blogak

Begizta

Ekuadorren berriz ekinean

Bi aste bete dira Ekuadorren Nazionalitate Indigenen Konfederazioak (Conaie) grebara eta mobilizatzera deitu zuenetik. Lehen protesta masiboa da Guillermo Lasso presidentea 2021eko maiatzean boterera iritsi zenetik.

1986an sortu zen Conaie eta ordutik altxamendu sozialen buru izan da. Pablo Ospina kazetariak dioenez, nahiz eta batzuetan barne-gatazkak eta apustu politiko kontrajarriak izan, indigenen mugimenduaren erakunde nagusiak egun hauetan berriz ere erakutsi du bere indarra eta indigenak ez diren sektoreak elkartzeko gaitasuna –ikasleak, mugimendu sindikalak, feministak… indigenek hasitako protestara batu dira–. Conaie sare deszentralizatua da, gutxienez 2.000 antolakunde biltzen ditu eta bere pisu politikoari eusten dio Pachakutik mugimenduaren bitartez.

Ekuadorko gobernu neoliberalen aurkako eragile nagusietako bat izan da, baita ezkerreko oposizioa ere Rafael Correaren gobernu aurrekoiaren garaietan, batez ere nekazaritzari, uraren erabilerari eta estraktibismoaren aurkako erresistentziari zegokienean. Yaku Pérez Guartambel da bere presidentegaia, 2021eko azken hauteskundeetan bigarren itzulira pasatzeko zorian egon zena. Elite ekonomikoen ordezkariek, Lasso buru, irabazi zituzten hauteskunde horiek, nagusiki gainerako aukeren zatiketagatik. Egin kontu, Lassok botoen %19,74 lortu zuen lehen itzulian eta Yaku Perezek %19,39. Baina bigarren itzulian eskuindarrek Lassoren bueltan kontzentratu zuen botoa.

Argazkia: AP

Egungo protestak 2019an hasitakoen jarraipena dira, Lenin Moreno presidentea erregaien gaineko dirulaguntza kentzen saiatu zenean piztutakoak. Gaurko eskaera nagusiak dira erregaien prezioa murriztea eta lau milioi nekazari-familiak bankuekin dituzten zorrak barkatzea. Oinarrizko produktuei prezioak kontrolatzea, nekazarien lan-baldintzak hobetzea eta meatzaritzaren hedapena geldiaraztea ere eskatu dituzte.

Inflazioa eta prezioen igoera etengabeak diren arren, gobernuak dio ez dagoela protestarako arrazoirik, eta bere erantzuna izan da espazio publikoaren militarizazioa eta sei probintziatan salbuespen-egoera ezartzea joan den larunbatera arte.

Errepideak eta Quito hiriburuko sarbideak blokeatu dituzte manifestariek. Poliziekin izandako liskarretan sei manifestari hil dituzte (asteburuko zifrak) eta ehunka zauritu eta atxilotu. Horietako bat Conaieko presidente Leonidas Iza da; lanuzte nazionaleko bigarren egunean atxilotu zuten. Lassok berak ez du inoiz ezkutatu haren aurkako gorrotoa. Hala zioen presidenteak abenduan: “Leonidas Iza anarkista bat da, estatuko botere guztiarekin egingo diogu aurre. Kartzelan amaituko du”.

Jatorrizko herri eta nazionalitate indigenak buru, protestek erakutsi dute, berriz ere, politika ekonomiko baztertzaile eta elitistarekiko haserre orokortua. Eta hori ez da neurri txikiekin baretzen.

Argazkia: Dolores Ochoa – AP

The post Ekuadorren berriz ekinean appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07