun zerbait eztabaidan berdin esaten duzula eta ez kontrakoa, adibidez); edota emaitza guztien metodoak azalduta daudela, taula eta irudi guztiak emaitzetan aipatzen direla. Eta behin irakurrita istorio trinko bat kontatzen ari zarela ziurtatu, ez dagoela saltorik. Beti irakurlea lagundu, eta zerbait errepikatu behar baduzu edo agerikoa zaizun zerbait azaldu behar baduzu, egin ezazu. 

6) Zuzenketak. Momentu beldurgarri eta etsigarri hori. Hemen dagoen gauza bakarra pazientzia da. Eta lehenengo puntua gogoratzea: zure interesak, beharrak eta denbora eta zure zuzendariarenak ez dute zertan lerrotuta egon behar. Komunikazioa, norberaren asmoak eta egutegi bat hasieratik argia izatea ezinbestekoa da, baina askotan ez da posible. Pazientzia tona asko, beraz. Eta gaizki badoa, zaila bada ere, ez hartu txarto. Gelditu erabilgarriak diren zuzenketekin. Egia da batzuetan zuzenketaren kritika ez dela oso ulergarria (“ez da ulertzen”, zer esan nahi du horrek? Idatzita dagoen bezala ulergarria ez dela edo landu den ideia bera dela ulertzen ez dena?), hortaz, kontrastatu. Ez esan “ez dut ulertzen zuzenketa” baizik eta “zuzenketa hau honi ala honi dagokio?”. Mingarria izan daiteke, baina beharrezkoa den prozesua: kritikak (berdin dio zein motakoak) jasotzen eta kritikei aurre egiten ikasteko balio du.

7) Baina manuskritoarekin ez da dena bukatzen. Gero manuskritoan idatzitako hori aurkezpen baten bidez defendatu behar da, hitzaldi formatuan edo poster+mini hitzaldi formatuan. Denbora mugatua da eta, mesedez, ez pasatu inoiz denbora horretatik. Gauza asko eta interesgarri egin ditugu eta denak kontatu nahi ditugu, baina garrantzitsuena kontatu: gaiaren sarrera, egin duzuna arrazoitzeko informazioa, hipotesia, helburuak, emaitza garrantzitsuenak nola lortu dituzun, zeintzuk diren eta bere eztabaida. Zeintzu emaitzak dira horiek? Ondorioetan aipatzen dituzunak. Hau da, istorio bat kontatu ondorio horietara zergatik eta nola heldu zaren kontatzeko. Zeren arrisku handi bat dago: tribunalaren atentzioa galtzea (20. minututik aurrera deskonektatzen dugu, hortaz, hitzaldi luze bat eman behar duzu, hori kontuan izan atentzioa berreskuratzeko). Gero euskarria dago (diapositibak edo posterra). Hemen bakoitzak bere gustuak ditu eta gomendioak ditu. Nire bizitzan zehar fase ezberdinetatik pasa naiz, baina heldu naizen ondoriora da kontatu behar duzun hori argi baduzu, euskarriak lagungarria izan behar duela, baina ez ezinbestekoa. Aurkezpen polit bat, ikusgarria, egiten denbora asko pasa dezakegu, baina garrantzitsuena mezua da. Kontatzen duzun istorioa indartzea, eta ez efektuetan galtzea. Baina, zera, hau oso pertsonala da. Eman dezakedan gomendio bakarra da: ez kargatu gehiegi diapoa edo posterra (hau zailagoa izan ohi da), zuri asko utzi. Eta Irudiak taulak baino hobeto, eta taulak testuak baino.

