Gurasoontzat konfinamendu egoera honetan haurrak zentralitate ia osoa hartu dutelako gure egunerokotasunean, baina agintarientzat (izan Espainiako ala batzokiko) existituko ez balira jokatzen ari direlako. Orain behintzat badakigu zergatik izan daitekeen, Jaurlaritzaren lehen fasera sartzeko fartsaren jokaldiari esker: lan asalariatu eta kontsumoa bermatzea dute ardatz neurri eta murrizketa guztiek. Eta haurrak horretan ez daudenez, 23 orduz etxean sartuta jarrai dezatela. Baina, lasai, orain 60 minutu horiek etxetik kilometro batera baino urrunago dagoen taberna batean eman ditzakete umeek ere.
Umeak 43 egunez etxean preso izan zituen Espainiako Gobernuak eta horregatik kritika gogorrak jaso zituen. Orain Jaurlaritzak ikuspegi helduzentrista berari eutsi dio eta, zaila zirudiena lortu du, beste zenbait arlotan are ikuspegi zigor eta murriztaileagoa ezarri du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gaurtik aurrera, helduok nahieran eta nahi beste ordu mugi eta egon daitezke aire zabalean lanera joateko edo kontsumitzeko baldin bada. Ordutegirik ez duzu lan egin, supermerkatuan erosi, bankura joan edota 06:00etatik 23:00ak arte tabernetako terrazan garagardoak edaten egoteko. Hau da, dirua gastatzeko eta lan asalariatua baldin badituzu, konfinamenduaren debeku nagusiak iraganeko kontuak izango dira zuretzat. Horregatik, liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak egiten dituzten lokalak ere itxita, krisi garaietan kultura zertarako, ezta?. Kirola bai, noski. Baina, kasu, korrika ez den aire zabaleko beste zerbait egin nahi baduzu, kirol klub pribatuak irekita izango dituzu, polikiroldegi publikoek itxita jarraituko baitute.
Hauxe da Euskal Oasiko “normaltasun berria”. Baina zerbait falta da, ezta? Eta umeak?
Lan egiteko eta kontsumitzeko edadea ez baduzu, orain arte bezala jarraituko duzu. 14 urtetik beherako pertsona bazara, ez zara existitzen. 60 minutuz kalera ateratzeko aukera izango duzu zuk eta zure zaintza eta heziketaren ardura (orain osoa, eskolak itxi eta harreman sozialak murriztu zituztenetik) dituztenak. Baina hori bai, Teleberrian aurrerapauso gisa saldu duten gisan: “gurasoek erabakiko dute ordubete hori taberna bateko terrazan ala plaza batean jolasten eman nahi duten”. Esaldia ez al da poesia hutsa, helduzentrismoari egindako olerkia?
Egiari zor, aldaketak egon badaude. Orain kilometro batera baino urrunago joan eta itzul zaitezke 60 minutu horietan. Paseoan baino, umeek korrika egiteko gonbita, ote? Helduen kasuan, alboko herrira joan daitezke, lasterka, bizikletan edo menditik oinez. Senideak ikusteko, ez haurrek ez helduek. Kirol pribatua, kontsumoa eta lana. Eta honi guztiari gehitzen badiozu Trebiñukoa zarela, txistearen amaiera are hobea da.
Umeak ez dira existitzen, ezta zaintza lanak ere. Telelana, bai.
Umeek, momentuz behintzat, ez dute lan egiten, baina lana ematen dute. Eta edadearen arabera, ez edonolakoa gainera. Orain jarduera ekonomikoa berraktibatu nahi dute, jende guztiak nola edo hala lan egin eta kontsumitu dezan erraztasunak ematen ari dira. Eta bien bitartean, beste batzuek, askok, telelanean jarraitzen dute, eta beste askok ere zaintzen jarraitzen dugu, inork jakin gabe nola egingo dugun bizitza “produktiboa” eta zaintza batera mantentzeko, gizartearen eta generoaren arteko arrakala are gehiago handitzearen kontura ez bada noski.
Ondo baino hobeto dakite hori umeen zaintza eta telelana uztartzen ari denak edota kidea lantokian den bitartean bakarrik egun osoz umeen kargu dagoenak. Horren emaitza da, osasun mentala kaltetzeaz gain, askok aiton eta amonengana bideratu behar izatea, egun horrek dakarren arriskuarekin. Umeak ez dira existitzen ez deskonfinamenduan ezta haren zaintza lanak ere.
Beraz, umeak etxean egotera behartuta egoteaz gain, fisikoki eta psikikoki horrek dakarren guztiarekin, etxe barruko panorama ere ez da egokiena.
Konfinamendua hasi eta ia bi hilabetera, zenbait ikerketen arabera, handitu egin da genero-arrakala: etxeetan zaintza-karga esponentzialki hazi da, eta gizonen parte-hartzea handitu bada ere, emakumeek hartzen dituzte zeregin gehienak, lan-malgutasunaren kontura.
Lehen egunetik, zenbait gizon eta emakume asko (bai, gauza batzuk ez dira aldatzen “normaltasun berrian”) eszedentziak hartzen, soldatarik gabeko baimenak hartzen edo lanari zuzenean uko egite. Edo, sarean hainbatek salatu duen bezala, seme-alabak etxean bakarrik utzita, beren lanpostura itzultzeko agindua jasotzean.
Zaintza eta kontziliazio hitzak ez dira inon agertzen lana eta kontsumoa ardatz dituzten politiketan. Gehiago dakigu terrazetan nola elkartu, aldi berean lana egin eta 23 orduz etxean sartuta egotera behartzen dutenen zaintza nola egingo dugun baino.
The post Umeek lan egin edo kontsumitzen ez dutenez, berriro baztertuak: 23 ordu etxean appeared first on :: begizta.net ::.