blogak

Boligrafo gorria

Kontua, musikan ere, produktiboa izatea baita

Mundu osoko musikariak ari dira streaming bidez kontzertuak egiten egunotan, baita Euskal Herrian ere.

Zerbait argi geratu bada koronabirus honen hedapenarekin, zera da: gizarte honek panikoa diola sistemak ezartzen dituen denborak eteteari. Arduradun politikoek badakite eta horretaz baliatzen ari dira euren fantasia autoritarioak egia bihurtzeko. Herritarrak elkartu, dibertitu edo antolatu daitezkeen lekuak itxita daude. Langileak produkziorako zukutzen dituzten lantokiak berriz, irekita, horrek hildakoak ekarriko dituela dakiten arren.

Eta zenbat polizia bazter guztietan.

Baina sistemaren tenporalitatea etetearen beldurra gizarte osoan hedatua dago, begiratu bestela etxean geratu behar izan dugunetik zenbat ekimen sortu diren bizimodu normalaren ordezko gisa.

Kulturaren alorrean, arreta deitu dit fenomeno batek: streaming bidezko kontzertuak. Berez, kontzeptuak ez dauka zentzu askorik nire ustez. Musika etxean entzuteko, diskoak daude. Hori da musikari batek “etxean” egiten duenetik interesatzen zaidana; eta disko bakoitza egiten sartzen diren konposizio, moldaketa eta grabaketa ordu guztiak kontuan izanda, iruditzen zait lan horri mespretxu handi samarra egiten ari garela azken asteetan, entzuteko moduko diskoak gomendatu beharrean musikariak euren etxeko sofan kontzertu baten suzedaneoa egiten jarriz.

Zuzenekoak zuzenean ikusi behar direla pentsatzen dutenetakoa naiz, dei nazazue ortodoxo. Pantailan ikusteko “kontzertu” batek ez dauka, nire irudiko, musikalki balio handirik, ez bada mezu bat zabaltzea: musikari horrek produktibo izaten jarraitzen duela. Azken bueltan hori baita kontua hemen, produktibo izaten jarraitzen duzula demostratzea.

Produktiboa ez dena zakarretara bota behar delako gizarte honetan. Eta kuidado handirik gabe gainera: ikusi bestela nola kontsolatu zen gure zentzu komuna jakin genuenean gaixotasunak batez ere adineko jendea garbitu zezakeela. Inork ez du hurrengo postuan agertu nahi onartu daitezkeen heriotzen zerrendan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07