blogak

Boligrafo gorria

Ekilore-zopa

Just Stop Oil mugimenduko kideak Van Goghen koadroaren aurkako ekintzan.

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik inporta ekintzara pasatzen zarenean, baloratuko dena egin duzun hori izango delako, ez zer asmorekin egin duzun. Helburu nobleekin sarritan gauza desastrosoak egin baitaitezke, idazten diren maitasun-poema edo, are, tematika bereko bertso-sorta gehienek erakusten duten bezala. Bai, bihotz-bihotzetik atera zaizu, baina cringe pixka bat ematen du. Eta zure buruan ideia bikaina zirudien, e? Ba gauza bera honekin.

Egia da komunikazio aldetik “funtzionatu” duela. Joan den astean bideoa zabaldu zenean ez zegoen beste konturik sareetan eta, inoiz asko sinetsi ez dudan kontsignak dioen moduan, “hitz egin dezatela nitaz, gaizki-esaka aritzeko bada ere”. Ekintzak lortu du, bai, larrialdi klimatikoaz hitz eginaraztea. Problema bakarra da 2022an gaudela eta ez, demagun, 1992an. Kontua jada ez dela hainbeste “arazoa ikusaraztea”, “jendea kontzientziatzea”, eta abar, helburu egingarri batzuk agenda politikoan sartzea baizik. Bide askoz malkartsuagoa aktibismo espektakularrean aritzea baino.

Bai, badakit; eta ez baneki, Twitterreko sermoilariren bat hor legoke esateko: “Jendea gehiago haserretzen da koadro bati zopa pixka bat bota diotelako klima aldaketak dagoeneko Pakistanen eragin dituen 1.500 hildakoengatik baino; edo azken 50 urteetan munduan desagertu diren animalia-populazioen %70agatik baino”. Ekiloreen errepresentazio piktoriko baten profranazioak asaldatzen gaitu eta, aldi berean, oso posiblea da bizitza osoan benetako ekilore bat ukitu ez izana. Esaldi hori –erdi-arte garaikideko erakusketako jerga, erdi-Paulo Coelho– litzateke azio honen irakaspentxo morala, azaleko geruza batean.

Baina oraindik ez dut ulertu zeren kulpa daukaten erabateko miserian eta -1 belarrirekin hil zen margolari batek edo haren koadroak hondamendi ekologikoaren saltsa honetan. Agian ekintzaileek saboteatu izan balute Londresko museo publiko batean dagoen obra baten ordez, nik zer dakit, beraien ekintzak finantzatzen dituen Aileen Gettyren aitonak Los Angelesen fundatutako museo pribatuko piezaren bat… Rubens, Tiziano, Monet edo Degas leuzkakete aukera-aukeran. Baina ez, orduan ere “artea ala planeta” debateak jarraituko luke izaten abiapuntu galtzaile bat, kale itsu bat, ezer ulertzeko edo eraldatzeko balio ez duen marko bat. Hori bai, bilobak pagatu izan balu aitonaren kolekzioko obren kontrako matxinada, gutxienez ekonomia zirkularraz hitz egin ahalko genuke.

Ez du horrelakorik egin. Ez du benetako ekintzarik finantzatu ere, zeren hori da bestea, esaten ari garela koadroari zopa bota diotela, baina zehatzak izateko esan behar genuke koadroa babesten duen kristala geratu dela “salda badago” esanez. Ekintzak hasieratik aurreikusi du obra babestuta dagoela, ondare artistikorik ez kaltetzeko pentsatuta dago. Alegia, fakekintza bat da. Lehen momentuko keinu erradikalak eragindako inpresioaren ondoren, berehala nagusitzen da sentsazio erosoago bat: dena ordenan dago, ez da gertatu atzera-bueltarik gabeko ezer. Klima aldaketarekin gerta daitekeenaren justu kontrakoa adierazten du, hortaz. Eta hori nahiko perbertsoa da, segun eta nondik begiratzen duzun.

The post Ekilore-zopa appeared first on Boligrafo gorria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07