blogak

Boligrafo gorria

Gu, Austriako esloveniarrok

Jende ugari ibili da ostiralean ere Durangoko Azokako pasilloetan (argazkia: Durangoko Azoka).

Ibilbidea: Tooth taldearen kontzertua, itzulpengintzari buruzko mahai-ingurua, Euskadi Sariei buruzko mahai-ingurua, Rolan bakarlariaren kontzertua.

Gauza arraroak gertatzeko posibilitateak atzo guztiz agortu zirela sinetsita, igo gara ba gaur arratsaldean ere Durangoko Azokako antolatzaileek Landako gunean utzi diguten mahaira, behingoz kontu arruntak kontatzen dituen artikulu bat idazteko prest gure kulturaren alfa eta omega den feria honetaz, euskal kulturaren erakusleiho eta topagune, mendea eta segundua gurutzatzen diren leku. Baina asmo horiek pikutara joan dira gure mahaian laranja bat aurkitu dugunean.

“Tira, laranja bat, a ze gauza”, pentsatuko duzue. Nik ere hori pentsatu dut hasieran, norbaitek ahaztuta utzi duela-edo. Eta gainera horrela esanda, ez dirudi beste munduko ezer, baina laranja honek badu berezitasun bat. Ez, bi: begi bat daukala margotuta eta traola bat, #pasazank.

Norbaitek badaki zer esan nahi duen laranja honek?

Pasa, zer? Laranja? Nori? Hemen inguruan lanean ari diren beste kazetariek ez dakite ezer asunto honetaz eta konjeturak egiten aritu naiz: Ciudadanos alderdikoak Durangoko Azokan? Eusko Labela duten zitrikoak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren kanpaina? Ez dakit. Oso arraroa da hau. Oso arraroa.

Tooth taldearena ere ez da oso ohikoa. Ez zaie oso ordu ona egokitu Ahotsenean jotzeko, 13:40etatik 14:10era bitartean jende asko bazkaltzera joaten hasten da eta hutsago egoten dira Azokako guneak orokorrean, baina gernikar hauen hirugarren diskoa den _amaierarik ez… zuzenean entzuteko taldetxo majo bat zegoen, nagusiki mutilez osatua eta, guztiz zehatzak izateko, lerro hauek idazten dituenaren antza duten mutilez: bizarrak, pastazko betaurrekoak eta kolore ilunezbeztitzeko joera. Ofiziala da: post-hardcorearen zaleak sekta bat gara.

Tooth taldea (argazkia: Ainhoa Beristain – Beris Photography)

Kontzertua izan dena deskribatzeko berba arrunten ordez onomatopeiak erabiltzea izango litzateke egokiena, bigarren kantarako gitarra baflearen kontra akoplatzen ari baitziren, publikoa adoretzen, kasik kontzertu bat entzutera baino autobus bat ipurdiz gora botatzera etorri izan balira bezala. Dut taldea gogora ekartzen duen planteamendu batekin, tortikoli bat tokatzeko txartel guztiak erosita burua gora eta behera mugituz eta, azkenerako, eszenatokitik jaitsi eta publikoaren artean sartuta bukatu dute. Beti paratuko naiz taula gainera jarrera horrekin ateratzen den jendearen alde: denari su eman eta Frantziara alde egin.

Edo Esloveniara: kaixo, bazkalosteko kronikagilea naiz eta erregistroz guztiz aldatzea eskatzen du areto nagusian antolatu duten mahai-inguruak. “Besteak gure ispilu: itzulpengintza, hizkuntza txikien arteko zubi” zuen izenburua eta aukera eman du Barbara Pregelj eta Peter Sventina esloveniarren iritziak entzuteko euren literatur sistemaren ikuspegitik, Juan Kruz Igerabiderekin batera. Segur aski Azoka ez da lekurik onena mota honetako saio bat egiteko, giroko zaratak eta programazio bigorexiko honek ezartzen dituen ordutegi-mugak kontuan izanda, itzulpen-politika bezalako gai batean gehiegi sakontzeko aukerarik ez baitago.

