blogak

Begizta

1.734.000

AEBetako mugazainek 1.734.000 pertsona atzeman dituzte Mexikoko mugan 2020ko urritik 2021eko irailera bitartean, AEBetako Aduana eta Mugazaintza Bulegoaren datuen arabera. Horietatik, milioi bat baino gehiago Mexikora bueltan edo beren jatorrizko herrialdeetara egotzi zituzten.

1960eko hamarkadan erregistroak egiten hasi zirenetik, inoizko kopururik handiena da. 2019-2020 artean atxilotutakoak baino 177.000 lagun gehiago eta duela bi urte baino %77 gehiago.
Atxilotuen artean %40 mexikarrak dira, 319.324 hondurastarrak (%18.4), 283.035 Guatemalakoak (%16.3) eta 98.690 El Salvadorrekoak (%5.68). 160 herrialde baino gehiagokoa da gainerako migratzaileen (%21.79) jatorria. Aldi horretan atxilotutako pertsona gehienak (1.105.925) bakarrik bidaiatzen ari ziren helduak ziren, eta mugan bakarrik zeuden adingabeak 146.925 izan ziren. Haur horietatik ia 11.000 AEBetako Gobernuaren zaintzapean zeuden urriaren amaieran.

AEBetara joateko pertsona horien arrazoi nagusia berbera da azterketa guztien arabera: muturreko pobrezia. Baita, beste neurri batean, indarkeria eta aurretik migratutako senideekin elkartzeko nahia ere.

Egoera ezbairik gabe okertu egin da, eta hori gertatu da Trump agintean izan gabe eta Mexikoko Gobernuan ezkerreko buruzagia izanik, Andres Manuel López Obrador.

Joe Bidenek hauteskundeetan immigrazio-politika “gizatiarragoa” ezarriko zuela agindu zuen arren, Mexikoko eta AEBetako mugak itxita jarraitzen du, migratzaile pobreentzat, prefosta. Eta BBC kateak ekainean argitaratutako ikerketa batek agerian utzi zuenez, atxikitze zentroan migratzaileek sufritzen dituzten baldintzak oso makurrak dira oraindik orain. Texaseko Fort Bliss atxikitze-zentroan sexu-abusuak, COVID-19 agerraldiak, gosea eta zorriak salatu zituzten lan horretan.

Mexikok, berriz, dio irtenbide iraunkorra eta sakona behar dela. El Salvador, Guatemala eta Honduraseko jendea migratzera bultzatzen duten arrazoiak errotik aldatu behar direla, programa sozialak aplikatuz, lanpostuak sortu eta bizi-maila pixkanaka hobetzeko. Epe luzeari begira zentzuzko neurria da, baina, agerian geratu denez, ez da nahikoa egungo migrazio-krisiaren aurrean.

Mexikoko Giza Duintasunerako Zentroko zuzendari Luis García Villagránek La Jornada egunkarian salatu duenez, Mexikoko Migrazio Institutu Nazionaleko agenteek migratzaileen karabanako kideak “hegazti harraparien antzera jazarri, harrapatu eta atxilotzen dituzte”.

AEBetan oraindik ere herritarrak heriotza zigorrera kondenatzen dituzte, eta “delituak” ez dira gutxitu. Bada, migratzaileen aurkako neurriak gogortzeak ere ez du exodoa geldiaraziko. Jaioterria, familia, lagunartea eta babes sarea atzean utzita, eta inoiz bizitzan egingo duen bidaiarik arriskutsuenari aurre egitea, ez baitu inork gustuz egiten, beharraz baizik.

The post 1.734.000 appeared first on Begizta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07