blogak

Boligrafo gorria

Kultura ministerioa deseginda, itzal beldurgarria proiektatu du Argentinak

Pablo Avelluto, Argentinako kultura ministro ohia.

Konturatu zineten zer salatu zuen Benjamin Naishtatek Donostiako Zinemaldian, Rojo filmarengatik irabazitako zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuan zuela? Argentinak Kultura ministerioa desegin duela. Ministerio oso bat, ez si eta ez no, estatu-idazkaritzaren mailara jaitsi dute eta orain Hezkuntzaren menpe dago –eta ez Kultura bakarrik, Energia, Enplegua, Agroindustria, Osasuna, Zientzia eta Teknologia, Turismoa eta Ingurumena ere beheratu ditu Macriren gobernuak, estutasun ekonomikoak argudiatuta–.

Erabakiak, noski, ez du ekarriko izena aldatzea bakarrik. 2019ko aurrekontuetan murrizketak iragartzen hasiak ziren Naishtaten protesta baino pare bat egun lehenago; eta duela hamar urte pasatxo paraje hauetako politikari gehienek jo zuten musikaren bertsio batekin atera zen mikrofonoen aurrera Pablo Avelluto, lehen ministro zena eta orain Kulturako estatu-idazkari: “Gaur egungoa bezalako testuinguru batean, gobernu osoaren eta gizartearen ahaleginari lagundu behar diogu kontu publikoak orekatzeko”.

“Gerrikoa estutu behar dugu” espresioaren bariazio horrek itzal izugarria proiektatzen du mundura, Argentinaz ari baikara. Argentinak marraztu zuen 2001eko amaieran, ondoren munduko beste hainbat lekutan ere lehertuko zen krisi ekonomiko, politiko eta soziala zer izango zen eta, dopatutako ekonomia batek tarte batez hedatu badu ere gauzak lehengora itzuliko diren ameskeria, azkenaldian berriz ari gara ikusten 2007ko hondoratzearen antzeko iragarpenak.

Página 12 egunkarian gogoratu dutenez, Cristina Fernándezen eskutik iritsi zen Argentina Kulturari ministerio propioa ematera 2014an. Asmatzen noiz eduki zuen aurretik hainbesteko pisu instituzionala? 2001. urtean, “corralito”-aren abendu hartan de la Rúaren gobernua erori arte.

Kulturan tamaina horretako erabakiak hartzeak, efektu zuzena izan dezake sortzaileen bizi-baldintzetan, murrizten den lehen alorretako bat, “kendu daitekeena”, haien jarduera izaten baita –”azken finean pasioagatik egiten dute ezta?”, argudiatzen dute zinikoek–. Baina Naishtatek, aldarrikapen gremialetik harago jo zuen Donostian: “Kulturak duindu egiten du, herri baten duintasunaren parte da, eta duintasuna ez da negoziatzen”. Gorde esaldia, inoiz ez baita jakiten noiz etorriko den erabilgarri bihurtuko duen erabaki politikoa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07