blogak

Begizta

Lula bueltan da, baina Bolsonarok bizirik jarraitzen du

Langileen Alderdiko hautagai Luis Inacio Lula da Silva irabazi du Brasilgo hauteskundeen lehen itzulia, botoen %48,43 eskuratuta. Egungo presidente Jair Bolsonaro ultraeskuindarra bigarren lotu da %43,20ko babesarekin.

Garaipena lortu du hautagai ezkertiarrak, baina bati baino gehiagori pozarekin batera atsekabea ere eragin dio, izan ere Lulak ez duenez botoen erdia baino gehiago lortu –zenbait inkestak iradoki zuenaren kontrara–, bigarren itzulia egin beharko dute Bolsonaro eta Lula buruz buru. Orain bi hautagaiek zeharka begiratzen diete hirugarren alderdirik bozkatuena izan denaren botoei (%4,26): Simone Tebet buru duen Brasilgo Mugimendu Demokratikoa (MDB), alderdi kontserbadorez osatutako blokea.

Lula espetxeratu zuen epaile senatari

Seigarren aldia da hau Lula da Silva presidente izateko aurkeztu dena, eta bigarren itzulian irabaziz gero bere hirugarren agintaldia izango litzateke. Lula zortzi urtez presidente izan zen, 2003tik 2010era. Bere lekua okupatu zuen Dilma Roussef alderdikideak 2016ra arte. Lularen karrera politikoa 2017an eten zen. Urte hartako uztailean, Sérgio Moro epaileak bederatzi urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion, Brasilgo historian lehen aldia izan zen presidente ohi bat ustelkeria pasiboagatik kondenatu zutena. Horregatik ezin izan zen 2018ko hauteskundeetara aurkeztu. Orduan izan zen Bolsonaro garaile. Lulak 19 hilabete eman zituen kartzelan, eta 2021eko martxoaren 8an, Gorte Goreneko epaileetako batek Lularen aurkako epai guztiak baliogabetu zituen.

Lula zigortu zuen epaileak, Sergio Morok, karrera politikoa egin zuen epai mediatiko horren ostean: Jair Bolsonarok Justizia ministro bihurtu zuen 2018ko hauteskundeak irabazi eta berehala. Bi urte eta gero kargua utzi zuen Bolsonarori kritika gogorrak eginez. Azken hauteskunde hauetan Unión Brasil alderdi eskuindarrarekin hartu du parte Sergio Morok, eta Paranako estatuko botoen %33,51ren babesarekin Brasilgo Senatuko kide izango da aurrerantzean.

Langileen Alderdia gobernatu zuen urteetan eskuinak ez zuen presentzia handirik espazio publikoan. Baina hori guztia pixkanaka aldatzen hasi zen Lularen aurkako salaketa judizialekin eta haren oinordeko Dilmaren kontrako impeachment-arekin. “Orain eskuina benetako jokalaria da. Jada ez da Lularen lehen agintaldietan ikusi genuen eskuin parlamentario eta enpresarial hori; gaur egun, kaleak hartzen dituen eskuina dugu, eta haren zati bat erradikalizatzen ari da”, dio Alexandre de Almeidak, Gizarte Historian doktore eta Extrema Dereita Behatokiko kideak.

Argazkia: Eraldo Peres – AP

 

Bolsonaroren legatu bortitza

Politika neoliberalak, polarizazioa, armak eta gorroto-delituak dira lau urte hauetako gobernu ultraeskuindarraren ondarearen parte, sektore katoliko eta ebanjelikoetan oinarri militantea izan duena, “Jainkoa, familia eta askatasuna” leloari helduta.

Hamar pertsonatik zazpik beldur diote indarkeria politikoa jasateari, Violência e democracia: panorama brasileiro pré-eleições 2022 txostenaren arabera. Aurtengo lehen seihilekoan bakarrik, SaferNet GKEaren arabera, 23.947 gorroto-delitu salatu dituzte Brasilen, 2021eko aldi berean baino %67,5 gehiago. Gaur egun, arma gehiago dago zibilen eskuetan, estatuaren menpeko erakundeen eskuetan baino, Brasilgo Segurtasun Publikoaren Urtekariaren datuen arabera. 2019an, zibilen 197.390 arma zeuden erregistratuta; 2022ko ekainaren amaieran, kopurua hiru aldiz handiagoa zen: 673.818. Bolsonaro presidenteak sarritan egin die dei herritarrei armak hartzeko, “Herri armatua inoiz ez da esklabo izango” lelopean. Giro bortitz horrek aurpegirik ilunena erakutsi du Amazonian. Baso-soiltzeak, legez kanpoko meatzaritzak, ustelkeriak, krimen antolatuak eta milizien presentziak legerik gabeko lur bihurtu dute. Brasilgo gainerako eskualdeek baino indarkeria kasu gehiago (%38) gertatu dira han, aipatutako urtekariaren datuen arabera.

Kanpainan, Bolsonarok “Ongiaren borroka gaizkiaren aurka” gisa planteatu ditu hauteskundeak, bere burua balio kontserbadore eta kristauen salbatzaile gisa aurkeztuta, eta Lula, Venezuelakoa bezalako sozialismorantz eraman dezakeen “lapur” gisa jarrita.

Hurrengo lau urteetan Brasilgo gizarte polarizatuaren goi mandatari zein izango den erabakiko dute urriaren 30ean bozka eskubidea duten 156 bat milioi brasildarrek. Herrialdean ezezik, kontinente osoan eragin zuzena izango duen aldaketa politiko eta ekonomikoa (edo jarraipena) dago jokoan.

The post Lula bueltan da, baina Bolsonarok bizirik jarraitzen du appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07