Jaso ditugun pintzelkada batzuek, ordea, merezi dutelakoan gaude: Pregeljek gogorarazi du eslovenieraren egoera ez litzatekeela euskararen oso bestelakoa XX. mendeko turbulentziengatik izan ez balitz, I. Mundu Gerratik aurrera utzi baitzion euren hizkuntzak ia espazio guztiak alemanarekin partekatzeari, hizkuntza nazional bihurtzeko. Baina Sventinak gogorarazi du esloveniera hizkuntza gutxitua dela oraindik Austriako eskualde batean eta akaso horrekin konparatu beharko litzatekeela euskara. Are, euskal idazleek esloveniarren aldean abantailak ere badituztela iritzi dio: “Atxagak bi hizkuntzatan argitaratzen du, euskaraz eta gaztelaniaz; idazle esloveniar batek ezin du hori egin”, azaldu du, horrek irakurle gehiagorengana iristeko ematen duen posibilitatea seinalatuz. Ñabardura Igerabidek: euskal liburuen erdal itzulpen gehienak Euskal Herrian irakurtzen dira, hor agortzen da bidea gehienetan.

Mota honetako solasaldietatik etxeko lanekin ateratzea ez da arraroa izaten, hizkuntza txikietan ari garenon arteko loturak sentimentalak izaten baitira maiz, praktikoak baino gehiago. Pregeljek uste du aukerak badaudela berez badagoen afinitatea gehiago garatzeko, euskal idazleen itzulpenek harrera ona izan dutela euren herrialdean. “Alderantzizkoa ez da gertatzen ordea, ea hori aldatzen den”, esan du. Hara hor etxeko lan bat, hemengo argitaletxeek aspaldian utzi samar daukatena: beste hizkuntza txikietako literaturak gurera ekartzea. Igerabiek uste du azken krisi ekonomikoak aitzakia ona eman duela lehen ere oso komertzialtzat jotzen ez ziren apustuak bazterrean uzteko eta beharko litzatekeela politika kultural bat hori horrela izan ez dadin.

Politika? Kultura? Euskadi Sarien ingurukoa izan da areto nagusiko hurrengo solasaldia. Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen sari horiek aurten izan dituzten irabazleen argitaletxe batzuetako editoreak elkartu dira (Pello Eltzaburu, Dani Fano eta Inazio Mujika), mota horretako errekonozimendu instituzionalek gurea bezalako esparru literario batean zer funtzio duten eztabaidatzeko. Arrankatzen ez duen kotxe bat bezalakoa izan da saioa, baita gai arantzatsura iritsi denean ere: momentu batean galdetu zaie 2007tik hona zenbait idazlek sari horiei uko egiten dietela eta Eltzaburu menturatu da esatera Mikel Peruarenak Su zelaiak nobelarengatik saria irabazi eta baztertu zuenean eman zituen arrazoiek ez ziotela sariari kalterik egin, kontrara, “horrek handiago egin zuen saria” haren ustez.

Ez dakit ba: iruditzen zait logika horren arabera, urteren batean saridun guztiek uko egingo balute, espaziotik planeta honi begiratuz gero bi giza-eraikuntza ikusiko liratekeela, Txinako harresia eta Euskadi Sariak. Baina ez da gertatuko, beraz goazen kronika bukatzera.

Rolan Garces Ahotsenean.

Ateak ixtear zeudenean hasi da Ahotsenean Rolan Garcesen kontzertua. Disko bat argitaratu berria du Gor-ekin, Loop abestiak, bederatzi kanta jasotzen dituena: folk klabean, moldaketa xume baina interesgarriekin, Iruñeko bakarlari hau eguneko sorpresa izan da.

Bueno, beste sorpresa: laranja horrek zer esan nahi digun ez dugu ulertu oraindik.

PS: Kronika hau osatzeko ezinbesteko kolaboratzailea izan da Castillo Suarez, zeinak momenturik larrienean, apunteak hartzeko boligrafoaren tinta bukatu zaigunean, bere idazteko tresna utzi digun lubakitik salto egitera doan soldaduari fusila uzten zaion konbentzimendu berarekin. Zorretan gaude.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07