blogak

Baloreak baloratzen

BESTE AMAIERA BAT

Kaixo lagun hori:

Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".

Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:




Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan ikusi bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.

ZORIONAK TXAPELDUN!


Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.

Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!

ESKERRIK ASKO!


Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!





Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko!


jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07