blogak

Baloreak baloratzen

DNA

Kaixo balorezale!

Aurreko sarreran zientziaren astea ospatu genuenez, eta gure hiriburuetan hainbat ekintza zientifiko antolatu egin direnez, zientzilarien amantala jarri dugu eta hona gatoz Azido Desoxirribonukleikoari buruz (DNA euskaraz) hitz egitera.

Friedrich Miescher mediku suitzarra DNAri buruz lehenengo aurrerapen nabarmenak egin zituen zientzilaria daukagu. 1869ko neguan DNA isolatzea lortu zuen Tubingako Unibertsitatean lan egiten zuenean, hau da, orain dela 148 urte.

Friedrich-en atzetik milaka zientzilarik ikertu dute DNA, baina hurrengo pausu erraldoia 2000. urtean eman zen. 131 urte pasa ondoren, giza genomaren sekuentziaren deskodifikazioan aurrerapen itzela egin zen. Aurkikuntza honi esker, gizakiaren "mapa" egiten hasi ziren zientifikoak, hainbat gaixotasun genetikoren zergatiak eta sendabideak topatzeko tresna baliogarri baino baliogarriagoa izanik.

Filmetan eta telebistako hainbat telesaiotan gaiztoa harrapatzeko oso pista garrantzitsua izaten da DNA. Antza, bere barruan, norberaren "matrikula" dago, hots, bere kode genetikoa. Bai lagun, bakoitzak bere DNA kodea dauka eta ezin da kopiatu. Bikiek ere ez daukate kode bera. Eta ez bakarrik gizakiok, bizirik dauden beste izaki guztiek ere beraien kodea daukate eta, kode horrek, lagun bakoitza bakarra izatea bermatzen du.

Aurreko guztia kontuan hartuta, denok ezberdinak garela argi geratuko zaizulakoan gaude, baina, dakizunez, nahiz eta bakoitzak bere kodea izan, zati bat partekatzen dugu. Horri esker, espezie bateko animalia edo landare guztiak antzekoak dira eta, gizakien kasuan, gauza bera gertatzen zaigu. 

Baina, zer ikusirik dauka gai hau baloreekin? Momentuz zientziaz aritu izan gara baina laster ulertuko duzu zergatik egiten ari garen azalpen hau eta nora iritsi nahi dugun. Hurrengo bideoak aho bete hortz utziko zaituelakoan gaudenez ez dizugu ezer aurreratuko. Goza ezazu!





Eskerrik asko Momondo entrepresari hau bezalako kanpainia egiteagatik. 

Ikaragarria benetan! Hainbat gauza agertzen dira bideo honetan bere protagonistek espero ez zutenak. Zein da gehien harritu zaituena? Joan gaitezen aztertzera:

Hasiera batean guztiek uste zuten nahasgabekoak zirela, %100 islandiarra, ingelesa, frantzesa, bangladeshdarra... Batzuek euren argazki albumak eramaten zituzten frogatzeko haien familien jatorria purua zela. Zure ustez, beraien aurpegiak ikusita, jasotako emaitzak espero zituzten? Nor da ezuste handiagoa jaso duena? Frantziakoa? Kubakoa? Islandiakoa? 

Batzuen ustez, beraien herrialdea onena da, besteena baino inportanteagoa eta besteek baino gehiago merezi duena. Zure iritziz, hau horrela izan beharko zen? Lehenengo eta bigarren mailako jendea egon beharko zen? Gaur egun, tamalez, horrela dela ematen du... Afrikako eta Asiako hainbat herrialderi buruz eta beraien jendeaz inor ez da arduratzen...   

Ingalaterrako gizonak, Jay-k alegia, alemaniarren zalea ez dela aitortzen du, zer nolako aurpegia geratzen zaion bere DNAren %5 alemaniarra dela jakin duenean! Ingeles peto-petoa zen gizon horrek zer dio bideoaren amaieran? Bai horixe! "Leku guztietako Jay nauzue!"; beste batek dio "Munduko gizona naiz". Hori gogoeta polita, ez duzu uste?

Bukatzeko, bi pertsonak, kulturalki etsaiak izan behar omen zirenak, lehengusu-lehengusinak ziren berria jaso zuten. Imagina ezazu zenbat aukera dauden edonon familia izateko! Frantziarrak zioen moduan, DNA froga hau egitea nahitaezkoa izan beharko zen. Horrela, extremismoak eta arraza puruen aldeko pentsamenduak desagertuko ziren, jendearen ikuspuntu zabalagoa eraikitzeko aukera emanez...

Pertsona hauei gertatu zaien moduan, zure DNAn hainbat lekuetako informazioa daramazu. Inoiz gelditu zara nongoa zaren pentsatzeko? Zure arbasoak nongoak ziren jakitea nahiko zenuke? Guk ez dakigu nongoak diren gureak, baina gauza batez ziur gaude: Mundua oso polita da eta berdin zaigu nongoak garen gu edo nongoa zaren zu, ongi etorria izango zarelako beti gure bizitzetara. 

Asteburu ona izan!

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07