blogak

Boligrafo gorria

Konfinamendurik onena

Sorgin-ehizaren garaia ekarri du pantailara Agüerok.

Problema tekniko bat medio, 15:45ean Donostiako Antzoki Zaharrean hasi den filma eten egin da. Argiak piztu eta, arazoa konpondu bitartean geneuzkan alternatibak esplikatu ditu Zinemaldiko langile batek: “Komunera joateko altxa zaitezkete, baina ezin duzue eraikinetik atera”. Momentu deserosoa izan da. Beste edozein urtetan, honelako zerbaitek momentuko eragozpena besterik ez zuen eragingo. Hilabete batzuetako konfinamendua bizi izan ostean, ordea, areto barruan konfinatuta egotearen sentsazioa eduki dut. Klaustrofobia berehala pasa zait, ordea. Zeren, esaidazue: ba al dago irten gabe egoteko zine areto bat baino leku hoberik? Konfinamendu okerragoak ikusi ditugu pantailan: atxilotuta dauden pertsonaiak eta maitasun-harremanetatik atera ezinda dabiltzanak, besteak beste.

Flashback ostiral arratseko emanaldira: hasi da lehiaketa ofiziala film euskal-argentinar batekin. Badirudi Pablo Agüero zuzendariak joera daukala emakume ahaldunduak bere pelikuletako protagonista bihurtzeko. 2015ean Sail Ofizialera ekarri zuen Eva no duerme filmak Eva Perónen gorpuaren inguruan eraiki baitzuen istorioa eta bost urte geroago, Euskal Herriko sorgin-ehizaren garaira eraman gaitu Akelarre-n. Estetika indartsu baina efektista samar batekoa da 1609an girotutako lan hau, une batzuetan GoPro kamera baten estiloko irudiak erabiltzera ere iristen dena, plano subjektiboan, bilatuz ikuslea filmeko protagonistak diren emakume gazteekin berehala identifikatu dadila.

Sorginkeria akusaziopean atxilotu eta konfesatzera derrigortzeko torturatzen dituzten emakume gazte talde bat da, beraz, protagonista. Pertsonaia horien eta inkisizioko kideen arteko dikotomian oinarritzen da filmeko gatazka: preso dauden neskek, heriotza segurua aurreikusiz, ahalik eta gehien luzatu nahi izango dute epaiketa-prozesua, itsasoratu diren herriko gizonak itzuli eta aska ditzaten –Silvia Federicik Caliban eta sorgina liburuan aipatzen du Lapurdin horrelako zerbait gertatu zela–. Epaiketa luza dadin, inkisidore baten fantasia elikatzen saiatzen da Amaia Aberasturik eraginkortasunez antzezten duen pertsonaia, nesken ohiko praktikak (dantzatzea, sagardoa edatea, masturbazioa…) erritual satanikoen parte balira bezala kontatuz.

Besteak beste Netflixen diruari esker filmatutako ekoizpen honek mota horretako plataformetako telesail askok daukaten faktura landu hori dauka, distiratsua dena baita ilunpetan gertatzen diren eszenetan ere; eta duda handiak dauzkat argazki hori ote den mota honetako gertakari historikoak pantailara eramateko aproposena, ez ote duen dena gehiegi ederresten.

Uzten duen sentsazioa oso light-a da, sorgin-ehizetatik bisita turistiko bat egin izan bagenu bezalakoa, batere beharrezkoak ez ziren momentu musikal-koreografiko batzuk barne. Eta, hala ere, gauzak dauden bezala egonda, ez ninduke harrituko Agüeroren pelikula hau euskal jende alternatibo jatorraren artean hit bat bihurtuko balitz, izan ere, euskaldunak zintzoak eta gaztelarrak gaiztoak diren pelikula baten aurrean gaude zeinak, endemas, irakurketa feminista agerikoa daukan. Gauzak aurreratzen ari naiz, badakit, baina pelikula honek merkatu-nitxo horrekin konektatzea lortuko balu, konfirmatuta geratuko litzateke pose konprometitu askoren azpian zine-kontsumitzaile kontserbadore samarrak ezkutatzen direla.

Bi mutil gazteren arteko harremanean oinarritzen da Ozonen filma.

