Bidaiatzen dudanean bi izakirekin izan ohi ditut arazoak, kaleko zakurrekin alde batetik eta taxistekin bestetik. Lehenengoekin ez dago arazo berezirik, herrialde musulmanetan egotekotan kantitate txikian egoten baitira. Bigarrenari dagokionez, eskerrak eman behar dizkiot, suertatu zen eztabaidak Armin gerturatzea ekarri baitzuen, Couchsurfing bitartez bere etxea eskeini zidan gaztea alegia.
Arminek bere lagunak aurkeztu dizkit eta askotan egin didaten lehenengo galdera hauxe izan da, “zer pentsatzen zenuen Iran-i buruz etorri aurretik?”
Kezkatuta agertzen dira haiei buruz esaten denaren inguruan, konziente baitira herrialderi buruz zabaltzen diren berriak negatiboak izaten direla askotan.
Arminek dio Irango gizartea tristea dela, esperantzarik gabe, niri hala iruditu ez bazait ere. Norbanakoek gure existentzia justifikatzeko hainbat buruhauste eta okupazio bilatzen ditugu, berak dio hori ere ez daukala. Interesgarria da oso Khiarostami Irandar zinema zuzendariak “Gereziaren zaporea” filmean arazo honi ematen dion irteera. Suizidioa bilatzen duen gizon batek azkenean hori ez egiteko motibazioa, gerezien zaporean aurkitzen baitu.
Omid-ek dio pentsamendua janzkerarekin lotura doala, gero eta beltzagoa gero eta kontserbadoreagoa. Emakumeetan beltza da nagusi, eta ez ziurrenik kontserbadoreagoak direlako baizik eta publikoan jarrera kontserbadoreagoa azaldu behar dutelako. Futbol estadioa daukagu telebistan, bi talde norgehiagokan daudelarik. Estadioan soilik gizonezkoek dute sartzeko aukera eta zaleak oihuka daude, niri “ gora san martzial” diotela iruditu zait.
Gazte hauek aitortzen didate nazioartean, esate baterako Siriako gudarekin, Iran-ek mantentzen duen jarrera egokia dela, Daeshen aurka eta Siriako soberaniaren alde egiten dutelako, baina barrura begira kritikak dira nagusi. Langile klaseko zenbait pertsonak diote azpiegiturak, oinarrizko zerbitzuak eta eskolatze tasak hobetu egin direla 79ko islamiar iraultza hasi zenetik, beste hainbatek Tudeh alderdi komunistako kideen heriotzak gogoratzen dituzten bitartean. Klase ertain urbanoetan eta altuetan badirudi kritikak direla nagusi.