blogak

Biran

Argi-ilunak Venezuelan

100_1160Mezu apokaliptikoen artean iritsi ginen Caracasera, munduko hiriburu arriskutsuenera gindoazela, super merkatuak hutsik aurkituko genituela eta ipurdi papera ere lortuko ez genuela. Mass mediek eta venezolarrek elikatzen duten beldur mezuak ere ez du gehiegi laguntzen, arratsaldeko zazpiak pasata kaletik ez ibiltzeko gomendio edo abisuak penaz hartu genituen, Euskal Herrian behintzat ordu horretan hasten baita bizitzaren atal interesgarriena. Ondorenean pentsatu nuen segurtasunaren kontua zerbait erreala izateaz gain askotan irudipena dela eta arma politiko bezala ere erabili daitekeela. Segurtasun falta sentsazioa (askotan sentsazioa besterik ez baita) nolabaiteko ezinegonean bilakatzen da eta batzuek badirudi gobernua egin nahi dutela horren erantzule.

Iritsi bezain laster topatu genituen komunikabideetan etengabe aipatutako ilara famatuak eta Albert Riveraren krokodilo malkoak justifikaturik egongo ote ziren pentsatzera ere iritsi nintzen. Arraroa iruditu zitzaidan ogia erosteko zailtasuna egotea irin falta dela eta, baina era berean okindegiak kruasanez beteta ikustea. Tarteka oinarrizko produktuak biltzen dituzten almazenak aurkitzen dituzte militar edo poliziek, izan ere, hainbat enpresek produktu hauek izan arren ez dituzte salmentan jartzen, hornidura falta sortu eta gobernuari kalte egiteko asmoz. Beste batzutan, momentu konkretuetan ateratzen dituzte produktu hauek, arratsaldeko azken orduan esaterako, horrela berrriz ere ilarak sortzen dira. Era berean, herrialdeak inportatzen dituen zenbait produkturekin langile publikoek, militarrak barne, negozio partikularrak egiten dituzte. Produktu ezberdinen prezioen diferentzia izugarria da, enpresa edo pertsona pribatuek kontrolatutako oinarrizko produktuak, gobernuak erregulatutako prezioan saldu behar badira ere errealitatean oso garesti topatzen dira. Adibidez, ogia euro terdian topatzen da eta aldiz elektrizitatea eta gasolina oso merke daude, gasolina deposito bat 0.30 euroren truke bete daitekeelarik.

Jendeari politikaz hitz egitea gustatzen zaio eta era guztietako iritziak entzun ditugu. Jasotako iritziak hain dira kontraesankorrak non gezurra dirudien herrialde berdinean bizi direla. Jende askok esaten digunaren arabera duela hiru urtetik hona gaiztotu da egoera, Estatua krisian sartu baita petrolioaren prezioa jaitsi ahala. Jendeak krisiari modu sortzailean erantzun dio, adibidez, herrialdeko gastronomian oso ohikoak diren arepak egiteko oinarrizkoa den ogi irina lortzea oso garesti jarri zenean, jendeak yucatik atera zuen irina egiteko ideia.

Zoritxarrez gaixotzea ere tokatu zitzaigun, non eta mendiko herri txiki txiki batean. Zorionez osasungintza eta hezkuntza politiken aldeko apustu garbia egin zen azkeneko urteetan eta azken denboraldian herri inguruan lizeo bat ireki zuten eta baita anbulategi txikitxoak herri askotan. Horietako batean momentuan bertan hartu gintuen medikuak eta beharrezko medikamenduak eman zizkigun dohainik, pasaportea edo inolako paperik eskatu gabe. Herrialdeko farmazietan aldiz, medikamendu inportante batzuk lortzea oso zaila dago, baina paradoxikoki Coca colak eta beharrezkoak ez diren bestelako gauzekin betetzen dituzte apalak.

Herrialdearen eguneroko errealitateak bidaia kronika baino kronika soziala egitera bultzatzen du. Venezuelak ordea, aberastasun geografiko zein ekologiko oso interesgarriak ditu eta bertako jendea beste altxorretako bat da. Sozialki ordea, momentu konplexu batean iritsi garela nabaria da eta etorkizun hurbilean momentu konplexuei aurre egin beharko diote venezolarrek.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07