blogak

Biran

Shuarrak edo desagertzeko atarian dauden herriak

100_2808“Jibaro” bezala ezagunak, famatuak izan ziren etsaiei burua moztu ez ezik haien dimentsioa txikitzen zutelako. Historikoki naturarekin harreman estua izan dute, familiak modu isolatuan bizi izan dira eta baratzarekin batera ehiza izan dute ogibide eta bizimodua. Shuar siniskeren arabera eguneroko bizitza faltsua da eta naturaz gaindiko munduan barneratzea ezinbestekoa da. Bizitzaren eta heriotzaren atal determinanteak ikusezinak direnez, horiek ikusi ahal izateko substantzia haluzinogenoak (Ayahuaska eta Maikiwua) hartzea beharrezkotzat dute.

Deskribapen exotikoa Shuar herriarena, exotikoegia agian. Baina Shuarrena beste bizimodu bat edota beste kultura bat besterik ez da. Beste edozein kultura bezala inguruneak egindakoa da, izan ere testuingurua da kultura determinatzen duena. Kontua da egungo testuingurua kapitalismoa dela, globalizazio kapitalista zehatzagoak izatearren. Bere garaian familia zabalek, baratzek, sendabelarrek, animaliek eta landareek osatutako inguruari, gaur egun, botere faktiko kulturala diren kristau elkarte ezberdinak, eskolak eta komunikabideak; botere ekonomikoa diren petrolio transnazionalak, meagintza zein egur enpresak eta boterearen beso armatuak diren militar eta poliziak gehitu behar zaizkio. Guzti hauen arteko muga gainera ez da oso argia, zaila da jakitea non hasten den bata eta non amaitzen den bestea, guztiek logika berdinei erantzuten baitiete.

Dentsitate gutxiko populazio sakabanatuek zaila daukate bizirautea,100_2796 egun isolamendu geografikoak ez baitu ziurtatzen kapitalismoak ez zaituela irentsiko, gehienez jota, prozesua luzatzea ekarri lezake. Bizirauten ari diren herriak eta etorkizun hurbila ziurtatua daukatenak bi elementu garatzen ari dira egun. Bata, auto-antolakuntza estrategiak garatzea eta bestea, sistemak berak sortutako tresnak (eskola, komunikabideak, osasun zentroak,…) haien beharretara egokitzea.

Gaur egun galdera ez litzateke nola ekidin daitekeen sistemaren etorrera. Soilik ehun mila Shuar inguru daude munduan, Estatu kapitalista-desarrollista haien lurretara iritsi zen, gaur egun iristen jarraitzen du eta etorkizun beltzean ere iritsiko da. Beraz, galdera litzateke nola biziraun dezakeen herri txiki batek lurralde dispertsatu batean kapitalismo globalaren garaian. Peru eta Ekuadorko mugan dagoen Kondor mendizerrako shuarrek auto-antolakuntza esperientziak hasi zituzten, haien etorkizuna haien eskuetan hartzeaz gain, bizimodua mantendu eta hobetzeko helburuarekin. Komertzioa, osasungintza, eskolak edota turismoa bai, baina haiek kudeatuta eta haiek ezarritako baldintzetan. Jatorrizko herriak ere irakasleak, medikuak, abokatuak eta alkateak sortzen ari dira. Botere espazioak irabaztea hil ala bizikoa da.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07