Kolonbiara iritsi eta egun gutxira Santos presidenteak FARC-EPrekin egindako akordioak ontzat emateko galdeketa aurkeztu zuen telebistan. Iragarpen historikoa zuzenean jarraitu genuen ingurukoen erreakzioak aztertzen genituen aldi berean. Batzuek herri txiki hartako tabernako telebista begiratzen zuten bitartean beste batzuek otorduarekin jarraitzen zuten lasai, inork ez zuen ezer esan. “Iritzia ez ematen irakatsi didate, iritzia ematea arazoen iturburua baita” esango zigun beranduago lagun batek.
Bogotan ezezkoaren aldeko hainbat pertsona ikusi genituen gure harridurarako, gatazka gordinean aritutakoek bakea nahi badute nola da posible beste hainbatek gudarako jarrera elikatzea?
Uribe presidente ohia da ezezko blokearen lidergotza daramana. Urte askotan gudaren diskurtsoa eta praktika egin dituenak bere jarraitzaileak ditu, paramilitarrekin harremanak izan zituenak, prentsari lorpen militarrak saltzeko nekazariak hil eta gerrilariz janzten zituenak, paramilitarrak desmobilizatu ez ezik euren posizioa indartu zuenak.
Azterketa soziologiko azkar bat eginez, gatazka hain gogor bizi ez den tokietatik etorriko da ezezkoaren bozka poltsa urriaren 2ko galdeketan, hirietatik eta klase sozial ertain zein altuetatik.
Mugimendu sozial eta sindikaletan badira nahiko eszeptiko agertzen diren sektoreak ere. Cauca departamenduko Asoinca sindikatuko kide batek, duela urte batzuk bi tiro jaso zituenetik desplazatuta bizi denak adierazi zigun ez bera ezta bere kideak ere ez direla bozkatzera joango. Izan ere, mugimendu sozialen aurkako errepresioak ez duela etenik izango eta paramilitarren existentziaren aurka ez dela ezer eraginkorrik egingo uste dute. Egun batzuk beranduago, zoritxarrez, mesfidantza hori justifikatzen duen albistea irakur zitekeen prentsan, “marcha patriotica” mugimenduko emakume bat hilik agertu zen.
Ezkerraren blokea nahiko batuta agertzen da baiezkoaren alde, eskubia ordea zatituagoa.Inkesta guztiek baiezkoari ematen diote gehiengoa. Ezezkoak 60 urte baina gehiagoko guda luzatzea dakarren bitartean baiezkoak ilusioa sortu eta jendea mobilizatzeko gaitasun handiagoa erakutsi baitu.
Gobernuak paramilitarrei aurre egiteaz gain bizitza zibilera integratuko diren gerrilariak babesteko neurriak hartuko dituela dio bake akordioak. Baina hau, denborak esango du. Ezin da ahaztu Kolonbiako lurraldearen heren batean FARC-EPk duela de factoko agintaritza eta ordena zein erreferentzia. Lurralde horietan militarrek agintea izateko trantsizioa zaila izango da, haiekiko konfiantza falta dela eta.
FARCen armagabetzean lanean diharduen Nazio Batuetako Kide batekin egin genuen topo, eta ELNren inguruko posizioengatik galdetuta gobernuak kontaktuak hasi dituela baieztatzen du. Hala ere, FARCekin nekazaritza erreforma eta politikan parte hartzeko bermea akordioen funtsa badira, haren iritziz ELNk baldintza gehiago jartzen omen ditu mahai gainean.
Raxoi jaunak aurreko batean inork baina lehenago zelatatu bezala, irailaren 26an Santos eta Timoxenkok behin betiko akordioak sinatuko dituzte. Ondoren, urriaren 2an bakea berresteko aukera izango du Kolonbiako herriak. Norbaitek zalantzak izan ditzakeen arren, ezin ukatu edukiz betetako bakea izan daitekeela.