blogak

Begizta

Gerrak gerra du maite

Munduko gastu militarra bi bilioi dolarretik gorakoa izan da 2021ean, Stockholmeko Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuaren datuen arabera. Etengabe hazten eta puzten ari den arlo belikoan inoiz izandako zifrarik altuena da. Armatara diru gehien bideratzen duten herrialdeen rankingean buru AEBak daude. Datua ikaragarria da: munduan gerrarako tresnetan gastatzen den diruaren ia %40 haiena da.

Lasterketa armamentistiko berriak, militarismoak eta “etengabeko segurtasunaren” beharrak zabaltzen jarraitzen dute 2022 honetan. Adibide adierazgarria da Suedia eta Finlandia bezalako bi herrialde munduko erakunde militar nagusietako batean –NATO– sartzeko prozesu betean egotea. Orain arte neutralak izan diren bi estatu dira, errefuxiatu politikoei asilo eta laguntza ematen eskarmentu handia dutenak, baita gatazka armatuetan bitartekaritzan egindako lanetan ere. Finlandiako Gobernuak 2007an sustatutako inkesta batek erakutsi zuen finlandiarren ia %70ek errefusatu egiten zutela NATOn sartzea. Gerra bat haien mugetatik gertuago ikusteak aldatu egin du panorama.

Bestalde, Europar Batasuneko potentzia ekonomikorik handieneko parlamentuak aste honetan onartu du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemania “berrarmatzeko planik” handiena. Parlamentari gehienek ez dute eragozpenik izan Konstituzioa aldatzeko ere, eta hala, “Alemaniako armadaren gaitasunak hobetzeko” 100.000 milioi euroko funtsa sortuko dute. Defentsaren urteko gastua 20.000 milioi eurotan handitzeko baliatuko dute, urteko 70.000 milioi euroraino. Hori ez da izan Alemaniak militarizazioaren alde egin duen aldaketa bakarra: armak esportatzeko politika murriztaileei ere amaiera eman zieten ukrainiarren lubakiak pistolaz, bonbaz eta tankez betetzeko.

Berrarmatze masibo horrek ateak ireki dizkio Alemaniari Europako potentzia militarrik handiena eta munduko hirugarrena bihurtzeko, AEBen eta Txinaren atzetik. Militarismoari eta industria militarrari emandako aupada sozialdemokratek (SPD), liberalek (FDP) eta berdeek adostu izana oso adierazgarria da. Bai, ekologismoa eta munduaren jasangarritasunaren aldeko politikak oinarri dituen alderdi batek gizakiak elkar hiltzeko eta mutilatzeko arma hobeak erostea hobetsi du. Eta jakina, oposizioan dauden indar atzerakoiek ere erabakia babestu dute, txalo artean. Alemaniako sozialdemokratek, SPDko Nils Schmiden hitzetan, ondo jaso dute Europan gailentzen ari den ikuspegia: “Errusiarekiko elkarrizketak eta lankidetzak ez dute funtzionatu. Segurtasunaren aro berri batean sartu gara Europan”. Alegia, gerrari aurre egiteko zer hobe arma eta soldadu gehiago baino?

The post Gerrak gerra du maite appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07