blogak

Biran

Amaitzen ari garen mundua

Amkamioiaaiera baten atarian gaudenez erditze berri baterako prestatu beharko gara, goxo baina indarrarekin bultzatzen hasi, etortzear dena osasuntsua eta zoriontsua izan dadin.

Erditze horrek emango digun izaki berriak ez ditu guda humanitarioa bezalako kontzeptu zinikoak ezagutuko, batzuen mesederako eraikitako mundua ez baita egongo, ezta ehun milaka hildako eragiten dituzten gudak ere. Demokrazia ez da alderdi politikoak bozkatzeko aukera izatea izango, egunerokoan partehartzeko eta erabakiak hartzeko aukera edukitzea izango da. Arduraz jokatzeko, ez ditugu modu arduragabean guri dagozkigun gaiak beste batzuen esku utziko.

Gure haur jaioberriak behar afektibo, sozial eta ekonomikoak beteta izango dituenez ez da kalean eskale ibiliko eta gelakideak, hori izango dira, kideak. Lagunekin aurrez aurre harremanduko da eta haiekin hitz egiteko atariko botoiak sakatuko ditu, ez mugikorrekoak. Lagunak ez dira soilik ezagutzen direnak izango, ezezagunak ere lagunak izango dira eta beraz, lagunei ez die beregana gerturatzea galaraziko dien harresirik eraikiko. Bakardadea eta tristezia bere izaeraren zati naturala izango dira eta ez ditu ukatuko, ezta ordenagailuan borrokatuko ere.

Gatazkak biziko ditu horrela hazi egingo baita. Ez da makurraraziko eta aldi berean gatazkak hitzekin konponduko ditu. Uniformedun hiltzaile eta torturatzaileak ez dira zigorgabe geratuko eta ez dute inongo aginte moralik izango beste batzuei jarrera egokia zein den inposatzeko.

Heriotza ez da Jainkoaren ezta medikuen erabakien menpe egongo, bere bizitza zikloa onartuko baitu eta heriotzarekin topo egin nahiko balu, bere erabaki arduratsuaren ondorioa izango da.

Zibilizazioa ez da naturatik aldenduta dagoen jendartea izango. Helmugarik gabe eta korrika doan jendartea zentzugabea izendatua izango da. Jaioberriak, osasuntsua izango denez eta ondokoen osasuna zainduko duenez, ez du zabor askorik sortuko eta ez da horiek erreta arazoa amaituko duela pentsatzeko bezain ergela izango.

Inozoak ez dira existituko eta beraz ez da bizi baldintzak okertzen dituzten inozoengatik gobernatua izango. Mundua koloreko jendearekin osatua dagoenez, kolore guztiak onartuko ditu berea izango balitz bezala. Berak ere, inozoa ez denez, ez ditu hizkuntzak desagertzen utziko, horiek ere bere parte direlako eta koloretako mundua eraikitzen dutelako. Ondokoa maitatuko du, bere orientazio sexualei zein generoari erreparatu gabe.

Prest al zaude erditze berrirako? Bultza gogor orduan, zu baitzara izaki berriaren gurasoa.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07