blogak

Begizta

Lehen eta bigarren mailako laguntza humanitarioak

Burkina Faso jasotzen ari den laguntza humanitarioaren %70 egun batetik bestera desagertu liteke, Ukrainako krisiari erantzuteko baliabideak “birbanatzearen ondorioz”. Hori ondorioztatzen da, behintzat, Oxfam, Munduko Medikuak, Gosearen aurkako Ekintza eta Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseilua GKE ezagunen aurreikuspenak irakurriz gero.

GKE horiek argitaratu duten analisiak azpimarratu duenez, azken urteotan Burkina Fasoko 1,7 milioi pertsonak etxetik (eta, beraz, bizibidea) alde egin behar izan du muturreko indarkeriaren ondorioz. Pertsona horiek beste zonalde batzuetan ezarri dira “modu prekarioan”; laguntza humanitarioa ezinbestekoa dute. Erakunde horien kalkuluen arabera, Burkina Fason hiru milioi pertsona daude elikagaiak lortzeko zailtasunak dituztenak. 2021erako 1.700 milioi dolar hitzeman zituzten Afrikako Sahel-erako laguntza humanitariorako, eta 700 baino ez dira iritsi. 2022rako, laguntza eman izan duten herrialde batzuek ohartarazi dute haien ekarpenaren zati bat Ukrainako krisira bideratuko dutela, GKEetako arduradunek gogorarazi dutenez. Laburbilduz, Mendebaldearen promesak ez dira betetzen, Afrikaren premiak handitu egiten dira, eta baliabideak, oro har, murriztuz doaz.

Ez da ahaztu behar urtarrilaren 24an batzar militar batek hartu zuela boterea Burkina Fason, azken urte eta erdian Malik eta Gineako Errepublikak hartutako ereduari helduta: militarrak agintean, estatu kolpe (ustez) ez odoltsu baten ondoren eta herritar batzuen babesarekin.

Juan Agulló analistak dioenez, Burkina Fasoko estatu kolpearen oinarrian tokiko Al-Qaedaren aurkako gerra eta Sahel eskualde osoan dagoen ezegonkortasun geopolitikoa daude. Ezegonkortasun hori antzinako buruzagi kolonialen ekintzek areagotu dute. 2014az geroztik, Frantziak “terrorismoaren aurkako” Barkhane misio militarra martxan du Burkinan eta inguruko herrialdeetan. Urteen poderioz herritarren artean eragindako menpekotasun irudipenak nahigabe handia eragin du.

Frantzia, ofizialki, joan den mendeko 1950eko hamarkadatik 1960ko hamarkadara bitartean irten zen Afrikatik, gogoz kontra. Mende erdi geroago, baina, oraindik egitura politiko, ekonomiko eta kulturala salbatzea lortu du, bere burua bere kolonia ohien zaindari gisa aurkeztuta, pragmatismoaren eta neokolonialismoaren izenean. Emmanuel Macronek hala azaldu zuen 2018an: “Mundializazioarekin, Frantziaren interesak ez dira mugatzen gure mugetara. Badakigu, gure lurraldea defenditzeko, batzuetan hemendik urruti borrokatu behar dela, Ekialde Hurbiletik Sahelera.”.

Laguntza humanitarioa eta esku-hartze militarrak batera datoz. Sarri, lehen kolonizatu zituena, orain laguntza ematera (eta ukatzera) doakie. Afrikan klasiko bat, oso bizirik jarraitzen duena.

The post Lehen eta bigarren mailako laguntza humanitarioak appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07