blogak

Begizta

Nork ospatzen du konkista?

Hispanitatearen Eguna heldu da, Arrazaren Eguna. Hego Euskal Herrian herritar gehienak ez doaz lanera, “jai eguna” delako, Espainian soldaduak eta tankeak kalera ateratzen dituzte eta Ameriketan Espainiako armada horren zerbitzura aritu zirenen omenezko estatuak eraisten jarraitzen dute.

Aurtengoan ere Espainiako eskuinek baliatu dute hizkuntza koloniala haizatzeko. Oraingoan Amerikako “aurkikuntzan” Espainiako Inperioak egindako “lan ebanjelizatzailea” loriatu dute, eta bide batez, Amerikako konkistan egindakoengatik “barkamena” eskatu duen Aita Santuari komunista deitu diote, egun arruntetan homosexualitatea eta abortua gaitzat jotzen dituen hori.

Ohikoa da gai hau iraganeko zerbait bezala jorratzea. Duela bost mende gertatu zenari buruz, tirabira historiko-intelektuala bailitzan. Baina kolonialismoaz berba egiteko, inoiz moztu ez den zilbor hesteaz aritu behar dugu. Amerikaren kasuan, gaur egun herrialdeetako gidaritza maneiatzen dituzten eliteez hitz egin behar dugu eta haiek Mendebaldearekin dituzten odoleko loturez. 500 urte asko dira, baina amon-aitonak zaintzen ari direnaren azal koloreari begiratuz gero, erraz heltzen da kolonitatearen katearen azken begira. Diskurtso inperialistak ez dira iraganarekiko nostalgiak bultzatuta erabiltzen, hemen eta orain politika egiteko baizik. Espainiako kasuan are agerikoa da, eskuinak pozik dira jakin badakitelako ezkerrak deseroso sentitzen direla haien proiektu geopolitikoaren iragan inperialaz hitz egin behar dutenean.

Bien bitartean, euskaldunok, herri gisa dagozkigun eskubideak ukatuak ditugun heinean, erosoagoa zaigu Espainia eta Frantziaren proiektu inperialak munduan barrena egindako astakeriak salatzea. Gu ere herri zapaldua garelako, nahiz eta herriko seme kuttunak diren Espainiako Inperio horren beraren babespean dirua, boterea eta ospea lortu dituzten asko. Arrazoia sinplea da: kolonizatzailerik ez da hemen, “guk” ez baitugu ezer konkistatu. Menderik mende testuinguruari egokitzen asmatu duen herria da “gurea”, salbuespen gutxi batzuk kenduta, mundura zabalik aritu diren enpresariz, merkatariz, humanistaz eta munduko nabigatzailerik onenez josia. Denak gizonak, denak zuriak, denak “gureak”.

Gure burua ulertzeko ikuskera bitarra tresna kamutsa dela irakatsi digu feminismoak. Ezkerreko militantea eta matxista izan gaitezke aldi berean, erasotzaile eta biktima, zapaldua eta zapaltzailea. Ispilu aurrean jarri eta norberaren ahuldade eta pribilegioei parez pare begiratzea ariketa osasuntsua da, “besteen pare” izan nahiak edo tradizioak ezkutarazten dituenak hobeto argitzeko.

Mendeurren garaiotan, Sevillan esklaboen salerosketan edo Espainiako Inperioarentzat lur eta baliabide gehiago bereganatzen aritu ziren euskaldunen artean euskaraz mintzo zirela azpimarratzea interesgarriagoa zaigu, halere. Herri bat garelako. Herri negazionista, akaso?

The post Nork ospatzen du konkista? appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07