blogak

Begizta

Homosexualak, Eliza Katolikoaren beste jostailu bat

Flandriako zenbait gotzainek onartu du dokumentu batean elizetan bi pertsona homosexualek “otoitz une bat” egitea, “Jainkoarekiko eta besteekiko konpromisoa” adierazi eta komunitateak ere otoitz egin dezan “Jainkoaren graziak haien alde egin dezan”. Sexu bereko bikoteak aintzat hartzen dituen Eliza Katolikoaren lehen agiritzat jo du askok. Hori bai, polemika eragin ostean berehala “testuinguruan” kokatu nahi izan dute gotzainek, eta argi utzi ezin dela inola ere alderatu heterosexualekiko duten jarrerarekin: “Ez da bikote gayen bedeinkazioa, ezkontzeko zeremonia baten antzik ez duen otoitza da”, adierazi du Tommy Scholtesek, Belgikako gotzainen bozeramaile frankofonoak.

Dena dela, Vatikanoaren araudiarekiko bestelako jarrera da. Iazko maiatzean argitaratu zuten Fedearen Doktrinako araudian apaiz katolikoei debekatu zieten sexu bereko bikoteak bedeinkatzea, “Elizak ezin baitu bekatu bat bedeinkatu”. Hori dio Eliza Katoliko Apostoliko eta Erromatar horrek, mendeetako lan eskergaren ondoren, pederastia eta sexu-abusu kasu gehien (gehienak gizonen artekoak) egin dituen munduko talde antolaturik handiena bihurtu denak, duela oso gutxira arte erabateko zigorgabetasunaz egiten zuenak.

Bere sotana eta super botereak Alacantera eraman aurretik, Gipuzkoako katolikoen ordezkari goren José Ignacio Munillak publikoki zioen berak bi pertsona homosexual “sendatu zituela”. “Gaixotasun” hori orain Flandrian bedeinkatu egiten dute, eta Kuban lege guztietatik kanpo nahi dute.

Izan ere, kubatarrek igandean homosexualen ezkontza edo genero bereko bikoteek adoptatzea baimenduko duen legeaz bozkatu eta onartu dute –bai, oraindik ere eskubideak bozkatzen dira–. Erreferendum loteslea egin dute Familien gaineko Kode berriaren inguruan, hauteslegoaren %69k hartu du parte eta ia lau milioi kubatarrek (%66.87) babestu dute arau berria. Legearen aurkako kanpainarik gogorrenaren egileak Eliza Katolikoa eta haren ordezkariak izan dira. Kariben ere Eliza balore atzerakoienen gotorleku historikoa da, eta gure inguruan neofaxistek darabiltzaten terminoak erabiltzen dituzte. Adibidez, Kubako gotzainek irailaren erdialdean argitaratu zuten komunikatuan “genero ideologiaz” mintzo ziren, familientzat zeinen arriskutsua den azpimarratuz. Aho bilorik gabe adierazi zuten “naturala” dena gizonaren eta emakumearen arteko ezkontza dela, “Sortzailearen jatorrizko plana hori baita”.

Tokian tokiko jarrerak jarrera, lehen bezala orain ere, bere burua moldatzen jarraitzen du sistema heteropatriarkaletik kanpo dagoen pertsona oro sistematikoki baztertu duen multinazionalik handienak. Negozioak jarraitu egin behar du, eta “jarrera sodomitak” izateagatik lehen bizirik erretzen zituztenak orain eliza gutxi batzuetan pixka bat bedeinkatu behar izatea, zer da ba?

The post Homosexualak, Eliza Katolikoaren beste jostailu bat appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07