blogak

Begizta

Kolonbia, historia egiteko prest

Gustavo Petrok irabazi egin du botoen %40,32rekin Kolonbiako hauteskundeen lehen itzulia. Inkestek aurreikusi bezala, alde handiz lortu du garaipena, baina ez behar bezain zabala ekainaren 19ko bigarren itzulia saihesteko.

Sorpresa izan da Petrok ez duela aurrean izango Kolonbiako azken 20 urteetako aktore politiko nagusia: uribismoa –terminoak Alvaro Uribe Velez presidente neoliberal ohiari egiten dio erreferentzia, narkotrafikoa eta paramilitarismoarekin lotutakoa–. Elite ekonomikoen eta komunikabide nagusien babesa izanik ere, Federico Gutierrez uribista lehiatik kanpo geratu da (%23,91), Ivan Duqueren aurreko gobernuaren kudeaketak, protesta sozialen aurkako errepresioak, Bake Akordioen ezarpenaren porrotak eta pandemiaren kudeaketak eraginda, ziurrenik.

Petro neurtuko ditu indarra eskuineko populista Rodolfo Hernandezen (% 28,15) aurka. Trumpzaleen estiloa duen hautagaiak, aipu aurrerakoiren bat tartekatzen du eskuin muturreko ikuspegi nagusiak biltzen dituen hizkera eta diskurtso bizietan. Bere kanpainaren ardatz nagusia “politikeria eta ustelkeriaren” aurkako borroka izan da. Petro inolaz ere boterean ikusi nahi ez duten uribisten eta elite ekonomikoen laguntza izango du Hernandezek bigarren itzulian.

Gustavo Petro hala definitu du Nikolas Yepes irakasle eta analista politikoak, hauteskunde kanpainako diskurtsoa aztertuta: demokrata liberala politikan, keynesiar sozialdemokrata ekonomian, pluralista ekologista gizartean eta katolikoa arlo espiritualean. Baina, era berean, Petrok aho bizarrik gabe gabe adierazi du Kolonbiako pertsona eta enpresa aberatsenen aldeko politikak eraldatu nahi dituela, talde mediatikoen jabeetatik hasita. Etxalde handien lurrak eman (edo itzuli) nahi dizkie nekazariei. Uribismoaren oinarri sozial nagusietako bat izan dira lur jabe handiak.

Aberatsen interesen aurkaritzat jo du bere burua Petrok, eta hori arrisku handiko kirola da Kolonbian, hango eliteak hiltzaileak baitira. Luis Carlos Galán, Jorge Gaitán eta beste politikari presidentegai batzuk hil dituzte azken hamarkadetan. Eta zer esanik ez indar paramilitarrek erail edo desagertutakoen zerrenda izugarria: militante sozialak, indigenak, sindikalak…

Kolonbia da politika neoliberalen adierazlerik handienetako bat Amerikan, baita AEBetako politika inperialisten bazkiderik onena ere – Kolonbia Plana edo Venezuelako gobernuen aurkako guda zikina, kasu–.Beste modu grafikoago batean esanda, munduko kokaina-ekoizle handiena da munduko kontsumitzaile handienaren aliatu nagusia zonaldean.

Hori dela eta, ezkerreko hainbat erakundek babesten duten hautagaiaren garaipena zerbait historikoa izango litzateke Kolonbian. Irakurri besterik ez dago Sandra Ramirezen hitzak, Komunen alderdiko senataria, FARCen aritutakoa 20 urte baino gehiagoz, Manuel Marulanda ‘Tirofijo’ gerrillari historikoarekin batera: “Itxaropen handia dut Petroren garaipenean jarrita. Kolonbiak 200 urte baino gehiago daramatza indarkeriaren, mafiaren eta ustelkeriaren bidez gobernatu duen klase politikoaren eskuetan. Bezerokeriaren eta politikeriaren bidez agindu dute, oposizio politikoa gaizki tratatuz eta hilez. Benetan uste dut hau aukera historikoa dela hori aldatzeko. Ez da bat, bi edo hiru urte barru izango, oraintxe bertan daukagu aukera”.

Hurrengo bi asteak tentsio handikoak izango dira Kolonbian.

The post Kolonbia, historia egiteko prest appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07