Maita nazazu frantsesek bezala

Zinemaldiaren aspaldiko lagun baten bisita ere jaso du gaur Sail Ofizialak: François Ozonek badaki zer den Donostiatik Urrezko Maskorrarekin itzultzea, 2012an Dans la maison-ekin lortu baitzuen. Film harekin antzekotasun batzuk izan ditzake gaur ikusi dugun Été 85-ek, nerabezaroa, norbere buruaren bilaketa eta filma zeharkatzen duen testu idatzia elementu komunak baitira bi filmetan. Oraingoan ordea, bestelako erregistroa aukeratu du zuzendari frantziarrak, saria jaso zueneko komedia fina alde batera utzita (momentu puntual batzuetan salbu).

80ko hamarkada pantailaratzeko argazki granulatuaren aldeko apustua egin du zuzendariak, hasiera-hasieratik nahiko nabarmena den ezaugarria eta, filmeko hautaketa musikalarekin batera, ikuslea garai hartara eramaten duena. Bi mutilen arteko maitasun harremana eta haietako baten heriotza dira filmeko istorioa abian jartzen dutenak: epaitegi batera sartzen ikusiko dugu bizirik geratu dena eta atzera eginez kontatzen da zer gertatu den bien artean.

Protagonistak homosexualitatearen garai hartako tabu sozialari aurre egiten ikusten ditugu pelikularen lehen partean eta, hasieratik elkarrekin bukatuko dutela nahiko agerikoa izan arren, zuzendariak pixkanaka kontatu nahi izan du harreman hori, etorriko den erlazioa beste ekintza batzuen bidez iradokiz, une batzuetan modu nahiko zalantzagarrian (protagonistak aipatuko du motoan ibiltzen den “lehen aldia” duela; lagunak esango dio ez egiteko kontra, uzteko bere burua eramaten… mota horretako dialogoak).

Pelikulak ordu eta laurden bete duenean bukatuta dagoela dirudi, bi mutilek euren arteko harremana ulertzeko dituzten modu diferenteek tragedia eragingo dutenean. Horraino, niri behintzat, transzendentzia gutxiko istorioa iruditu zait, modu nahiko afektatuan kontatua gainera (barkagarria izan daiteke hori, maitasun erromantikoaren gaia tartean dagoelako; baina bueno). Baina pelikularen azken partean, heriotzaren aurrean protagonistak hartzen duen bidearekin naufragiotik salbatzen da Ozon, trabestismo eszena nahiko dibertigarri bat sartuz (Une nouvelle amie filmean ere landu zuen gai hori) eta mezu borobil batekin bukatuz. Esperientzia luzeko zuzendaria izatearen gauzak: erdipurdiko pelikula honek utzi zezakeena baino zapore hobea utzi du azkenerako eta, gaur bai, txalo beroak entzun dira Kursaalean.

‘Passion simple’ filmeko protagonistaren antzezpena nabarmentzeko modukoa da.

Beste ekoizpen frantses batekin itxi da larunbat honetako programa: Danielle Arbiden Passion simple Annie Ernaux idazlearen nobela baten egokitzapena da (euskaraz irakur dezakeguna, portzierto: Igela argitaletxeak publikatu zuen Pasio hutsa titulupean). Emakume batek bere maitalearekin izango duen harreman obsesiboaren kontakizuna da filma: sexu hutsa izaten hasi zen erlazioak pixkanaka protagonistaren bizitza osoa baldintzatuko du, dekadentzia pertsonal eta familiarra eraginez.

Behin eta berriz ikusten ditugu protagonista eta bere maitalean sexu harremanak edukitzen, agortuko ez dela dirudien pasio batean murgildurik, baina errepikapen horien despit, filma ez da astuna gertatzen, Laetitia Dosch aktorearen ñabarduraz beteriko antzezpenari esker besteak beste (emakumezko aktore onenaren sarirako hautagai sendo bat badaukagu dagoeneko). Honelako istorio batek eskatzen duen sakontasuna eta tentsio psikologikoa eman dizkio pertsonaiari, oreka zail bat lortuz filmaren tonuak eskatzen duen hoztasunaren eta kontatzen duen istorioak une batzuetan derrigorrezko egiten duen ezinegon existentzialaren artean.

Bide batez, eta gaurkoa amaitzeko, gogoeta bat: orain arteko pelikula guztiak aipatuko ez dudan birus horren agerpena baino lehenago errodatu zirenez, ez da maskara bakar bat ere ikusi oraindik pantailan. Posible izango dira maitasun eta sexuz beteriko istorioak pandemian girotutako pelikuletan?

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07