blogak

Boligrafo gorria

Humans of late capitalism

Peter Stricklanden filma da, dudarik gabe, Sail Ofizial honetako gauzarik arraroena.

Ekaitz frikia zegoen iragarrita gaur egun osorako Zinemaldiko parte meteorologikoan, programan Peter Strickland eta Carlos Vermuten filmak agertzen zirelako. Eta aurreikuspenak bete dira, baina neurri batean bakarrik: gauza arrarorik gertatzen ez bada, Stricklandena izango da aurten ikusiko dugun buru-frijitzerik handiena; Vermutek berriz, 2014an Urrezko Maskorra eman zion Magical Girl-ekin konparatuta, pelikula konbentzionalagoa egin du.

Planteamendutik bertatik da tripi bat Peter Stricklanden In Fabric: saltoki handi batean gertatzen den beldurrezko film bat, zeinean hiltzailea den… soineko gorri bat. Estetika retroa eta promesa bat: imagina dezakezun gauzarik martzianoena motz gera dadin ahaleginduko dela. Eta horren aurrean, ikusleak erabaki behar du pelikula hau broma txar bat besterik ez ote zaion iruditzen edo, segurtasun-gerrikoa lotu eta eromen honen parte izan nahi duen.

Baina adi, Sail Ofizialean elefante malabarista bat bezala sartu den pelikula honek kontsumo-gizartearen kritika original bat ere gordetzen baitu, baita langileen esplotazioarena edo azaleko bikote-harremanena ere. Kapitalismo berantiarreko gizakiei buruzko satira bat da, bere buruari mugarik jarri gabe egina eta darabilen umore motan Ben Wheatleyren High-Rise gogora ekar dezakeena. Gehiegizkoa. Eta oso dibertigarria.

Hamar urtez abestu ez duen pop izar bat du protagonista Vermuten pelikulak.

Carlos Vermuten Quién te cantará berriz, ez da iritsi espero nuen frikismo mailara. Amnesiarekin esnatu da Lila ospitalean: ez du gogoratzen abeslari famatua dela, hilabete gutxi barru eszenatokietara itzultzekoa zela; eta ez ditu gogoratzen kontzertuetan abestu beharko lituzkeen kantak ere. Youtuben bere imitatzaile bat ikusiko du ordea, Violeta, karaoke-taberna batean lan egiten duen fan bat, eta haren laguntzarekin berriz kantatzeko prestatzen hasiko da.

Hamar urtez abestu ez duen pop izarraren istorio honekik Vermutek Pedro Almodovarren zinemagintza ekarri du gogora, kasik aurreko filmarekin Javier Rebollorena ekarri zuen bezainbeste. Filmeko karaoke-kantariak zuzendutako zerbait dirudi, imitatzaile on baten pelikula, ez ahots propioa daukan zuzendari batena.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07