blogak

Boligrafo gorria

Irulegiko eskua erabiltzeko manuala

A ze astea lagunok. Frenesi hutsa. Zenbat pasio, zenbat ilusio, zenbat sukar. Egia izango da azkenean ez dakit nork esan zuen –eta mundu guztiak Lenini egozten dion– zera hura: batzuetan hamarkadak pasatzen direla ezer gertatu gabe, eta derrepente egun batzuetan hamarkada osoak gertatzen direla. Gu beti bat gehiago: euskaldunen kasuan, mendeak gertatu zaizkigu azken egunetan. Irulegiko eskuaren aurkikuntzaz ari naiz, noski. Kristorena iruditu zaidala esan behar nuen, baina kristo aurrekoa da, joder, espresio berriak sortu beharko ditugu behingoz honen ondoren.

Aupa: aurreko paragrafoa idatzi duen tipo bera naiz, dutxa hotz bat hartu ondoren. Ondorengo guztia lasaixeago. Hain lasai, ezen esan baitezaket sortu den euforia-giroan irakurri dudan gauzarik zentzuzkoena Laura Mintegik Berria-n esandakoa dela: “Honakoa izan daiteke aukera on bat isilik egoteko eta ikerlariei lan egiten uzteko”. Antza denez, ordea, sinetsita daukagu denok esan behar dugula zerbait, benetan gaiarekin dabiltzanek dena esan ez dezaten. Eta horretan aritu gara gehientsuenak jo eta fuego, zeinek handiagoa botako.

Sosegu pixka bat jartze aldera, esango dut nik ez nukeela Irulegiko eskuarekin ipurdia garbituko, besteak beste brontzezko pieza batek gorputzaren atal sentsible samar horretan harramazka inportanteak eragin ditzakeelako. Baina ez nukeela esku hori erabiliko masturbatzeko ere, zeren idem. Beraz, gure anatomiaren jolas-parkeari dagokionez, gauzak nahiko garbi daude: segi ezazue, orain arte bezala, hezur-haragizko eskuekin –zuenak izan daitezke edo horretarako baimena ematen diezuen pertsonenak–.

Gerritik gorako gauzekin ezer ez dago hain klaro. Hasteko, patente eta marken erregistroan hiru eskaera egin dira jada eskuaren ustiapen-eskubideak lortzeko –“sorioneku” hitzarekin beste zazpi–. “Txundituta” agertu da ETBn Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre. Normala. Pasatzen dituzu urteak indusketan, segur aski hobetu zitezkeen baldintzetan lanean, eta zerbait inportantea agertzen delarik, aurrea hartzen dizu kristo guztiak –ai, ez, kristo aurrekoa dela– gauzari etekina ateratzeko. Jakintsuak eskua seinalatzen duenean, listoak errapea ikusten du. Ez garela duela 2.100 urtekoak: %100 kapitalismo berantiarrekoa da jokatzeko modu hori.

Eta gero dago historia honen galdera filosofiko handia: zergatik? Alegia: zer dela-eta piztu du Irulegiko eskuak grina kasik futbolero hau? Euskal Herrian hain errotuta dagoen interes filologikoa etorri zitzaidan burura hasieran [barre enlatatuak], baina gero fuerteago pentsatu eta ondoko ideia errun nuen: mitologia abertzale berri baten premiari aurkikuntza hau etorri zaiola diabetiko bati intsulina bezain ondo. Sorioneku eskua, ikurrinaren, armarri nafarraren edo arrano beltzaren koloreekin: laster nonahi ikusiko ditugulakoan nago.

Tamainan erabiliz gero, ez zaizkit guztiz gaizki iruditzen horrelakoak, hori ere esan behar dut. Nazionalismo baten erabiltzaile izatekotan –horrek dakarren iraganaren fetitxizazio eta guzti–, nahiago sinbolo gisa bere hizkuntzaren antzinatasuna darabilena, eta ez duela bost mendeko konkistatzaileak [eztul enlatatuak]. Baina era berean: gutxienez apologisten garaitik dabil jendea paraje hauetan kontu horiei bueltaka eta emaitzak ez dira espektakularrak izan. Probatu behar genuke zerbait diferentea, sikiera 2.000 urte barruko indusketetan ere agertu dadin orduan hitz egingo dutenaren antzekoa izango den hizkuntza honen arrastoren bat.

The post Irulegiko eskua erabiltzeko manuala appeared first on Boligrafo gorria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07