8) Aurkezpena egitea egokitzen zaizunean zure burua aretoan eta momentuan bisualizatu. Non egongo zaren hitz egiten, non egongo den tribunala, non pantaila, non egongo diren eserita zure lankideak, lagunak, etab. Horrela momentua heltzen denean dena ez zaizu hain arrotza egingo, urduri bai (bide batez, normala da urduri egotea: gure nerbio-sistema horrelakoa da), baina ez hain arrotza. Horretarako, onena da aretoa aurretik ezagutzea. Edota aurretik aurkezpen batetara joatea, prozedurak eta aurkezpenen dinamika nolakoak diren ikusteko eta ikasteko. Nolabait, prozesuari ohitu, ezustekoak ahalik eta gutxien izateko. Eta ur botila bat eskura izan, beti. Ah! Eta hitz egiterakoan diskurtsoaren zati bat ahaztu egiten baduzu, ez jarri urduri(ago): tribunalak ez zekien hor zerbait esan behar zenuela; eta garrantzitsua bazen, galdetuko dizute horri buruz; eta ez bazen, ba ez du axola, ezta?

9) Galderen txanda da beti beldur, ezinegon eta drama gehien sortzen duena. Hemen bi gauza nagusi daude: bata, inork ez du ezagutzen zure lana zuk bezain beste eta ondo; bestea, ez hartu inoiz galderak eraso moduan edo modu pertsonalean. “Defentsa” deitzen diote, baina ez da defentsiban jarri behar edo burugogor defendatu behar: giroa deserosoa izatea sor dezake eta dugun urduritasuna handitzen du. Hortaz, galderaren edukiarekin geratu eta ahaztu tonuaz eta formaz. Erantzun beti adeitsu eta irribarre batekin. Ez eman sekulako txapa: erantzun galdetzen dizuten hori gehiegi urrundu gabe. Zilegi da ere ez jakitea, baina apaindu pixka bat “ez dakit” lehor hori, adibidez “aipatzen ari zaren gai hori ez dut landu, hortaz ezin dizut zehaztasunik eman”. Baita ere galdera irekiak egin ahal dizkizute (“nondik jarraituko zenuke”; “zer egingo zenuke argi gelditu ez den hau argitzeko”; edo nik egingo nituzkenak: “zer da gehien gustatu zaizuna” eta “zerk eman dizu buruko minik handiena”), eman zure ikuspuntua arazo barik (ez dago erantzun zuzenik). Eta guztiz txurian gelditzen bazara erabili erantzun orokor bat, adibidez “ba orain horrela plazaratu duzula interesgarria litzateke diozun hori horrela aztertzea. Gurean hain sartuta geunden ez garela horretaz konturatu”. Hau bai dela prestatu ezin daitekeen zerbait (beno, galdera batzuk agerikoak izan daitezke eta horiek prestatu) baina baita ere zeu zaren bezala erakusteko unea, bera gauza on eta txar guztiekin. Eta beti bideratu daitezke galderak ezaguna eta erasoa egiten zaizun erantzun batera.

10) Azkenengo gomendioa baina garrantzitsuena: atseden hartu. Blokeatzen zarela? Eman paseo bat. Agobiatzen zarela? Birra batzuk hartu halako egoera batean dagoen (edo egon den) lagun batekin. Superurduri zaudela eta aurkezpena berriro egin nahi duzula? Neurrian, beste zeozer egin urduritasuna ahazteko. Gure garunak atsedena behar du, gure gorpuek atsedena behar dute, makinaria behartzeak funtziona dezake baina baita ere apurtu gaitezke. Egia da urduritasunak eta “erantzukizunak” atseden hartzea saihesten digutela, txarto sentiarazten gaituelako “ezer” egiten gabiltzalako. Baina ez gaude “ezer” egiten: gure buruak zaintzen gabiltza. Eta burua kaltetuta badugu, nekatuta bagaude, ez dago sormenik, eta egiten dizkiguten kritikak txarto hartuko ditugu. Atseden hartzea gauzak ondo egiteko inbertsio bat da.

10+1) Estra. Tesi batean garrantzitsuena: ez ahaztu akta sinatzeaz. Benetan, hori da ofizialki balio duen gauza bakarra. Emozioari minutu bat gehiago eutsi, eta besarkadak eman baino lehenago sinatu akta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07