blogak

Begizta

Israel, Apartheidetik harago

Sadikoa, mendekuzalea, hiltzailea… Nahi beste adjektibo atxiki dakioke palestinarrak azpiratzeko Israelek urtez urte perfekzionatu duen estatu-politikari. Harrigarria ere aipa genezake. Areago  joatea ezinezkoa dirudienean, Israelek katea gehiago estutzeko duen gaitasunagatik. Sentsazio hori barreiatu da pasa den astean. Gazako herritarren aurkako enegarren sarraskiaren zauriak bizirik  daudela –1.900 hildako eta 10.000  auritu inguru–, Israelgo Parlamentuak onartu duen lege berriak harrotu ditu hautsak. Israel juduentzat, eta juduentzat bakarrik, osatutako estatua dela  lege bilakatu dute. Aldeko 62 bozka, kontrako 55 eta 2 abstentziorekin. Hala, juduei esklusibitatean onartu die autodeterminazio eskubidea, koloniak egiteari “balio nazionala” eman eta sustatu eta garatu behar den politika dela dio eta arabiera hizkuntzari ofizialtasuna kendu diote, besteak beste. Estatuaren muinetik at utzi dituzte kristauak, drusoak, beduinoak eta, bereziki, Israelgo herritarren %21 diren palestinarrak. “Sionismoaren historian garai erabakigarria”, adierazi du lehen ministro Benjamin Netanyahuk.
Legearekiko kritiko azaldu direnen artean, asko dira Israel “Apardheida” dela salatu dutenak. Ohiko makulua da gobernu sionista definitzeko Hegoafrikako gobernu zuriak, 1948tik 1990era,  herritar beltzen aurka ezarritako erregimen sozio-politikoari erreferentzia egitea. Hor sortu zen Apartheid hitza, afrikaansez “arrazaren araberako bereizketa”. Apartheidaren amaieran zeresan  handia izan zuen nazioarteko boikot deialdi arrakastatsua ere, Israeli Boikot kanpainaren ispilu izan da. Askotarikoak dira bi erregimenen arteko paralelismoak, baina agerikoa da sionismoak gainditu duela Hegoafrikako supremazisten langa. Noam Chomsky hizkuntzalari eta aktibistak Israel eta Hegoafrikako egoerak oinarrian zertan diren pareko azpimarratu du: “1958an AEBetako enbaxadoreari ondorengoa adierazi zion Apartheidaren Gobernuak: ‘Estatu paria bilakatzen ari gara, Nazio Batuetan asko eta asko gure kontra bozkatzen ari dira. Isolatzen ari gara. Baina horrek ez du axola, inporta duen boto bakarra zuena delako. Zuen babesa dugun heinean, ez du ardura zer egiten duten munduko gainerako herrialdeek’”. Eta ez zen oker. Ondorengo urteetan Apartheida handitu eta garatu zuten, beste 30 urtez. “AEBetako plutokraziaren jarrera aldarazi gabe, Hegoafrikan edo Timorren gertatu bezala, ia ezinezkoa izango da palestinarren egoera aldatzea”. Israelen indarkeriari Apartheid deitzea sionismoari opari egitea dela dio Chomskyk, “bien artean funtsezko ezberdintasun bat dagoelako: Hegoafrikako gobernu arrazistak populazio beltza behar zuen,  bere lan-indarra herrialdearen %85 zen. eta Israelek, aldiz, palestinarrak ez ditu behar, herrialdetik kanpora nahi ditu edo, gehien jota, espetxean”. Izena duen guztia omen denez, has gaitezen bada Israelgo Gobernuaren politika demofobiko eta arrazistei izen eta abizen egokiak jartzen.

The post Israel, Apartheidetik harago appeared first on :: begizta.net ::.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07