blogak

Botxotik Ziberespaziora

Udako ikastaroa 2021eko uztailean

 Duela bi urte ez zuen/nuen arrakastarik izan, baina zenbait arrazoi direla-eta, berriro ekin diot HABEren izenean EHUren uda ikastaroetan bat antolatu eta zuzentzeari: Teknologiak eta gaitasun digitalak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan: elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko gakoak du izenburu. Euskara hutsez izango da.

Badaude proposamen berrian aldaketak; batzuk egoerari erantzuteko planteatu direnak. Hala, bi modutara egin ahal izango da ikastaroa: aurrez aurre Donostiako Miramar jauregian edo online, Zoom bidez. Horren ondorioz, irakasleon partaidetza ere birplanteatu dugu. Irakasleak aipatuta, Mondragon Unibertsitateko Amaia Arroyo-Sagastarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Lorea Fernández Olaskoagarekin arituko naiz.  Inaugurazio-saioa, berriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Bingen Zupiriaren esku egongo dela aurreikusi da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Prest Gara programaren barruan sartu du.

Matrikulatzeko epea irekita dago jada eta plazak agortu arte egongo da irekita. Plaza-kopurua mugatua: 50 daude. Ikusiko dugu ea aurtengoan asmatu dugun proposamenarekin. Kontatuko dizut hemen, nola ez.