blogak

Baloreak baloratzen

EMOZIOAK


Kaixo irakurle hori!

Sentimenduak eta emozioak pil-pilean dauden momentu honetan, bizitzarako eta besteekiko harremanetarako baliogarria den beste gai bat ekartzen dizugu.

Ziur ez dela termino berria eta askotan entzun duzula, baita erabili ere... EMOZIOAK! Baina, ausartuko zinateke emozioak zer diren azaltzen? Inside out pelikula ikusi baduzu (ez baduzu egin, gomendagarria da oso), oinarrizko emozioak gogoratuko dituzu: poza, haserrea, beldurra, tristura eta nazka. Guzti-guztiak gurekin bizi dira, eta momentuaren arabera, hauetako baten bat agerian egoten da.




Gorago aipatu dugun moduan, gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute. 

Baina, kasu egiten diegu geure emozioei? Arreta jartzen dugu ulertzeko zer esan nahi diguten? Denbora gehiago eman beharko genioke horri, ez duzu uste? 

Horretarako existitzen da adimen emozionala, pertsona batek era orekatuaz emozioak eta sentimenduak adierazteko eta besteenak ulertzeko trebezien multzoa, hain zuzen. Erreza dela uste al duzu?





Aurreko irudian isladatzen den moduan, Adimen Emozionalaren trebetasunak dira emozioak hautemateko gaitasuna, maneiatzearena, emozioak ulertzeko eta adierazteko trebetasuna. Baina mundu guztiak ez daki emozioak maneiatzen, hori ere ikasi egiten da, eta ez egun batetik bestera. Horretaz aparte, ez uste umeen kontua denik bakarrik, nagusiona ere bai. Ez da lan erreza emozioak behar bezala hautematen, erregulatzen eta ondo adierazten. Denbora dexente eskaini behar zaio horri behar bezala kudeatzeko. Hemendik zer edo zer landu dugu ikasturtean zehar, batez ere berdinen arteko gatazkak bideratzen laguntzeko.

Kontuan izan behar dugu ez garela bakarrik bizitzen eta besteekin elkarbizi behar dugula. Zaila da gero! Batez ere emozioek (interpretagarriak direnak) parte hartzen dutenean. Erresilientzia kontua landu genuenean, azaldu genuen guztiok ez dugula berdin jokatzen egoera berdinaren aurrean. Berdina gertatzen da emozioekin, eta gure ingurukoenak kontuan izan behar ditugu ere bai. Beharbada ez ditugu ulertzen, baina zelan sentitzen diren onartzen ikasi behar dugu. Geure emozioetatik hasi eta besteekin ditugun elkarrekintzetan emozioek nola eragiten diguten aztertu behar da. Hau da, besteen zapatetan jartzen saiatu behar dugu, lan erreza ez dena baina elkarbizitzarako baliabide ona!

Ohartu behar dugu ere bai inportantea dela jakitea zer dagokion geure buruari, zeri eman behar diogun garrantzia eta denbora. Hori argi izango bagenu, hobeto joango zitzaigun guztia. Prestatutako bideoa argiago azaltzea eta horretatik martxan jartzeko ondorioak atera ditzazun espero dugu.





Oso argi isladatzen da azalpen honetan zer dagokion bakoitzari eta zeri eman behar diogun garrantzia. Askotan besteek egiten edota esaten dutena indar eta eragin handiegia dauka guregan eta hori saihestu beharko genuke zoriontsu izateko, gauza bakoitza kokatu beharko genuke bere zirkuluan eta ez lirateke nahastu beharko. Beraz, aurrerantzean, arazo baten aurrean gelditu zaitez eta esan zeure buruari zer den zeure ardura eta zer ez. Besteek egiten dutena ezin dugu kontrolatu baina norberarena bai!

Sarrera amaitzear dago eta, gaiaren seriotasuna galdu gabe, zurekin barre egin nahiko genuke, horregatik, gaurko gaiarekin eta aipatutako filmarekin zerikusia duen laburmetraia partekatu nahi dizugu. Agian ikusita daukazu, baina horrela ez bada, disfrutatzea espero dugu:




Ulertu duzu zelan funtzionatzen diren geure emozioak? Oso bideo adierazgarria da horretarako. Ziur zeuri ere horrelako egoera bat suertatu zaizula eta bideoan aipatzen direnak sentitu dituzula. Inportantea da emozioak onartzea eta kudeatzen jakitea, edozein motatakoa noski! Ez da lan makala, ez!

Aurkeztutako guztia baliogarria izan dadila espero dugu, gutxienez pentsatzeko eta konturatzeko sentitzen dugunaz eta besteak zelan sentitu daitezkeen.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07