blogak

Boligrafo gorria

Idazle eta komikigileen sinbiosiak funtzionatzen du

Broma gutxi urritik aurrera zerbait argitaratzekoa bazara: hasi da Durangoko Azokarako lasterketa eta sumatzen da emailera iristen diren liburu eta disko aurkezpenen kopuruan. Dinamika horrek batzuen mesedetan jokatzen du –sortzaile ezagun, kontsakratu edo marketinean abil samarrak direnen arrantza-leku naturala da urtearen azken hiruhilekoa–, baina gehiengoak asko borrokatuta lortzen du arreta pixka bat merkatua bezain saturaturik dauden kazetarien aldetik.

Eta produzitzen duzuna ez bada, gainera, gure giro kulturalak estandartzat daukan ekoizpen mota, baizik eta oraindik ere salbuespenezkotzat jotzen den zerbait, adibidez, komiki bat, orduan are meritu handiagoa dauka plazara ateratzeak, baina are foku gutxiagok argituko zaituzte. Iaz esan ziguten moduan, gurea hitzaren kultura izan baita, eta irudiak eremu horretan bere lekua aurkitu behar du oraindik.

Ari da, hala ere. Begiratu bestela azken aste honetan aurkeztu diren hiru lanei: duela ez asko esan izan balidate euskaraz honelako hiru publikazio izango genituela esku artean ez urte berean, ez, zazpi egun baino gutxiagoren barruan, ez nuen erraz sinetsiko.

Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado, komiki berriaren aurkezpenean (argazkia: Ikastolen Elkartea).

Baina gertatu da: joan den ostiralean Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok Amets alokatuak aurkeztu zuten, elkarlanean egin duten laugarrena. Xabiroi aldizkarian kapituluka argitaratzen joan den istorioa bolumen bakarrean jaso dute; zientzia-fikziozkoa da kontakizuna: etorkizun hurbil batean, pertsonek gau baterako alokatuko dituzte euren ametsak, gaur egun auto bat alokatzen duten moduan; baina alokatzen dena lapurtu daiteke, eta besteren ametsak kontsumitzen dituzten pertsonaiak ere agertzen dira etorkizun hurbilean girotuta egon arren, ukitu retro nabarmenak dituen komikian.

Martin eta Xabier Etxeberria anaiek eta Aritz Truebak elkarlanean osatu dute ‘Buyan’.

Egun berean, Martin eta Xabier Etxeberria anaiek eta Aritz Truebak Buyan aurkeztu zuten. Etxeberria anaiak ezagunak egingo zaizkio irakurleari, ibilbide luzeko idazleak baitira; baina honakoa dute lehenbiziko komikia, Truebarekin egindako elkarlanari esker argitaratu ahal izan dena. Euskaraz, frantsesez eta ingelesez publikatu den lan honetan zazpi urte inbertitu dituzte sortzaileek. Emaitza: XIII. mendeko Errusian girotutako istorio zirraragarri bat, zeinak Urrezko Ordaren eta Zaldun Teutoniarren arteko borrokatik ihes eginez, Buyan uhartera iritsi nahian ari den gazte bat duen protagonista.

Ugartek eta Larratxek egin duten ‘Joana Maiz’ komikiaren lagin bat.

Aste honetan bertan berriz, Yurre Ugartek eta Joseba Larratxek Joana Maiz atera dute labetik, casting zuzendari batek langabezian geratu ondoren bizitzen duen barne-prozesu korapilatsua kontatzen duen komikia. Joana Maizek, protagonistak, Lauren izeneko 80 urte inguruko amona ezagutuko du eta harengan bere buruaren ifrentzua ikustean izango duen eboluzioa ezagutuko dugu. Harriet argitaletxearen bitartez publikatu den lan hau Getxoko Komiki azokan eskuratu ahal izango da asteburu honetan eta ohiko dendetan berriz, datorren astetik aurrera.

Etorkizunean girotutako distopia bat, urrun samarreko garaietan kokatutako komiki historiko bat eta gaur-gaurko emakume baten gorabeherak kontatzen dituen lan bat. Itxuraz elkarren antzik ez duten gauzak dira, baina gutxi fida itxurez, azken astean ezagutu ditugun hiru komiki hauek patroi bat erakusten baitute: hiruretan euskal komikigintzarentzat oso interesgarria bihurtzen ari den formula errepikatzen da, literatura idazleak eta komikigileak elkarrekin lanean jartzea; horrek, azken emaitzaren distiraz gain, bi aldeek irabazten duten eskema sortzen du –idazleek komikirantz eraman ditzakete literatura irakurtzen duen jendea; eta alderantziz, komikizale batzuek idazle interesgarriren bat deskubritu dezakete bineta artean–.

Jarrai dezala sinbiosiak beraz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07