blogak

Boligrafo gorria

Goblin mode

Bridget Jones beste inor baino lehenago hasi zen goblingintzan.

 

Urteari azken bizarrak depilatzen ari garen honetan, hasiak dira zoko orotan agertzen mota guztietako sailkapenak eta zerrendak. Bateko aurten gehien entzun dituzun kanta spotifykatuak, besteko 2022ko ezinbesteko liburuen listak –Durangoko Bazokaz armatuta geronek ere jaurti ditugu batzuk, barka kaltetuei–, baina lerro hauek idazten ari garenean oraindik Euskaltzaindiak ez du adierazi zein izan den urteko euskal hitza.

Eta nik, horren esperoan azkazalak jan eta jan hatz puntak haragitan uzteraino, azkenean traizio egitea erabaki dut. Barka biezadate gure hizkuntzaren akademiako kide txit prestuek: ingelesezko aurtengo hitza zein den gugeldu behar izan dut abstinentzia sindromeak akabatuko ez baninduen –bekatu barkagarria egin dudala uste dut, nolanahi ere, akaso aurki urteko euskal hitza ere Basque Word of the Year in the Middle of the Night berrizendatuko baitute: Bermeo Tuna World Capital hura gertatu zenetik espantugintza makalduta dabilkigu–.

To-tal (enroilatzen ari gara-eta): “Goblin mode” dela aurtengo ingelesezko hitza Oxfordeko unibertsitatearen arabera, asuntua aukeratzeko jarri duten atarian demokratikoki botoa eman dutenen erabakiz. Eta zer arraio, kristo eta demonio da “Goblin mode”? “Portaera mota bat, konplexurik gabe auto-barkabera dena, alferra, zarpaila edo sabelkoia, normalean arau- edo aurreikuspen-sozialak alde batera uzten dituena”. Goizeko hiruretan ohetik jaiki eta sukaldean gaileta batzuk marruskatzen ari zarela astegun buruzuri batean? Goblin mode ON zaude. 2020ko martxotik garbitzera bota ez duzun pijama soinean pasa duzula egun guztia? Goblin mode premium. Eta abar.

Antza denez, aurtengo udaberrian, neurri pandemikoak laxatzearekin batera hasi ziren espresioa erabiltzen gringolandietan, jende askoren aldartea ez baitzen “bizimodu normal” deritzogun horretara bueltatzearen oso aldekoa. Etxe zuloan sartuta hainbeste denbora pasa ondoren, has zaitez berriz makarrak kentzen, arropa sozialki onargarria bilatzen Eroskiren publia daukan kamiseta gastatu horren ordez; has zaitez orrazten, has zaitez makillatzen, has zaitez txapinetan kalera ateratzeko tentaldiari eusten… a ze galbana. Eta hilabete batzuk pasa diren arren, batzuek oraindik otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu egiten dugu gure goblinaren etxe zuloa.

Goblina, antzinako pertsonaia mitologikoa, ez da giza-fantasiak sortu dituen beste piztien aldean oso diferentea itxuraz: azal berdekoa, belarri zorrotzekoa, deabru txiki baten tankera eman izan diote kondairek. Bizitzaren aurrean hartzen duen jarrera du diferentea, ordea. Goblina ezkutatu-zalea da, zokokoa, kobazulo batetik zelatatzen dio munduari; edo etxeetan haurrak ikaratzeko sortu ziren eskailerape eta armairu hondoetatik. Baina ez pentsa, gero Pintto txakurra bezain kaltegabea da, ez du koska egiten eta bi begiak ixten ditu, alfer hutsa delako, noski; ez izorratu siesta gero.

Garaiaren espirituarekin bat egiten du guztiz goblin mode hau aktibatuta egoteak –“aktibatuta egon”, portzierto, oso lokuzio goblina da–. Ez dakit, ordea, zer ekar dezakeen jarrera horrek aurrerantzean: depresio kolektibo sakonagoen atarikoa besterik ez ote den ala, agian, intsumisio forma berriak inspiratuko dituen, goblina pixka bat politizatzea lortzen bada. Nagien iraultza: kontzeptu tentagarria denik behintzat ezin uka [aharrausia].

The post Goblin mode appeared first on Boligrafo gorria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07